CALLE 13.Diskoa:'Entren los que quieran'.Diskoetxea:Sony Music.

Reggaeton bolivartarra

Andoni Tolosa.
2010eko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Reggaeton musika ote da iraultza bolivartarraren soinu banda? Zer harreman egon daiteke Victor Jararen eta Calle 13-ren artean? XXI. mendeko hasieraren kantu protesta ote da hau? Ados, galderak besterik ez dira. Baina egia da terreno labainkor horretan mugitzen jarraitzen duela Puerto Ricoko bikoteak. Laugarren diskoa dute hau, eta ibilbide arrakastatsua egin dute. Hamabi Gramy sari eskuratu eta disko bakoitzaren milaka ale salduta, musika latino komertzialaren kalitatearen batez bestekoa igotzen duen talde horietako bat da. Ez da, ordea, Calle 13-ren dohain bakarra. Dagoeneko, erosotu eta gaztetako asmo iraultzaileen kontura bizitzen hasiko zirela susmatzen zutenek mezu zuzen eta posible bada erradikalagoez betetako diskoa topatuko dute Entren los que quieran honetan.

Politika, gizartea eta salaketa dira osagai nagusi Residente eta Visitanteren jardunean. Hitz zuzen, zorrotz eta probokatzaileak, hip hopari zor dioten seinale. Mesianismo apur bat, herrikoitasun handia eta honestitatearen aldarriak nonahi; Hego Ameriketatik datozkigun aire berriak. Guztiak topatuko dituzu disko honetan.

Sony multinazional boteretsuari adarra jotzen hasten dira, rock eta hip hopa nagusiak dira Calma pueblo-n eta dantzarako deia balkan/arabiar ukituko Baile de los pobres reggaetonean. Diskoak adin nagusitasuna lortzen du, spaghetti western zaporeko La bala bikainaren hitzetan,«Hay poco dinero pero hay muchas balas...». Espantukeri eta probokazioaz gain kilate askotako hip hopa da hau. Errazkeria gutxiko hitz landuak. Oso aipagarria da Andeetako oihartzunak dituen Lationamerica kantua, ereserki bolivartarra, halakorik badago. Susana Baca, Toto La Manoposina eta Maria Ritaren ahotsek intentzio hori sakontzen dute Aqui estamos de pie... kantatzen. Afrobeat musika da nagusi Todo se mueve diskoko kanturik dantzagarrienean, eta cumbia, berriz, AEBen aurkako batasuna aldarrikatzen duen El hormiguero-n. Disko osoa aipagarri bilakatzeko moduko kantuak dira guztiak.

Hasi bezala bukatzen da diskoa, Hollywoodeko show baten gisako musika eta iragarpenekin. Musikalki aberats, intentzioz iraultzaile, hitzetan interesgarri... Reggaeton talde bat zure maitagarrienen zerrendan jartzeko nahikoa arrazoi ba al duzu? Geuk bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.