Zinemaldia

Ramon Agirrek jasoko du Zinemira saria

20 euskal ekoizpen izango dira aurten Zinemaldian, inoizko gehien; eta horietatik 14 izango dira euskaraz, osorik edo hein batean. Hamabost filmek estreinakoa izango dute Donostian, tartean Fermin Muguruzaren Black is Beltza animazio filmak eta Oier Aranzabalen Margolaria lanak.

itziar ugarte irizar
2018ko abuztuaren 31
09:58
Entzun

Irailaren 25ean egingo dute Euskal Zinemaren Gala Viktoria Eugenia antzokian, eta han jasoko du Zinemira Saria Ramon Agirrek. Zinean, antzerkian zein telebistan egindako ibilbide oparoa onartu eta eskertuko diote. Gala horretan Josu Martinezen Jainkoak ez dit barkatzen filma emango dute, Lezo Urreiztietaren istorioa kontatzen duena. EiTB galan, aldiz, Victor Cabacok zuzendutako Vitoria, 3 de marzo proiektatuko dute, 1976ko martxoaren 3ko gertakizunetan oinarritua.

Donostiako Tabakaleran aurkeztu dute, gaur goizean, Euskal Herrian ekoitzitako zinemak zein leku izango duten aurtengo jaialdian. Hogei lan izango dira denera, inoiz baino gehiago. Eta horietatik hamalau izango dira euskaraz, osorik edo hein batean.

Zinemira da euskal zinemari propio gordetako saila, eta aurten hamabi film bilduko ditu. Ana Schulzen eta Cristobal Fernandezen Mudar la piel lanarekin inauguratuko dute saila eta Fermin Muguruzaren Black is Beltza animazio filma izango da klausuran; aurten lehen aldiz, eta euskal zinemari ikusgarritasun gehiago emateko asmoz, Kursaalean izango dira bi emanaldi horiek. Sail berean aurkeztuko dituzte hamabi lagunek zuzendu duten Gure oroitzapenak —Joseba Sarrionandiaren aurpegi ugariak jasotzen dituen hamabi piezako lana da—, eta Oier Aranzabalek zuzendu duen Margolaria pelikula, Mikel Urdangarin musikariaren eta Alain Urrutia margolariaren arteko elkarrizketa batetik abiatzen dena. Zinemiran erakutsiko dira, halaber, Izaro (Txuspo Poyo), Lady off (David Rodriguez Losadar), La noche nos lleva (David Gonzalez Rudiez), Errementari (Paul Urkijo), Gallo (Antonio Diaz Huerta), Kutxak (Juanmi Gutierrez), Basque selfie (Joaquin Calderon) eta Bajo la piel del lobo (Samuel Fuentes).

Dagoeneko iragarrita zegoenez, Telmo Esnalen Dantza izango da aurten Sail Ofizialean erakutsiko den euskal pelikula bakarra, lehiaz kanpo. Koldo Almandozek Zuzendari Berriak sailean erakutsiko du Oreina pelikula; Perlak sailean Un dia mas con vida animaziozko lana aurkeztuko dute Raul de la Fuentek eta Damian Nenowek; eta Maddi Barberrek Zabaltegi-Tabakaleran erakutsiko du 592 metroz goiti film laburra. Asteon jakinarazi dutenez, Culinary Zinema sailean Euskal Herrian ekoiztutako bi lan izango dira aurten: Bihar dok 13 (Aitor Bereziartua eta Ander Iriarte) eta Y en cada lenteja un dios (Miguel Angel Jimenez).

Kimuak programaren aukeraketan zazpi film labur sartu dira aurten: 592 metroz goiti (Maddi Barber), Ama (Josu Martinez), Ancora Lucciole (Maria Elorza), Espedizio handia (Iban del Campo), Kafenio Kastello (Miguel Angel Jimenez), eta Ez nazazue esnatu (Sara Fantova), Zain (Pello Gutierrez).

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.