Klixeak aipatuazhasi nuen Zinemaldia, eta modu berean amaituko dut. Lehendabiziko plano subjketibo hartan aipaturiko gehienak bete dira, tartean,epaimahaiaren erabakiari dagokiona. Azken klixe bat amaitzeko. Donostiakoa jaialdi herrikoia dela dioena. Klixea, definizioz, gehiegi erabiltzeagatik, indarra galtzen duen ideia, esaldia edo akzioa da. Jendeak zinemara joateko aukera duen bitartean, aldarrikatu eta bultza dezagun klixe hau. Urtero bete dadila. A mailako beste zinemaldiekin konparatu, eta Donostiakoari kritika egiten diotenak,argi dago ez dituztela beste zinemaldi horiek herritar xume gisa bisitatu. Eta esango nuke, kreditazioa dutenei ere, ez zaiela Donostian bezainbeste inon ematen euren txarteltxoaren truke.
Jose Luis Rebordinosi ez zaio une eta egoera errezean egokitu pelikula honetako zuzendari bihurtzea. ICCAko buru Guardans-ek, iaz bezalaxe, aurtengo Zinemaldia baliatu du bere burua nabarmendu eta labankadaren bat sartzeko. Hainbat banatzaile eta ekoizlek ere, Donostiakoak nortasun falta eta nora ezean doan zinemaldia dela esateko baliatu dute aukera: Latinoamerikara jarri behar dela begira (katalogoa begiratu ere ez dutenaren seinale); Toronto jarri digute adibide, nahiz eta Torontokoa jaialdia baino gehiago profesionalentzako merkatua izan; Donostiakoak zuzendari espainiarren filmak aukeratu eta bultzatu beharko lituzkeela (hain zuzen ere, jaialdi gehienen minbizia, izenak eta jatorriak pelikulen gainetik jartzea). Euren pelikularen bat aukeratua edo irabazle suertatzen denean Zinemaldiko arduradunei zurrupada bat egitea besterik falta ez zaienen ahoetatik hamaika entzun behar izan ditugu aurten ere.
Zinemaldiko zuzendari berria ezagutzen dugunok, badakigu solasaldia, eztabaida eta zinemarekin zerikusia duen edozein saltsatan aritzea zenbat gustatzen zaion. Beren iritziak gordetzen ez dituzten horietakoa da, eta zuzentasun politikoa ez da bere adierazgarrietako bat. Gaurtik aurrera, lanpostu berrian, aktore plantak egiten ikasi beharko du. «Metodo» aktoreen moduan, buru-belarri sartu beharko da paper ezberdinetan.Besteak beste, The Godfather-eko Vito Corleone, Ranging Bull-eko Jake la Mota, Novecento-ko Alfredo Berlinghieri, Cape Fear-eko Max Cady, Angel Heart-eko Louis Cyphre edo eta Meet the Parents-eko Jack Tiberius izatea egokituko zaio. Eta guztioi, Rebor De Niro eta bere lantaldeari gauzak ongi ateratzea komeni zaigu. Logikaz pentsatuz gero, Zinemaldiaren moduko gertakizun bat urtero Donostian egitea, ogia eta arrainena baino mirari handiagoa delako.
DONOSTIAKO 58. ZINEMALDIA. Plano subjektiboa
Rebor De Niro
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu