Pulpitua agertoki bihurturik

Apirilean irekiko dute Bilbon Harrobia Eskena arte eszenikoen arloko sorkuntza prozesuak osoki babesteko zentroa

Eskena elkarteak eta Bilboko Udalak atzo sinatu zuten zentroa kudeatzeko ituna. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2011ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Bilboko Otxarkoaga auzunean eraiki dute Produkzio Eszeniko Profesionalen Berrikuntza Zentroa izango dena, Harrobia Eskena. Mariaren Izen Santua eliza izandakoan atondu dute. Eta sektoreko 24 konpainia biltzen dituen Eskena elkarteak kudeatuko du, Bilboko Udalarekin hartarako itun bat izenpetu ostean.

Arte eszenikoen sektoreko profesionalentzat izango da zentroa. Eta sorkuntza prozesuaren hasieratik estreinaldira arteko bidean beharrezkoa den laguntza jaso ahal izango dute zentro hartan.Batez ere, antzezlanak prestatzeko aretoak eta baliabideak izango ditu, entsegu gelak eta beharrezko materialak.

Orobat, aholkularitza zerbitzua emango dute, obren kalitatea eta artisten lan baldintza egokiak bermatze aldera. Eta, horretaz gain, enpresa gisa finkatu nahi duten taldeei laguntza eskainiko diete, Bilbo inguruan harrobi sendoa sortzeko asmoz. Sektoreko profesionalen artean jakintzak trukatzeko helburuz ere jardungo dute. Eta ez dute baztertzen artistentzako egonaldiak antolatzea edota bideratzea.

Atzo eguerdian egin zuten ekitaldi instituzionala, eta hainbat agiri sinatu zituzten Iñaki Azkuna alkateak eta Pio Ortiz de Pinedo Eskenako lehendakariak. Kazetari eta sektoreko profesional ugari egon ziren ekitaldian, eta auzo are gehiago. Urtebete baino gutxiago iraun duten lanen ondorio da Harrobia Eskena zentroa, eta bertatik bertara ezagutzeko gonbita onartu egin zuten, ikusmira handiz. «Ezkondu egin nintzen hemen, eta nire bi alabak bataioa jaso eta jaunartzea ere egin zuten hemen», esan zion adinean gorako andre batek lagunari. «Polita geratu da, egia esan behar bada», erantzun zion besteak, Harrobia Eskena zentro berriko eskaileretan behera berriketan zihoazela.

Eskenaren egoitza

Urte bi pasatu dira Eskenak eta Bilboko Udalak Harrobia Eskena zentroa irekitzeaz aurrenekoz hitz egin zutenetik. Eta Ortiz de Pinedo ziur da azpiegitura horrekin konpainiek baldintza «hobe eta duinagoetan» lan egin ahal izango dutela. «Esperantza hori daukagu». Bilboko Udalari «biziki eskertu» zion «eraikina birgaitzeko eta arte eszenikoen zentroa sortzeko eginiko lan eskerga».

2008ko martxoan eskuratu zuen udalak eraikin hura, Bilboko Gotzaindegiarekin akordio bat eginda. Eta lanak Espainiako Gobernuaren E planaren diruarekin finantzatu ditu. Denera, 800.000 euro inbertitu dituzte Mariaren Izen Santua eliza zena Harrobia Eskena bihurtzeko.

Atzo jaunartzea egiteko umeek erabiltzen duten marinel jantzi horietako bat eta apaizek mezatarako erabiltzen duten kapa moduko bat sabaitik eskegita zeuden, foku baten argipean, irudi artistikoan. Gune horren iragana eta orainaren erakusle.

«Hemen ez da emanaldirik izango», argitu zuen Azkunak. «Errendimendu handiko zentro eszenikoa izango da. Hemen egingo dituzte entseguak, sortuko dituzte eszenografiak, probatuko dituzte argiak. Eta, noizean behin, auzoekin beharbada zerbait egingo dute Eskenako konpainiek». Lantegiren bat edo tankerako ekimenen bat, alegia.

Apirilera arte, ordea, ez dira zentroan beharrean hasiko. Zentroa egokitzeko lanak ez dituzte guztiz amaitu. Eta oraindik falta da areto batzuk txukuntzea eta hornitzea. 1.000 metro koadro izango ditu Harrobia Eskenak, hiru solairutan banaturik. Lehen solairuan atondu dute gune nagusia. 300 metro koadrotan. Han egongo da agertokia, argiztapen eta soinu ekipo beharrezkoekin. Eszenografiak egiteko lantegia, biltegia, karakterizazio aldagela, eszenaratzea prestatzeko guneak eta atseden hartzeko guneak izango dira bertan, halaber.

Eliza zenaren goiko tokia, koruak erabili ohi zuena, soinurako eta material teknikorako moldatu dute. Sotoan, berriz, erabilera askotariko areto bi —35 eta 90 metro koadrokoak— eta bulegoak eta komunak jarri dituzte. Izan ere, Euskadiko Produkzio Eszenikoen Enpresen Elkarteak, Eskenak han izango du egoitza, Zornotzako Zelaieta kulturgunean zuena atzean utzita. 1995. urtean sortu zen Eskena elkartea, arte eszenikoen arloko konpainiak bildu eta sektorean eragiteko xedez. Oraintsu ospatu du 15. urtemuga.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.