Literatura

Ramon Saizarbitoriaren ‘Martutene’ nobelak jasoko du 111 Akademiaren Saria

Akademia osatzen duten 188 kideen botoen %38,53 jaso ditu, eta ez da beste bozketa txandarik behar izan.

Juan Luis Zabala
2013ko apirilaren 22a
18:38
Entzun

Ramon Saizarbitoriaren Martutene eleberriak (Erein, 2012) jasoko du aurten 111 Akademiaren Saria, orain artean Beterriko Liburua literatur aipamena deitu izan denaren oinordeko zuzena, 111 Akademiako kideek aurreko urtean argitaratutako euskarazko liburuen artean gogokoena duten liburua nabarmentzen duena. «Iaz, Harkaitz Canoren Twist-ek (Susa, 2011) saridun izendatua izateko bi bozketa txanda nahikoa izan bazituen, aurten Saizarbitoriaren nobelak lehenengo txandan bertan eskuratu du literatur aipamena jasotzeko behar zuen boto kopurua», 111 Akademiak erabakiaren berri emanez zabaldu duen agiriak dioenez. Lehenengo bozketa txandan 188 akademiakideen botoen %36,53 jaso zuen Martutene-k. Atzetik boto gehien jaso zuen obra Kirmen Uriberen Mussche (Susa, 2012) izan zen, botoen %9,61ekin.

Bi motibo nagusik bultzatu dute Beterriko Liburua literatur aipamena zena aurrerantzean 111 Akademiaren Saria deitzeko erabakia. Batetik, sariaren eta akademiaren arteko lotura indartu nahi da; bestetik, sariak hastapenetan zuen eskualdeko izaera aspaldi gainditua duela eta Euskal Herri osoari begira egindako ekimena dela erakutsi nahi da.

Maiatzaren 29an jasoko du saria Saizarbitoriak Andoaingo Bastero kulturgunean.

Erein argitaletxeak iragarri du Martutene-ren gaztelaniazko itzulpena gaurtik izango dela salgai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.