Literatura

Ringeko poeta

Eduardo Arroyo pintoreak idatzitako 'Panamá Al Brown. Una vida de boxeador' biografia berrargitaratu berri dute. XX. mendearen lehen erdialdeko Parisko giro bizia islatzen duen kirol kontakizun grinatsu eta poetikoa da. Arroyok erakusketa bat du Bilboko Arte Ederren Museoan: erreferentzia literarioz jositako pop-art egitasmoa.

2018ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Bihar itxiko dute Bilboko Arte Ederren Museoan azkeneko hilabeteetan ikusgai egon den Eduardo Arroyo (Madrid, 1937) pintore figuratiboaren Le retour des croisades erakusketa. Figurazioaren eta neofigurazioaren funtsezko artista da espainiarra, bai eta pop art mugimendura lotutako sortzailea ere. 1958an Parisera egin zuen ihes,frankismoaren kontrako jarrera zela tarteko. Bilbon 44 margolan eta eskultura paratu ditu, haietariko batzuk iaz egindakoak, 80 urte zituela. Erakutsitako obren artean, erreferentzia literarioz betetako lan popzaleak daude ikusgai: Dante, Balzac eta Joyce, besteak beste.

Mila koloreko tanta eta brotxakadekin zipriztindutako lohihartzekoa soinean duela pintatzen duen artistaren iruditik oso urrun dago Arroyo. Haren estudioan ordenak agintzen du, eta liburuz betetako apalategien artean sortzen du. Ernest Hemingway, Jack London eta Norman Mailerren lanen artean zikintzen ditu mihiseak. Liburu horien artean, boxeozaleentzako giltzarri den liburu bat ere bada, Arroyok berak idatzitakoa, kazetaritza ikasi baitzuen: Panamá Al Brown. Una vida de boxeador (Panama Al Brown. Boxeadore bizitza bat). Duela 30 urte inguru plazaratutako lana da, eta Forcola Ediciones argitaletxeak oraintsu berrargitaratu du, gaztelaniaz, gaurkotua.Arroyo aditua da boxeoan, eta gaiari buruzko 4.000 liburu bildu ditu. «Boxeoa pasioa da niretzat, eta pintatzeko gauzarik zailenak pasioak dira. Pasio sekretua da».

«Egun boxeoa ez da existitzen, historiaurrea da», dio pintoreak, herrialde batzuetan berpizkunde bat bizi duen arren. Haatik, «boxeoak momentu apartak eskaini ditu, eta poesia haizatzen zuten pertsonaiez josia egon da», tartean, Oscar Wilderen iloba izandako Arthur Cravan poeta suitzarra eta boxeolari faltsua, edo Arroyok bere ezinbesteko liburu zirraragarrian xehetasun osoz aztertutako Panama Al Brown.

Boxeolari dandya

Alfonso Teofilo Brown (Colon, Panama, 1902New York, 1951) oilar pisuko, 51 eta 54 kilo bitartekoa, munduko txapeldun panamarra izan zen. Lorpen hori eskuratu zuen lehen latinoamerikarra izan zen. 60 borrokaldi inguru egin zituen. Brownen bizitzaren parekorik ez da kirolean, ezta XX. mendeko bizimodu bohemioan ere. Parisko gauaz maitemindu zen, eta Jean Cocteau poetaren lagun mina izan zen, bai eta Coco Channel eta Josephine Bakerrena ere. Kirola eta bizioa uztartzeko gaitasun aparta erakutsi zuen Panama Al Brownek, eta izugarri ospetsu bilakatu zen garai hartan, baina bakardadean eta kokaina dosi bila zebilela zendu New Yorken. 50 urte ez zituela, ezta 50 kilo ere. Arroyoren liburuan ageri denez, «opio zalea, zurruteroa, sifilitikoa, jokalaria, musikaria, homosexuala eta beltza (zen Brown)». Pintorearen aburuz, «50 kilo eskaseko gizon txikiak ziren, gerlari epikoak. Egun, historia hauek ez zaizkio inori interesatzen». Ez da hori Brownen kasua, haren jardunak ringa gainditu baitzuen, gaueko poesia toxikoan murgiltzeko.

Esklaboen semea

Panamako kanala eraiki zuten esklaboen semea izan zen Teofilo, eta auzoan, nerabe zela, hamaika ukabilkada banatu zituen. Aita bihotzekoak jota hil zitzaion, 13 urte zituela, eta boxeoan hasi zen, familia elikatzeko asmoz. Bere lehenengo bororkaldi profesionala 1922an egin zuen, eta, zazpi lehia geroago, Panamako txapeldun bilakatu zen. Hala, aldean zenbait dolar zituela, marinel bat konbentzitu zuen itsasontzian ezkutatuta eraman zezan New Yorkera. 1923an egin zuen bere lehen norgehiagoka hiri horretan, jada Panama Al Brown izenarekin. Hogei dolar irabazi zituen, agindutakoaren erdia. Bere kirol bizitza osoak joera bera izan zuen finantzei dagokienez: managerrak baino gehiago, banpiroak izan zituen beti inguruan. Haatik, dirua barra-barra irabazi zuen, baina baita xahutu ere, kontrolik gabe: lasterketarik irabazten ez zuten animaliekin osatutako zalditeria bat zeukan, autoak gustatzen zitzaizkion, trajeak Londresen lisatzen zizkioten, eta xanpainetan blaitutako gau eternalean bizi zen —ringean ere xanpaina edatean zuen—. «Bizirik irauteko 20.000 xanpain botila behar ditut. Gainerako guztia bigarren mailakoa da», esan zuen Brownek. 1926an, bere lehenengo borrokaldia egin zuen Europan. Kontinente zaharrera etorri zen, arrazismotik ihesi, eta, 1928tik 1935era bitarte, oilar pisuen txapelduna izan zen, etenik gabe.

Galdutako txapela

1935eko ekainaren 1ean, baina, Balthazar Sangchilli boxeolariak txapela kendu zion, Brownek drogatuta borrokatu baitzuen. Konbatean iruzur egin zion urteetan arteria guztiak hustu zizkion Dave Lumiansky managerrak. Hala, alanbre itxurako boxeolariaren gainbehera hasi zen, Jean Cocteauk Monmartre auzoko kabaret bateko ikuskizun narras batean parte hartzen ikusi zuen arte, klakea dantzatzen eta jazz banda bat zuzentzen. Adiskidetasun estua jaio zen bien artean, bikote izan zirela ere esan ohi da, eta Cocteauk ringera itzultzeko konbentzitu zuen. Coco Channelen diruaren laguntzaz, Brown desintoxikatu egin zen zentro batean, bai eta entrenamenduetara bueltatu ere. Cocteau bera ere opiozale amorratua zen, eta Brownen osasun metamorfosia berea bihurtu zuen. Horrela, 1937ko irailaren 9an, Brownek Sangchilli garaitu zuen errebantxa konbatean, eta legez zegokion munduko txapela berreskuratu zuen. Handik gutxira, boxeoa utzi zuen, zirku ikuskizunetan amaitzeko. Cocteauk beste musa bat aurkitu zuen, eta Brownek, jaioterritik eta Kubatik igaro ondoren, New Yorken amaitu zituen bere egunak, sosik gabe eta tuberkulosiak jota.

Brownen itzulera mitikoaren harira, hauxe idatzi zuen Cocteauk aldizkari ezagun batean: «Ez zaitezte fio, kirolariok! Ringean printze bat izango duzue aurrean, fenomeno bat, azti bat, akrobata bat, psikologo bat, espektro bat, somnanbulu bat, poeta bat, finean: boxeolari bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.