Reyes Arias gipuzkoarrak film laburren Goya saria irabazi du

Karra Elejalde aktoreak, Alberto Iglesias musikariak eta Urko Garai soinu teknikariak ere sari bana lortu dute

Erredakzioa
Donostia
2011ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Reyes Arias (Beasain, Gipuzkoa) aktore eta gidoilariak zuzendu duen lehen filma da Una caja de botones, eta horrekin Goya saria eskuratu du. Espainiako Zinema Akademiak antolatzen dituen Goya sarien banaketa ekitaldia igande gauean egin zen, Madrilen. Saria «Goiherriko eskualde guztiari» eskaini zion Ariasek eta bertso bat kantatzen ere saiatu zen, baina emozioaren poderioz ez zuen bukatzerik izan. Emozioz beteriko lana da Ariasena. Andres aitak Gabonen magiaren jatorria aitortu beharko dio alabari, hark eskatutako oparia erosteko ahalmenik ez duelako.

Beste hiru euskal herritar ere saritu zituzten. Karra Elejaldek bigarren mailako aktore onenaren saria jaso zuen También la lluvia filmean egindako lanagatik. Alberto Iglesiasek musikaren atalekoa irabazi zuen film berean egindako lanarengatik —donostiarraren zortzigarren Goya saria da—, eta Urko Garaik soinu onenarena —Marc Orts eta James Muñoz lankideekin—, Buried filmarengatik.

Agusti Villarongaren Pa negre katalanezko filma izan zen irabazle nagusia. Orotara, bederatzi sari eskuratu zituen, film onenarena eta zuzendari onenarena barne.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.