DONOSTIAKO 65. ZINEMALDIA

Ricardo Darini emango dio Donostia saria Zinemaldiak

Irailaren 26an emango diote, bere ibilbideagatik.

Ricardo Darin aktorea, Cannesko zinema jaialdian. JULIEN WARNAND / EFE
2017ko ekainaren 21a
11:10
Entzun

La Cordillera pelikula aurkeztuko du argentinarrak Donostian, eta ekitaldian bertan emango diote saria. Santiago Mitrek zuzendutako eta idatzitako pelikula da: Txilen girotuta dago, Latinoamerikako presidenteen goi bilera batean. Darinekin batera, Dolores Fonzi, Erica Rivas, Elena Anaya, Daniel Gimenez Cacho, Alfredo Castro, Paulina Garcia eta Christian Slaterrek osatzen dute antzezleen taldea.

Bost urterekin hasi zen Darin aktore lanetan, telesailetan. 1979an hasi zen zineman lanean: Julio Porterren La carpa del amor eta Adolfo Aristarainen La playa del amor filmetan. Telebistako zenbait saiotan lanean jarraitu zuen, aldi berean. 1980ko eta 1990eko hamarkadetan, Aristarainekin (The Stranger, 1987), Alberto Lecchirekin (Perdido por perdido, 1993), Eduardo Mignognarekin (El Faro, 1998) eta Juan Jose Campanellarekin (El mismo amor, la misma lluvia, 1999) lan egin zuen. Dena den, Fabian Bielinskyren lehen lanari esker hasi zen nazioartean ezagun egiten: Nueve reinas (2000).

Latinoamerikako eta Espainiako zinemagintzan funtsezkoak diren zenbait filmetan aritu zen: El hijo de la novia (2001), Luna de Avellaneda (2004) eta El secreto de sus ojos (2009). Campanellak zuzendu zituen hirurak. Darinek berak 2007an debutatu zuen zinema zuzendari gisa, La señal filmarekin, Martin Hodararekin elkarlanean; aurten beste film bat egiten aritu da Hodararekin: Nieve negra.

Aurretik ere saritu izan dute Darin Donostian: hain zuzen, 2015eko Zinealdian Zilarrezko Maskorra lortu zuen, Truman filmagatik. Horrez gain, nazioarteko hainbat sariren bidez aitortu izan dute haren lana.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.