Cicatrizeko kideak eta haien lagunak Gasteizko Onasis tabernan biltzen ziren, punkak Euskal Herrian eztanda egin zuen garaian, 80ko hamarkadan. «Martxa handi-handiko taberna zen, garito on bat», dio Josek, taldea gertutik ezagutuzuenetako batek. Hura itxi ondoren, lore iharren denda bat zabaldu zuten Zapatari kaleko izkina horretan, baina gaur egun lokala itxita dago eta salgai dioen txartela jarrita dauka. Josek Onasis tabernaren istorioa kontatu zionean Jorge Tur Moltok (Alcoy, Herrialde Katalanak, 1980) argi ikusi zuen filmatu beharra zuela. Tripodea jarri, kamera piztu eta tabernaren plano finko bat grabatzen zuen bitartean istorioa berriz kontatzeko eskatu zion Joseri.
Si yo fuera tú me gustarían los Cicatriz (Zu izango banintz, Cicatriz gustuko izango nuke) dokumentaleko unerik esanguratsuenetako bat da, daukan indar metaforikoa dela eta. Hain zuzen, taldearen erretratu bat baino gehiago «jada desagertu den eta itzuliko ez den garai bateko izpirituaren bilaketa da dokumentala, baina nostalgiarik gabe egindakoa», dio Tur Moltok. Filma Bartzelonako In-Edit jaialdian aurkeztu da aste honetan, eta azaroan Florentziako (Italia) Dei Popoli eta Bilboko Zinebi jaialdietan emango dute.
Si yo fuera tú me gustarían los Cicatriz ez da ohiko musika dokumentala. Lanak irauten duen 22 minutuetan ez da Cicatrizen musikarik entzuten -kantuen hitzak irakurtzen dituzte zenbait lagunek-, eta Tur Moltok berak ez zuen taldea ezagutzen egitasmoari heldu zionean. Gasteizko Krea sorkuntza garaikideko plataformak eskatuta, lau eguneko egonaldiaren «egunerokoa edo saio bisuala» egin behar zuen. Zuzendari katalanak ez zuen hiria ezagutzen, eta ez zuen garbi nondik hasi. Kikol Grau zuzendari eta adiskideak eman zion lana egiteko abiapuntua: Cicatrizen historia kontatzea.
Gidoirik gabe
«Jakin izan banu taldea hain ezaguna zela Gasteizen, gehiago ikaratuko nintzen», dio zuzendariak.
Gidoirik gabe eta Del txistu a la telecaster liburua bakarrik irakurrita zuela heldu zen Gasteiza, eta «modu suizidan» hasi zen lanean. «Tabernetara joaten nintzen, garagardo bat eskatzen nuen eta tabernakoei galdetzen nien ea Cicatrizen ibilitako norbait edo haien gertuko jendea ezagutzen zuten». Horrela ezagutu zuen Jose, El Abuelo tabernan. Ondoren, Dieguillorengana heldu zen. Cicatrizen zuzeneko diskoan parte hartu zuen Dieguillok, eta hura grabatu ostean taldetik «bota» egin zuen Natxo Etxebarrieta kantariak, kameraren aurrean egiten duen ia zortzi minutuko bakarrizketan aitortzen duenez. Sekuentzia horretan Dieguillok erakusten duen naturaltasunak zur eta lur utzi zuen zuzendaria. «Jende asko elkarrizketatu dut eta ez dut sekula aurkitu horrelako jariorik duen inor. Hitz eginda geneukan zer esan behar zuen, eta hamar minutuan amaituta zegoen sekuentzia».
Jendearekin izandako solasaldi guztietan Lolaren izena agertzen zenez, hura aurkitzen saiatu zen, eta lortu zuen. Parral tabernan aurkitu zuen Lola abestiko protagonista. Hurrengo egunean berriz elkartu ziren, eta kantuaren hitzak irakurtzen zituen bitartean urrutitik filmatzeko baimena eman zion. «Oso harreman ona izan genuen, eta asko hitz egin genuen, baina askorik ez iraganari buruz. Ez zuen gogorik eta errespetatu nuen. Garai harekiko zeharo liluragabetuta dago, beretzat zama izan zen».
Lau egunetan filmatu eta muntatu zuen dokumentala. Bosgarrenean Gasteizen erakutsi zuen eta jendearen interesak harritu zuen. «Garai hartako istorioak ezagutzeko gogoa dago. Euskal Herriko jendea animatu beharko litzateke garai hura nik baino modu zehatzago batean aztertzera».
Punkaren lore iharrak
Jorge Tur katalanak Cicatriz taldearen inguruan egindako film dokumentala jaialdietan aurkezten ari dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu