Blues-soularen ahots oparoenetakoa galdu du musikak, Solomon Burkeren heriotzarekin. 70 urte zituela, Amsterdamgo aireportuan zendu zen herenegun, Kaliforniatik iritsi berria zela. Rock-and-soularen errege gisa bataiaturikoa kontzertu bat ematekoa zen Herbehereetako hiriburuan, gaur. Everybody Needs Somebody to Love, Cry to Me eta It Must Be Love kantu gogoangarrien egileak, urtean, 200.000 kilometro inguru egiten zituen, munduko punta batean eta bestean kontzertuak emateko.Eta indarra zuen bitartean, bederen, hala segitzeko asmoa zuela esan zuen, iragan udan.Hondarribiko (Gipuzkoa) Blues jaialdian izan zen Solomon Burke, uztailean.
1940an, Philadelphian (AEB) jaioa, musikari sonatua izateaz gain, predikatzailea ere bazen. The House of God For All People deritzon kongregazioko gidaria zen. Eta Hondarribian argi utzi zuen musika eta erlijioa bat zirela bere baitan. «Abesten dudanean predikatzen ere ari naiz», esan zuen. 21 seme-alaba zeuzkan, 90 biloba eta 19 birbiloba.
Ray Charles eta Sam Cookerekin batera, soularen aitabitxietako bat izan da Solomon Burke. Bere ahotsa «urrezkoa» dela esan zuen Tom Waitsek. Eta talde eta abeslari ezagun askok jo dituzte bere abestiak, besteak beste, Rolling Stones, Blues Brothers, Bruce Springsteen, Tom Petty, Sam Cook, Otis Reading, James Brown eta Wilson Pickettek. 50eko hamarraldian egin zen ezagun Got to Get You Off My Mind eta Just Out of Reach abestiekin. Berehala lortu zuten arrakasta ondoren etorri ziren Tonight the Night eta Everybody Needs Somebody to Love kantuek ere. Martin Luther Kingen omenez, I Have a Dream sortu zuen. Eta, 2002an, Don't Give Up On Me diskoa kaleratu zuen, besteak beste, Bob Dylan, Elvis Costello eta Van Morrisonen kolaborazioekin. Grammy bat irabazi zuen lan horrekin. 35etik gora disko utzi ditu Solomon Burkek. IRUNE BERRO
Rock-and-soularen erregea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu