Rocka, gerrillarako tresna

Rock-and-rolla gerrillarako tresna gisa ulertzen du Ian Svenoniusek, eta izpiritu horren isla izan dira haren proiektu guztiak. Chain & The Gang da horietan azkena.

Ian Svenoniusek 2009an sortu zuen Chain & The Gang, eta orduz geroztik sei disko argitaratu ditu. ANGEL CEBALLOS.
mikel lizarralde
2018ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Chain & The Gang ez da edonorentzat. Ez dago diseinatua igogailuko musika aukeratuko dieten roboten menpe dauden Ikeako biktimentzat. Baina adikzioa ere sor dezake, eta albo ondorio kezkagarri batzuk ekarri». Bere azkeneko musika proiektuaz mintzo da Ian Svenonius (Chicago, AEB, 1968), baina aipamena izan zitekeen bere ibilbide musikal-politiko guztian gidatu duen ezein talderi buruzkoa. Marxista agerikoa izaki, beti ulertu du rock-and-rolla gerrillarako tresna gisa, eta, ironia lagun, bere ideiak zabaltzeko erabili ditu The Nation of Ulysses, The Make-Up eta orain buru duen Chain & The Gang. Denak musika taldeak, denak agitazio politikorako plataformak, denak komando abangoardistak eta herrikoiak. Horietako azkenarekin izango da heldu berri den astean Svenonius Euskal Herrian.

Svenonius zuzenean ikusi duenak badaki haren performanceak meza laiko baten tankera hartzen duela askotan. Ez alferrik, gospela abesten zuten eliza baten ondoan hazi zen, eta, modu batean edo bestean, kantu espiritualek eragina izan zuten haren formakuntzan. Horri gehitzen bazaio eskubide zibilen aldeko martxak eta aldarri kontrakulturalak bor-bor zeuden urtean jaio zela eta nerabezaroa Washington D.C.-ko hardcore eta punk-rock zirkuitu ideologizatuan igaro zuela, ez da hain zaila Svenoniusen soslaia osatzea. Beti izan du jarrera antiautoritarioa, eta Dischord diskoetxearen magalean estreinatu zen bere lehen taldearekin, The Nation of Ulyssesekin, hardcorearen ertzak zabalduz eta bere burua talde «politiko, separatista eta terrorista» gisa definituta —hala ageri da gaur egun ere taldearen Bandcamp orrian—. Ironiari tartea eginez, baina helburuak garbi betiere.

1988tik 1992ra iraun zuen Ulisesen nazioak, nahikoa Svenoniusen proposamena hardcore kanonikotik askoz harago zihoala erakusteko. Eta nahikoa Svenonius sailkatzeko erraza izango ez zen musikari-agitatzaile-frontman-a zela jabetzeko.

Modernista

Basatia eta dibertigarria, baina baita zorrotza eta argia ere. Edota, alderantziz esanda, bere artearekin eta ideiekin konprometitua bezain irrigarria bere seriotasunean. Gorbatarekin eta jantzi dotoreekin azaldu ohi da zuzenean, etika eta estetika uztartuz. Baina ez luke nahi hori inork jarrera hutsal gisa ulertzea, eta postmodernitatearen «hutsaltasunetik» ihes egiten saiatzen da etengabe. «Ni garai modernokoa naiz; modernista bat. Nire iritziz, modernismoa ideologia da, eta postmodernismoa edukirik gabeko forma. Ni modernoa naiz».

The Make-Up bandarekin, kontzeptu berri bat asmatu zuen Svenoniusek 1990eko hamarkadan: gospel yeh-yeh marxista. Punk jarrerari eutsita, baina funkaren edo soularen dantzarako joera naturala bere eginda, aldarri antikapitalistak jaurtitzeko baliatu zituen talde harekin grabatu zituen diskoak; tartean taldearen indarra jasotzen zuten zuzeneko pare bat ere. Izan ere, The Make-Up-en garaian —eta Euskal Herrian emandako kontzertu gogoangarriak dira horren isla—, Svenoniusek bere performanceen parte bilakatu zituen ikusleak ere.

Chain & The Gang bere azken taldearekin, The Make-Upen espirituari eutsi dio, baina, aldi berean, zabaldu egin du bere soinuen eta musiken paleta. Experimental Music (2017) taldearen seigarren diskoak erakusten duen moduan, 1950eko pop musikaren ahaireek, funkak eta garageak bat egiten dute taldearen musikan. Eta zuzenean segitzen du bere egiteko moduari leial: «Gustatzen zait hitza eta soinua uztartzea, kantu formal hutsak egiten gelditu gabe. Horregatik miresten dut gospela. Hori da komunikazioa. Gainera, jendea parte hartzera eramaten du. Hori lortzen saiatzen naiz».

Komunikazioa duenez bere helburuen artean nagusietakoa, musikan ez ezik liburuetan ere islatu ditu bere ideiak Svenoniusek. The Psychic Soviet-en zenbait agerkaritan barreiatutako artikuluak bildu ostean, Supernatural Strategies for Making a Rock'n'Roll Group-en rock-and-roll talde bat sortzeko bideak markatu zituen —ironia handiarekin—, eta bere azkeneko lanean (Censorship Now!), zentsuraren alde, eta Wikipediaren — «Interneteko polizia ona»—, Ikearen eta Apple-ren kontra egiten du.

KONTZERTUAK

Astelehena 19. Bilboko Kafe Antzokian (Kutxa Beltza). 21:00etan.

Asteartea 20. Donostiako Dabadaban. 21:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.