Raul Ruiz hil da, 'Mistérios de Lisboa' filmaren egilea

Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen iaz Txilen jaio eta Frantzian bizi izandako zinemagileak

Juan Luis Zabala
Donostia
2011ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Raul Ruiz zinemagilea atzo goizaldean hil zen, biriketako infekzio baten ondorioz, Parisen, 70 urte zituela. Gibeleko minbizia zuen eta azkeneko hilabeteak ahulduta eman ditu, gibeleko transplanta egin eta gero. Txileko zinemagilerik garrantzitsuenetakoa zen. Donostiako Zinemaldiaren iazko ekitaldian zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen, Mistérios de Lisboa lau orduko film laudatuari esker. Camilo Castelo Brancoren Os Mistérios de Lisboa foiletoian oinarrituta ondu zuenMistérios de Lisboa, XIX. mendeko Portugalen girotutako filma, giza pasioen mosaiko zabala erakusten duena. Lau orduko filmaz gain, sei ataletan banatutako telesaila ere zuzendu zuen Ruizek, aurten estreinatua.

Augusto Pinochetek zuzendutako Txileko militarren estatu kolpeaz geroztik Frantzian erbesteraturik bizi izan da Raul Ruiz, baina Txilen emango diote lur, berak aurretik adierazitako borondateari jarraituz. Lehenik, asteartean hileta egingo diote Parisko Saint-Paul elizan, eta ostegunean Puerto Montt jaioterrian ehortziko dute, Atlantikoaz bestaldean.

Allenderen babesarekin

Nahiz eta Puerto Montten jaio, 1941ean, haurra zelarik aldatu zen Santiagora, familiarekin. Antzerkiaren munduan sartu zen gazterik, eta antzerki obra asko idatzi zituen 1956 eta 1962 artean. Bidean baztertutako beste saio batzuen ondoren, 1968an amaituzuen lehen filma, Tres tristes tigres, hiru parrandazaleren abenturen kontaketan oinarritua. Salvador Allende lehendakari zela, zinema politikoa ere landu zuen urte horietan, Chilefilms estatuko ekoiztetxearen babesarekin.

Estatu kolpearen ondoren, Frantzian, La vocation suspendue filmatu zuen 1977an, eta horrekin eta ondorengo lanekin maila handiko zinemagile gisa onartua izatera iritsi zen. Cahiers du Cinéma aldizkariak zenbaki monografikoa eskaini zion 1983an, eta aktore eta zuzendari ezagunekin lan egin zuen, John Malkovich, Marcello Mastroianni, Catherine Deneuve eta John Hurtekin besteak beste.Bost aldiz hartu zuen parte Cannesko jaialdiko sail ofizialean, eta 1983an jaialdi horretako Perspective du Cinema saria eman zioten, Les trois couronnes du matelot filmarengatik.

Palomita blanca (1973), Tresure Island (1985), Généalogies d'un crime 1997) eta Le temps retrouvé (Marcel Prousten À la recherche du temps perdu nobelan oinarritua, 1999) dira Raul Ruizen beste film ezagun batzuk. Aurten La noche de enfrente estreinatzekoa zen —muntaketa fasean dago—, eta 2012an As linhas de Torres.Paulo Branco ekoizleak adierazi du filmhori ekoitziko duela, Ruizek utzitako oharrak jarraituz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.