Ripsteinen lana goraipatuz erantzun die Rebordinosek hark eginiko kritikei

Zinemagile mexikarrak hitz gogorrak izan ditu Zinemaldiarentzat eta aurtengo epaimahaia osatu duten kideentzat

Erredakzioa
Donostia
2011ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Joan den astean Las razones del corazón filma aurkeztu zuen Arturo Ripsteinek Donostiako 59. Zinemaldian. Faboritoen artean aipatu zuten askok, baina sarituen taldetik kanpo geratu zen azkenean. Ez dela Zinemaldira itzuliko esan du zinemagile mexikarrak, eta kritika gogorrak egin dizkio jaialdiari, haren arduradunei eta aurtengo epaimahaikideei. «Benetan jaialdi serioa zen hau, Europako bosten artean zegoen, eta, bat-batean, orain, subnormala da», adierazi du Gara egunkariari eskainitako elkarrizketa batean. Ripsteinen kritikei lasaitasunetik erantzun zien Jose Luis Rebordinosek atzo. «Kritikek ez dute bere obragatik sentitzen dudan miresmena aldatuko; hori ziur», esan zuen Zinemaldiko zuzendariak.

Miarritzeko zinema jaialdian aurkeztu berri du Ripsteinek bere filma, eta handik egin dizkio kritikak Zinemaldiari. Aurtengo epaimahaia «negargarria» eta «lardatsa» izan dela uste du, eta banan-banan kritikatu du epaimahaikide bakoitza. Frances McDormand epaimahaiburuari buruz, «sekula Pensilvaniatik atera ez den aktore bat» dela dio. «Gringoek ez dute inoiz ezer ulertzen, ez dute sekula azpidatziak dituen film bat ikusi, ez dakite haiek irakurtzen». Guillermo Arriaga gidoigilea, berriz, «mexikarra denez, arerio pertsonal bat» da Ripsteinentzat; «hori du megalomaniak, ez dela beste ezer existitzen, idazten den zaborrak urrea dirudiela». Ez du hitz onik izan besteentzat ere. «Alex de la Iglesiari Urrezko Maskor bat irabazi nion behin, eta hori ez da ahazten». Beste epaimahaikideei buruz «argazkilari ezezagun bat» (Sophie Mantingeux), «zuzendari daniar ezezagun bat» (Bent Hamer) eta «bi aktore negargarri» (Bai Ling eta Sophie Okonedo) direla ere esan du.

Baina kritikak ez ditu epaimahaikideentzat bakarrik izan. «Halako jaialdi batek jakin behar du ezin duela epaimahai lardats bat izan. Egungo zuzendaritzak garapen bidean dagoen jaialdi bilakatu du uneotan». Rebordinos, «sustoen pelikulatxoen jaialdi bateko zuzendari» gisa definitu du—Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astearen zuzendari izan da urtetan—. Galdu edo irabazi, horrek berdin diola gehitu du, «gauzak nola mugitzen diren ikustea da arazoa». Donostiakoa Cannesko zinema jaialdiaren «justu kontrakoa», da haren aburuz. «Pena handia ematen dit, leku hau oso gogoko bainuen, eta ez naiz itzuliko».

Kritikei kritikarik ez

Kritiken inguruan galdetuta, ez zuela ezer esatekorik erantzun zuen Rebordinosek, zinemagilearen adierazpenak «berez» azaltzen direla eta ez zuela besterik gaineratuko. «Donostian aurkezteko zortea izan dugun filma, Las razones del corazón, oso gustukoa izan dut, Ripsteinen obraren miresle handi bat naiz eta zinemagile garaikide hoberenetariko bat dela uste dut», adierazi zuen.

Birritan irabazi du Ripsteinek Urrezko Maskorra; 1993an Principio y fin filmarekin, eta 2000. urtean La perdición de los hombres lanarekin. Epaimahaiaren Sari Berezia ere jaso zuen, El lugar sin límites (1978) lanagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.