Rene Redzepi munduko sukaldaririk onena Donostian izan da gaur. Kopenhageko Noma jatetxeko sukaldaria da Redzepi, eta Restaurant aldizkariko lehen postuan geratu da azken hiru urteetan. Munduko jatetxerik onenak izendatzen ditu aldizkariak. Bi Michelin izar ere baditu Nomak.
Hemeretzi urte zituela, dirua aurreztu eta Donostiara, Arzak jatetxera etorri zela kontatu du Redzepik. Ardoa ordaintzeko dirurik ere ez omen zuen; sommelier eskuzabal bati esker edan zuen azkenean. "Arzaken jaten ari nintzela erabaki nuen sukaldari izatea". Ferran Adriaren El Bulli jatetxean lanean jardun zuen denboraldi batez, ondoren. "Edozer posible zela ikasi nuen han". Jaioterrira itzuli eta Eskandinaviako herrialdeetako sukaldaritza berriaren bultzatzailetako bat izan zen. Horretarako, euskal sukaldaritza berria hartu zuten eredutzat, besteak beste. Bertako eta sasoiko produktuekin lan egiten du Redzepik, gaur egun.
Elena Arzakekin batera hitzaldia eman du gaur San Sebastian Gastronomikan. Sukaldean nola ikertzen duten azaldu dute biek.