Itzaleko lana egiten zuen Jerry Leiberrek, agertokiko fokuetatik eta txaloetatik at geratzen zena, baina asko zor diote musikaren historiako hainbat izarrek. Izan ere, bere lankide Mike Stoller pianistarekin batera, rock-and-rollaren hastapenean pieza garrantzitsua izan zen: bien artean, belaunaldi oso baten ikur bilakatu ziren kantuak sortu zituzten, tartean, Hound Dog, Stand by Me, I Smell a Rat eta Jailhouse Rock. Stoller doinuaz arduratzen zen, eta Leiber, berriz, hitzak idazteaz. «Ideien makina bat» zen, haren lankidearen hitzetan. 78 urterekin makina geratu egin da: herenegun hil zen Leiber, Los Angelesen (AEB),bihotzeko eta biriketako arazoak zirela medio, Los Angeles Times egunkariak adierazi duenez. Elvis Presley, The Beatles, The Rolling Stones eta Jerry Lee Lewisek abestu dituzte bikoteak idatzitako kantuak, beste askoren artean.
Baltimoren jaio zen, poloniar etorkinen familia batean, eta 12 urte zituela joan zen Los Angelesera. Disko denda batean lanean ari zela ezagutu zuen Stoller. Rhythm & blues afroamerikarrarekin txundituta zegoen hura, eta musika beltzak eraginda, gazteentzako melodia itsaskorrak sortzeari ekin zion bikoteak.Ordura arte banatuta egon ziren musika zuria eta beltza nahastu zituzten, gerra osteko AEBetako gizarte hertsian arnasbide gisa funtzionatuko zuten doinu eta hitzak konposatzeko. White negro terminoa ez zetorkien gaizki: Norman Mailerrek horrela deitu zien kultura beltzaren jarraitzaile ziren mende erdialdeko gazte zuriei.
Arrakasta, Elvisekin
1950etik, lehen kantua idatzi zuenetik, ibilbide oparoa izan zuen bikoteak. 1952an Kansas City sortu zuten, eta horrek denborarekin arrakasta handia izango zuen: Little Willie Littlefieldek grabatu zuen lehen aldiz, baina Wilbert Harrisonen eskutik lortu zuen lehen postuan egotea, 1959an, eta The Beatlesek Beatles for Sale diskoan sartu zuten, 1964an. Euren ibilbidearen hasieran Elvis Presleyren kantuak konposatuz lortu zuten, ordea, sonarik handiena; gehienbat Hound Dog (1956) —lehenago Big Mama Thortonek abestu zuen R&B modura— eta Jailhouse Rock (1957) lanekin. Rock-and-rollaren erregearen balada ezagunenak idatzi zituzten, halaber, Loving you, Don't eta Love Me, hain zuzen.
Horrez gain, Love Potion No. 9, Is That All There Is?, Ruby Baby,Only in America, Poison Ivy eta Yakety Yak piezak ere euren uztakoak dira. Abesti horiek eta beste asko kantatu dituzten musikarien zerrenda luzea da:Fats Domino, Aretha Franklin, The Everly Brothers, Barbra Steisand eta Edith Piafen ahotsetan entzun izan dira bikoteak sortutako kantuak.
Konposatzen ez ezik, ekoizle lanetan ere aritu ziren Leiber eta Stoller 1953tik, lehen diskoetxea sortu zutenetik. Azken arrakasta 1972an grabatu zuten: Stealers Wheelsen Stuck in the Middle With You. Quentin Tarantinok berreskuratu zuen 1992an, Reservois Dogs filmean.
Rock-and-rollari hitza jarri zion
Jerry Leiber hil da, Mike Stollerrekin 50 eta 60ko hamarkadetako musika osatu zuen bikoteko kidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu