Rockaren liturgia guztia errespetatuz

Status Quo, Twisted Sister eta Blue Oyster Cult talde beteranoek sasoian daudela erakutsi dute Gasteizko Azkena Rock jaialdiaren aurreneko egunean bildu diren 12.500 zaleen aurrean.

Status Quoko kideak, herenegun Gasteizen eman zuten kontzertuan. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Irene Elorza
Gasteiz
2012ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Rockak gaua maite badu ere, ez dio beldurrik eguzkiaren argiari, ezta bero sapari ere. Halaxe erakutsi zuten herenegun Azkena Rock jaialdian bildutako 12.500 musikazaleek. Itzalaren bila eta edariak eskuetan sartu ziren Mendizabalako eremura, iazko ilarak sufritu gabe eta ondo pasatzeko gogoarekin. Si Cranstounek eman zien ongietorria Lavon Helm Stage oholtza nagusian. 50eko hamarkadako rock, doo-woop eta soul doinuek gaur egun ere tokia badutela erakutsizuen britainiarrak. Are gehiago, abestiek abiadura apur bat hartzen zutenean; ska musikarekin loturak egiteko tentazioa izan zuen batek baino gehiagok, musikaren bideak ezin jakinezkoak direlako. Kontzertuak aurrera egin ahala, jendea girotzen joan zen, eta Italian Eyes eta Dynamo kantekin batera dantzan hasi ziren ikusleak. Festa hasita zegoen.

Jarraian, Dr. Maha's Miracle Tonic taldearen ikuskizuna etorri zen. Western filmetako duda-mudazko sendabidea saltzera etorriak ziren doktoreak, eta errezeta bakarra eman zieten Robin Gibb Stage oholtza txikiaren inguruan bildutako gaixoei: etorria eta freskotasuna. Banjoaren, mandolinaren, gitarraren eta biolinaren konbinazioak 40ko hamarkadako swing eta folk amerikarra berpiztu zuten, eta eguzkiak jarri zion Arizonako basamortuaren ukitu errealista.

«Garagardoa, emakumeak eta motorrak» lelopean hasi zen Blue Oyster Cult klasikoen saioa. Hutsik gabeko makina gisa jardun zuten agertoki nagusian; riff indartsuen sortzaile diren musikari bikainak direla frogatu zuten, baina erakusten duten zurruntasunak ez die askorik laguntzen publikoarekin konektatzen. Hala ere, Eric Bloomen taldeak badaki jendeak zer nahi duen, eta Burnin' for You eta (Don't Fear) The Reaper errepertorioko klasikoak oparitu zituen, aurpegia aldatu gabe.

Agertoki txikira amerikar folk kantautore baten bila joan zirenek ezusteko galanta hartu zuten Israel Nash Gripka estatubatuarraren emanaldiarekin. Bere ahotsaren indarrari hiru gitarraren deskarga elektrikoa gehitu zion eta, horrenbestez, kontzertu gihartsua osatu zuen.

Eta berriro ere oholtza nagusira itzultzeko garaia iritsi zen. Pena da kontzertuak elkarri zapaltzen ibiltzea, aukeratu beharra baitago zer ikusi osorik edota noiz utzi emanaldi bat besteaz gozatzeko. Dena dela, rockak ez du etenik, eta konturatzerako kartelburua entzuteko aukera iritsi zen. Twisted Sister beteranoek bildu zuten jendetzarik handiena. Rockaren liturgia osoa kontrolatzen dute, eta osagai guztiak erabiltzen dituzte errezeta arrakatatsua lortzeko. Dee Snider abeslaria benetako showman-a da, eta bistakoa da rock-and-roll animalia basatia dela. Aurrean zuen marea beltza saltoka jartzen jakin zuen New Yorkekoak bere taldearen laguntzarekin. Himno bihurtu diren kantetan luzatu zen, eta denak jarri zituen We're Not Gonna Take it eta I Wanna Rock oihukatzen.

Gau hotza girotuz

Jay Jay Frenchen gitarraren oihartzunak oraindik airean zeudela abiatu zen Graveyard suediarren saioa. Hisingen Blues diskoaren doinuak aletzen joan ziren, eta kontzertuak gora egin zuen. 70eko soinurik trinkoena ekarri zuten Mendizabalara, gaua iragartzen zuen zeru gorrixkaren azpian. Euren gitarretara bilduta, burumakur, oso kontzentratuta jo zuten, ikusleak hard rock doinuekin progresiboki inguratzen zituzten bitartean. Tempo mantsoak eta azkarragoak arazorik gabe dominatzen dituztela erakutsi zieten ordurako pozez zoratzen zeuden entzuleei.

Bigarren kartelburuarentzat tarte bat zabaldu zen ondoren. Status Quo taldeak rock-and-rollaz elkarrekin gozatzeko deia egin zuen, eta jarraitzaile andana aurkitu zuen bidean. Kantuak bata bestearekin kateatuz hasi zen ingelesen rock zaparrada. Quid pro quo laneko abestiak josi zituzten, ondo neurtutako ikuskizun batean. Oholtza gainean berde zegoen bakarra Francis Rossi abeslariaren gitarra zen. Ez ziren falta izan musikarien arteko koreografia klasikoak, ezta ikusleentzako hizketaldiak ere. Energiaz betetako eta pitzadurarik gabeko ikuskizun borobila eskaintzen dakite. In The Army Now, Whatever You Want eta gisako kantak ere klasiko bihurtu direla erakutsi zuten zaleen eztarriek. Bien bitartean, Steel Panther taldea ari zen bere proposamen lizuna zabaltzen, eta gero iritsi ziren Pentagram, Porco Bravo eta Dropkick Murphys-en emanaldiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.