Gaur eguerdian Donostiako Zinemaldiko 57. edizioa aurkeztu dute eta Mikel Olaziregi ekitaldiko zuzendariak jakinarazi duenez, Quentin Tarantinok (1963; Tennesse, AEB) eta Brad Pittek (1963;Oklahoma, AEB) Inglourious Basterds filma aurkeztuko dute. Tarantino filmaren zuzendaria da eta Pitt, berriz, aktoreetako bat. Irailaren 18an, jaialdiko lehenengo egunean, aurkeztuko dute filma,Viktoria Eugenia antzokian. Zabaltegi-Perlak sailean dago pelikula.
Olaziregik ez du zehaztu aurten nortzuk jasoko duten Zinemaldiko Donostia Saria. "Dena itxita egon arte, ez dugu ezer jakinaraziko", adierazi du. Iaz Meryl Streep eta Antonio Banderasek jaso zuten saria.
Donostiako Zinemaldiko 57. edizioa irailaren 18tik 26ra bitartean ospatuko da. Atom Egoyan zuzendari kanadarrak zabalduko du lehiaketa, Chloe izeneko filmarekin. Amaiera, berriz, Rodrigo Garcia zuzendariak, Naomi Watts eta Kerry Washington aktoreek emango diote Mother and Child filmarekin, Kursaal auditorioan.
Donostiako Anoeta Belodromoan 3Dko filmak ikusi ahal izango direla aurreratu dute. Hiru dimentsiotako pelikulak ikusteko Europako aretorik handiena izango da.
Guztira 550 film izango dira ikusgai Zinemaldian, horietatik 27 estreinakoz. Hilaren 13an jarriko dituzte sarrerak salgai.
Epaimahaiak
Laurent Cantet zuzendari frantsesa izango da Epaimahai Ofizialeko burua. Cantetek iaz Donostiako Zinemaldian Entre les murs filma aurkeztu zuen, Canneseko 61. Zinemaldian Urrezko Palma jaso zuena. Ressources humaines-ekin zuzendari berriei dagokien saria ere irabazi zuen Donostiako Zinemaldian 1999an.
Epaimahai ofizialean, bestalde, Daniel Gimenez Cacho aktore mexikarra, Bong Joon-ho zuzendari korearra, Pilar Lopez de Ayala aktore espainiarra, John Madden zuzendari britainiarra, Samira Makhmalbaf zuzendari irandarra eta Leonor Silveira aktore portugaldarra egongo dira.
Zuzendari Berriak epaimahaiaren burua, berriz, Saffron Burrows aktorea izango da. Gainerako kideak Borja Cobeaga, Antonio Gasset kazetaria, Lucile Hadzihalilovic zuzendaria eta Daniel Hendler aktorea izango dira.
Manuel Perez Estremera izango da Horizontes Latinos saileko epaimahaiaren burua. Ilse Hughan ekoizleak eta Federico Veiroj zuzendariak ere osatuko dute.
donostiako zinemaldia
Quentin Tarantino eta Brad Pittek 'Inglourious Basterds' filma aurkeztuko dute Donostian
Epaimahai Ofizialeko burua Laurent Cantet zuzendari frantsesa izango da. Lehiakerari amaiera Rodrigo Garciak zuzendutako 'Mother and Child' filmak emango dio. Ez dute zehaztu zeintzuk izango diren Donostia Saria jasoko dutenak. Sarrerak hilaren 13an jarriko dituzte salgai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu