Donostiako Jazzaldiak baditu lehenengo izenak 49. ekitaldirako. Gaur jakinarazi dituzte antolatzaileek aurtengo jaialdian parte hartuko duten musikari batzuk, eta horien artean hainbat artista nabarmentzen dira: Ray Davies, Bobby McFerrin, Chick Corea eta Stanley Clarke —elkarrekin ariko dira—, John Scofield Überjam taldearekin eta Dave Holland Prism proiektuarekin.
Jazzeko beste izen ospetsu batzuk ere –Muhal Richard Abrams, Enrico Rava, Wadada Leo Smith eta René Marie abeslaria– programan sartuta daude, baita Danimarkako Ibrahim Electric banda esperimentala eta Quebec-eko Gizon-orkestren Orkestra bitxia ere (L’Orchestre d’Hommes-Orchestres). Azken horrek egundoko arrakasta izan zuen 2012ko Jazzaldiaren barruan Viktoria Eugenia Antzokian eskaini zituen hiru kontzertuetan.
Jazzaldiaren programazioa itxi gabe dago oraindik, eta datozen hilabeteetan osatuko dute antolatzaileek parte hartzaileen zerrenda. Aurreko urteetan bezala, hainbat agertoki izango ditu jaialdiak: Trinitate plaza, Kursaal auditoriumaa, Viktoria Eugenia antzokia, San Telmo museoa, Zurriolako hondartzako Agertoki Berdea, Kursaaleko terrazak eta Nauticool.