Pussy Riot punk talde errusiarrak «zigor leun bat» merezi duela dio Vladimir Putinek

Taldeko hiru kideentzat zazpi urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak, Eliza ortodoxoa «iraintzeagatik»

Agentziak
Mosku
2012ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Errusiako Pussy Riot punk musika taldeko hiru kideen aurkako epaiketa hasi da Moskun. Nadezha Tolokonnikova, Maria Alekhina eta Iekaterina Samutsevitx musikari gazteentzat zazpi urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak, Errusiako Eliza ortodoxoa «iraintzeagatik». Vladimir Putin Errusiako presidenteak adierazi du «zigor leun bat» ezarri behar dietela musikariei: «Ez dago ezer onik kasu honetan, baina ez dut uste gogorregi epaitu behar dituztenik. Epaitegiak du azken hitza, baina, nire ustez, taldeko kideek atera behar dituzte ondorioak». Putinen esanetan, beste herrialdeetan zigor «gogorragoa» jasoko lukete musikariek. «Pussy Rioteko kideek Israelen edota Errusiako musulmanen gune sakratu batean halako ekintza bat egin izan balute, zigorra askoz handiagoa litzateke».

Hiru musikarien abokatu Mark Feiginek Putinen hitzak kontuan hartzeko eskatu dio epaitegiari. Errusiako presidentea epaiketan lekuko izateko eskatu zuen abokatuak, baina epaitegiak atzera bota zuen eskaera. Bestalde, Fiskaltzak deitutako lekukoen arabera, Pussy Rioteko kideek Jainkoaren aurkako biraoa egin dute eta gerra deklaratu diote Elizari.

Putinen aurkako salaketa

Pussy Rioteko kideek errugabetzat jo dute beren burua, eta adierazi dute ez zutela inor iraintzeko asmorik. «Egia da ez genuela leku sakratuan sartzeko eskubiderik, baina ez genuen Jainkoa eta sinestunak iraintzeko inolako asmorik». Punk taldeko kideak aurpegia ezkutuan zutela sartu ziren Moskuko eliza ortodoxo nagusian, eta, Holy Shit abestiaren bitartez, Putinen hauteskunde kanpaina salatu zuten, eta Elizari haren aldeko propaganda egin zuela leporatuz; besteak beste, eliza ortodoxoko Kiril patriarkari Putinengan eta ez Jainkoarengan sinestea leporatu zioten.

Nazioarteko giza eskubideen aldeko taldeek eta kultur arloko kideek musikarien alde egin dute, hala nola Amnesty Internationalek, Stingek, Franz Ferdinandek eta Red Hot Chili Peppersek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.