Anton Reixa buru duen Aunir hautagaitzak eskuratu du boto gehien SGAE Espainiako egile eskubideen elkarteko zuzendaritzarako hauteskundeetan. Hala ere, ez du gehiengoa lortu. SGAEko iturrien arabera, Aunir hautagaitzak egileek zuzendaritzan eskura dituzten 31 lekuetatik 14 bereganatu ditu.
Boto gehien lortu duen bigarren hautagaitza Jose Miguel Fernandez Sastronena (DOM) izan da, 9 ordezkarirekin. Sei ordezkari lortu ditu Jaume Sisak (Autores Mas que Nunca).
Elkarteko 39 bazkidek maiatzaren 8an adostu beharko dute zein izango den zuzendaritzaren osaketa. Zuzendaritza berria lau urtez izango da elkartearen agintean.