Donostiako 67. Zinemaldia

Roberto Gavaldon zinemagilearen hogei film erakutsiko ditu Zinemaldiak

Donostiako 67. Zinemaldiak zinemagile mexikarrari eskainiko dio aurtengo atzera begirakoa. 1945etik 1974ra zuzendutako lanak erakutsiko dituzte. Liburu monografikoa ere argitaratuko dute.

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2019ko abuztuaren 1a
07:35
Entzun

Donostiako Zinemaldiaren lehen aldian, bertan izan zen Roberton Gavaldon (1909-1986) zuzendaria, Acuérdate de mí (1953) filma aurkezten. 66 urteren ondoren, berriz erakutsiko da lana, zuzendari mexikarraren atzera begirakoaren zikloa egingo baitu Zinemaldiak irailaren 20tik 28ra. Gavaldonek ondutako hogei film erakutsiko dituzte orotara; tartean, 1953ko lehen jaialdian aurkeztutakoa. Espainiako Zinematekarekin elkarlanean antolatu dute zikloa, eta, horrekin batera, zinemagileari buruzko monografiko bat ere argitaratuko dute. Quim Casas eta Ana Cristina Iriartek koordinatuko dute lana.

Donostiako Zinemaldiko kideek azaldu dutenez, erakutsiko dituzten hainbat film Mexikoko Zinematekako Nazionalak eta Mexikoko unibertsitateko UNAM filmotekak zaharberritu dituzte. Honako hauek dira erakutsiko dituzten 20 filmak: La barraca (1945), La otra (1946); La diosa arrodillada (1947); Rousauro Castro (1950); En la palma de tu mano (1951): El rebozo de Soledad (1952); La noche avanza (1952); Acuérdate de vivir (1953); Camelia (1954); Sombra Verde (1954); Aquí está Heráclito Bernal (1958); Miércoles de ceniza (1958); Flor de Mayo (1959); Macario (1960); Días de otoño (1963); El gallo de oro (1964); Rosa Blanca (1972); Don Quijote cabalga de nuevo (1973); eta, azkenik, La madrastra (1974).

La barraca filma izan zen Gavaldonek zuzendu zuen lehen lana. Vicente Blasco Ibañez idazle espainiarraren izen bereko nobelaren egokitzapena egin zuen zinemagileak, eta 1936ko gerraren ondorioz Mexikon erbesteratu ziren hainbat teknikarik parte hartu zuen ekoizpenean. Filmak arrakasta handia lortu zuen, eta irabazle nagusia izan zen Mexikon urte hartan bertan martxan jarritako Ariel sarietan. Beste 33 film ondu zituen, gerora. Zuzendari mexikarrak melodrama landu zuen gehien.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.