Aurtengo Berlinale zinema jaialdiak Rebelle filmarekin eman dio amaiera Urrezko Hartza irabazteko lehiaketari. Kim Nguyen Kanadako zuzendariaren filmak Kongon soldadua izateko bahitutako 12 urteko neska baten istorioa kontatzen du, heriotza eta etsipena ikuspegi gogor eta errealistarekin landuz. Nguyenen pelikula beste 18 filmekin lehiatu da, eta gaur iragarriko dute irabazlearen izena.
Lehiaketan parte hartu duten film gehienak drama sozialetan oinarritutako istorio gogorrak eta aurrekontu txikiarekin egindakoak dira. Kritikaren esanetan, Christian Petzolden Barbara filmak irabazteko aukera handiak ditu. Dena den, Ursula Meierren L'enfant d'en Haut eta Miguel Gomesen Tabu pelikulek ere harrera ona eduki dute.
Asko esaten duten istorioak
Dieter Kosslick jaialdiaren zuzendariaren esanetan, munduan gaur egun dauden gatazkak irudikatu ditu Berlinalek: «Badakigu aukeratutako filmak ez direla ikusleria zabalaren gustukoenak, baina asko esaten duen zinema txikiari eman nahi izan diogu lekua». Drama gogorrenetakoa Csem a Szel film hungariarrak aurkeztu du, ijitoen inguruko xenofobia erakutsita.
'Rebelle' ume soldaduen inguruko filmak itxi du Berlinaleko lehia
Gaur egungo drama sozial gordinak eta errealistak izan dira aurtengo zinema jaialdiaren ardatza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu