Errepertorio ezaguna da harena, eta puntako grabaketak egin dira, bai eta zuzeneko askotariko interpretazioak ere. Baina bada alderdi bat ez dena aski aztertu eta aski baliatu, Robert Treviño Euskadiko Orkestrako zuzendari titularraren ustetan: Maurice Ravelen (Ziburu, Lapurdi, 1875–Paris, 1937) musikak Euskal Herriarekin eta euskal kulturarekin duen lotura. Horri heldu nahi izan dio orkestrarekin Ravelen obra sinfonikoa grabatzean: sei piezarekin osatu dute, eta Ondine etxearen zigilupean kaleratu. Treviño: «Nik umetan ikasi nuen, eta, oro har, esan ohi da konpositore frantsesa dela [Ravel], baina hemen gaude gu berresteko euskalduna ere badela; euskaldun-frantsesa. Haren konposizioak arretaz entzunez gero, berehala ohartuko gara euskal tradizioko elementuak ere ageri direla».
Diskoa irekitzen duen Bolero ezaguna da horren adibide garbia Treviñorentzat. Kontatu duenez, Donostian Enrique Fernandez Arbos musikari eta orkestra gidariarekin izandako elkarrizketa bat du oinarri piezak. Hasieran, oso bestelako melodia batean oinarritutako obra bat idazteko asmoaz hitz egin zion Ravelek Arbosi, baina hark iritzia aldarazi zion, melodia propio bat sor zezan. «Muga pasatu, eta horrela sortu zuen Bolero; baditu loturak euskal musikarekin».
La Valse, Rapsodie Espagnole, Alborada del Gracioso, Une Barque sur L’Océan eta Pavane Pour Une Infante Défunte dira, hurrenkera horretan, argitalpena osatzen duten obrak, eta horietan ere badira arrasto nabariak Treviñorentzat. Aipatu du Rapsodie Espagnole eta Alborada del Gracioso «pieza espainiar» gisa ezagutzen direla, baina defendatu du «euskal-espainiartzat» hartu beharko liratekeela. Zehatzago, bigarrenaren kasuan, aipatu du bertsolaritza gogora dakarten «koloreak eta modulazioak» ageri direla; Pavane pour une infante défunte-ri lotuta, azaldu du orfeoia kantatzen entzun izan duenetan haren oihartzunak etortzen zitzaizkiola; eta Une Barque sur L’Océan-en ere euskal kostako itsasoa antzematen duela, eta ez, demagun, Mediterraneokoa: «Atlantikoko urak dira, abenduan nekez bainatuko zaren itsasoarenak, tarteka zatarra denarenak, mendiarekin kontaktu etengabean denarenak».
Hala, zuzendariak esan du Euskal Herrian bizi denetik Ravel «hobeto ulertzera» heldu dela. Euskadiko Orkestrarekin grabatu duen lehen aldia izan da; ez, ordea, orkestrak Ravel grabatu duen estreinako aldia —Joaquin Atxukarro pianistarekin eta orduko zuzendari titular Gilbert Vargarekin Ravelen pianorako bi kontzertu grabatu zituzten 2000n—. Lan berrian, baina, orkestra soilik aritu da, osorik. Urrian egin zuten grabaketa, Donostiako Kursaalean, eta oholtza gehigarri bat ezarrita, 90 musikariak indarrean diren segurtasun tarteekin aritu zitezen.
Nazioarteko onespena
Hainbatetan interpretatu eta grabatu izan den konpositore batengana itzultzea «erronka erantsia» izan dela ere aipatu du Treviñok, baina, era berean, adierazi du Euskadiko Orkestra «euskal konpositore unibertsalena» interpretatzeko gai izatea «harrotzeko modukoa» dela. «Lana gogotik egin ondotik, harro esan dezaket orkestra garai onean dagoela hau defendatzeko. Uste dugu, gainera, ekarpen berezi bat egin dezakegula, aipatutako euskalduntasuna argitara ateratzeko».
Bide beretik jo du Oriol Roch orkestrako zuzendari nagusiak ere, eta berretsi du nazioartetik proiektuarekiko interesa eta onespena heldu zaiela. «Ez dakit errepertorio bat interpretatzeko egiazko autoritaterik egon daitekeen, baina Euskadiko Orkestrari kanpoan bai aitortu zaio Ravel interpretatzeko autoritate artistiko bat», adierazi du.
Formatu fisikoarekin batera, plataforma digitaletan ere zabaldu dute diskoa, eta aipatu dute oihartzun esanguratsua izan duela: besteak beste, itzal handiko Gramophone agerkariak asteko ezinbesteko disko berrien zerrendan sartu du. Ondine zigiluari ere jarri diote azpimarra bai Rochek eta bai Treviñok; bigarrenak lotura estua du harekin, eta oroitarazi du mundu klasikoan «prestigio handiko etxea» dela. «Aukera handia da orkestrarentzat, beraz, bai banaketari eta bai nazioarteko proiekzioari begira».