Musika

Ramon Zubizarreta 'Landakanda' pandero jolea hil da

Iñaki Garmendia 'Laja' trikitilariarekin bikotea osatu zuen urte luzez. 88 urte zituen

Ramon Zubizarreta 'Landakanda' , 2013ko argazki batean. IBON ERRAZU URIA
mikel lizarralde
2021eko irailaren 25a
17:06
Entzun

Urola Kostako Hitza-k jakitera eman duenez, gaur hil da Ramon Zubizarreta Landakanda. 88 urte zituen, eta bizitza osoa panderoa jotzen igaro ondoren zendu da.

Azkoitiko Altzibarko auzoko Landakanda baserrian jaio zen 1932an, eta gaztetxoa zela Izer baserriko lehengusu batzuek ekarritako pandero batekin hasi zen jotzen. Orduan Zumarragako Trikitiaren mireslea zen Landakanda. «Joxe Oriaren ahotsa, hura ahotsa! Beldurgarri altua! Hura imitatzen saiatzen nintzen», adierazi zuen 2011n, Miel Anjel Elustondok idatzitako biografia (Landakanda, panderoaren erregea) aurkeztu zutenean.

Juan Luis Zabala kazetariari 2012an Berria-rako emandako elkarrizketa batean aitortu zuenez, gurasoen iritziaren kontra hasi zen erromeriatan panderoa jotzen. «Gaizki ikusita zegoen, parrandarekin lotzen zelako. Baina parrandan egon beharra dago, derrigorra da. Nik ere makina bat ordu pasa ditut, baina... lanean! Bestela ez naiz ni parrandan ordu asko egitekoa».

Lehenengo jendaurreko saioa 18-19 urterekin egin zuen, Azpeitian (Gipuzkoa), baina 26 urterekin ezkondu eta utzi egin zion plazan jotzeari, garai hartan trikitia ez baitzegoen ondo ikusia. 40 urte zituela, berriz, Juan Garate Alkorta Maltzeta soinu jolea joan zitzaion harekin jo zezan eskatuz. Omenaldi batean jo zuten biek, eta handik aurrera Landakandak ez zion jotzeari utzi.

Pikuarekin, Zendoiarekin, Auntxarekin, Epelderekin, Maltzetarekin eta Eleuterio Tapiarekin jo izan zuen lehen urteetan, baina Iñaki Garmendia Laja-rekin lortu zuen inorekin baino oihartzun handiagoa. Laja eta Landakanda. Elustondoren liburuan Lajak berak azaldu zuen zergatik aukeratu zuen Landakanda bikote gisa: «Hain garbi kantatzen zuen, izan ere! Batzuei ahotsa aditu bai, egiten zaie, baina ez dute behar bezala ahoskatzen».

1977an argitaratu zuten euren lehenengo diskoa (Trikitixa) —Madrilen grabatua—, eta segidan beste hainbat etorriko ziren: Laja eta Landakanda (1981), Pepe Yanciren omenez (1986), Gure oroitgarri (1994).

[youtube]https://youtu.be/9a1KvYTQc0Y[/youtube]

Bi aldiz izan zen txapeldun, eta txapelketen aldekoa zen, soinu jole eta pandero joleak ezagutzera emateko bide egokitzat jotzen zituelako: «Txapelketa beharrezkoa da, nire iritziz. Hor azaldu behar duen batentzat, azaltzeko modurik onena horixe da. Bestela, izena egitea asko kostatzen da. Norberaren herrian ezagutuko dute, baina besteetan? Aldiz, txapelketa batera jende asko joaten da, leku askotatik joan ere».

2001ean Lajarekin osatzen zuen bikotea utzi zuen Landakandak, nahiz eta gerora ere elkarrekin behin baino gehiagotan aritu ziren. Orain dela bi urte hil zen trikitilaria, eta gaur haren laguna zendu da.

Lajak berak Elustondoren liburuan esandakoek laburbiltzen dute beste ezerk baino hobeto zer izan den Landakanda: «Ramoni ez zaio ezer falta. Panderista onak ondo kantatu behar du, panderoa ondo jo behar du, eta jendearekikoa izan behar du. Hirurak dira inportanteak, eta Ramon punta-puntakoa da horietan, jotzen, kantatzen eta lagun izaten».

[youtube]https://youtu.be/86zAsDALX0o[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.