'Nire buruan dago. Begien atzean'.
Non: Montehermoso kultur zentroa (Gasteiz). Noiz arte: 2011ko otsailaren 6ra arte.
Mikel Onandia
Gizonezkoak sendoa, langilea, agintaria behar du izan. Emakumezkoak, aldiz, sentikorra, erakargarria, zerbitzaria. Esaterako. Betidanik izan dira genero rolak gure gizarteetan -mendeetan zehar joan dira finkatu eta definitzen-. Egiaz, badirudi mendebaldeko gizarteetan diluitzen ari direla klixe tradizionalenak azken hamarkadetan, topiko bihurtzeraino; dena den, oraindino ere -eta publikoki agerian onartzea ondo ikusia egon ez arren- indartsu diraute gure inguruko egunerokotasunean, gure barne pentsamolde eta jarreretan. Darabilgun hizkuntzari, hedabideei, portaera inozenteenari arreta jartzea besterik ez dugu.
Gasteizko Montehermoson, Pasahitzak atalaren barruan, Haizea Barcenillak eta Saioa Olmok gure egungo gizartean gizonezko eta emakumezkoen rolen gainean genero ikuspegitik hausnartzen duen erakusketa bat antolatu dute. Zortzi bideok osatzen dute erakusketa, eta izenburuak berak argi uzten du zein den abiapuntua. «Nire buruan dago. Begien atzean», dio Sigourney Weaver-ek Alien Resurrection filmean, barruan duen munstroari erreferentzia eginez. Metafora horrekin aurkezten den erakusketan, konturatu barik gure baitan ditugun estereotipoen egiazko izaera agertu nahi dute, funtsean, bertan ikusgai diren bideoek bakoitzak bere modura egiten duten bezalaxe.
Dora Garciak The breathing lesson bideo laburrean (2001), neskatxa baten arnasketa modua gidatzen duen emakumearen aginduak errepresentatuz, haurtzarotik jasotzen ditugun balio inposizioak agerian uzten ditu, ezinbestean etorkizunean helduak izango diren umeenganako presioan arreta jarriz. Hala, kontrol zorrotz baten pean eta jarrera kritikorik gabe, ideia jakin batzuen arabera hazi eta hezitako haurrek helduaroan halakoak mantenduko dituzte, ziur asko, Martha Rosler artista estatubatuarraren Losing: a conversation with the parents lanean (1977) ageri zaizkigun gurasoak lez-itxura batean anorexiagatik hildako alabaz mintzo den bikote gazteak gizartearen biktima lez agertzen du berau, baina egiaz haien berbetan gizarteari egozten dizkioten aurreiritzi sexistak identifika genitzake-.
O.R.G.I.A taldearen Nazio Produktu Gordinak lanean (2005) zuzenean agertzen zaizkigu hedabideek orokorrean -izan telebista, zinema, publizitatea, eta abar- kontsumitzaileei bidalitako mezuen zerizanak. Kasu honetan, muntatze dinamiko batekin, frankismo bukaeran zen masa-kultura espainiarra darabilte egungo kontsumitzaileari atentzioa emateko; garaiko abesti, iragarki eta filmetako matxo iberikoak eta emakume sexualizatuek -Fernando Esteso, Andres Pajares eta enparauak ez dira falta- barregura eragingo ligukete, egiaz atzean duten ideologia erreakzionarioagatik ez balitz. Honek, garai bateko balioez modu hain gordin eta zuzenean ohartzeak gure garaikoen gaineko bestelako begirada ahalbidetzen du.Helburu antzekoarekin baina bestela, Soytomboi kolektibo bilbotarrak Allegoria (2009) izeneko lanaren bidez mendebaldeko artearen historian hainbestetan agertutako emakumearen irudiaren eta haren erotismoaren inguruko interpretazio klasikoena berrinterpretatzen du.
La bestia lanean (2005) bat-batean biluzi eta basati bihurtzen zaigun emakumearen kasuarekin, Maria Llopisek gizakiaren alderdi basati eta sozialenaren arteko borroka etengabean mugitzen den emakume bat agertzen digu, konbentzionalak eta bidegabeak diren balioen aurka errebelatzera doana, baina azkenean horien menpean makurtzen dena. Bere aldetik, giza adimen kutsatuek jasaten duten sufrimenduez -maskulinoa-femeninoa eta halako binomioen bonbardaketa etengabea kasu- garatu du Egosfera lana (2005), erakusketako animazio bakarra, Diego del Pozok.
Señora Polaroiska kolektiboaren Lady jibia (2006) ere badago ikusgai; ohikoa duten eran, oso lan zaindua -bai teknikoki, bai estetikoki-; itxuraz narrazio ulergaitz eta irudi eta egoera poetikoen bidez, genero rolen gaineko irakurketa konplexu eta sakona agertzen du. Bukatzeko, Sigalit Landauren Barbed hula lanak (2000) beste guztiak baino aurkezpen mingotsagoa du; sinplea da oso -emakume biluzi batek alanbrezko hula-hoop bat dantzatzen du gerrian-, baina orokorrean, edozelako zapalkuntza eta errepresioren alderdi mingarrienak erakutsita, inplikazio sinboliko nabarmena du hark ere.
Denak bideo lanak izan arren, era askotarikoak dira, eta bakoitzak bere testuinguru eta esangura propioa dauka -hedabideak, familia, heziketa moduak-, baina, halere, diskurtso teoriko orokor komuna agertzen dute: genero rolen presentzia isil baina indartsua, oraindik egun.Ikusle bakoitzak bertan jasotako ideiekin hausnartu eta bere ondorioak aterako ditu, baina abiapuntua eta honen aurkezpena zuzena eta argia da, eta eskertzekoa dugu hori. Badugu zertaz gogoeta egin. Gizonezkoa. Emakumezkoa. Rol and rol.
'Rol and rol'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu