Estadiotik belodromora bitarteko errepidea itxita. Segurtasun guardiak han eta hemen. Hamarnaka autobus eta kamioi erraldoi, eta ezin konta ahala langile batera eta bestera. Halaxe zen Donostian, Anoeta estadioaren ingurunea atzo arratsaldez. Estadioaren barnean mugimendua, are handiagoa. Futbol zelaiko belarra babesteko lurzoru plastikozkoa jarria, eta baita agertoki nagusiko hezurdura nagusia ere. Hezurdura horren gainean ehun bat txingurri, kaskoarekin asko, lanean, etenik gabe. Agertokiko goialdean zintzilik zenbait, agertokian bertan beste batzuk eta futbol zelaiaren gainean ere andanatxo bat. Mugimenduan denak, walkie-talkiei loturiko bospasei nagusiren agindutara.
"Show handi bat da. The Rolling Stones-en show-a. Beraien ikuskizun erraldoiak muntaketa erraldoia behar du; inoiz egin duten ikuskizun handi eta bereziena baita. Rockaren historiako ikuskizunik garestiena. Horretan ari gara orain, Donostiako kontzertua primerakoa izan dadin. Oso gustura baikaude denok Donostian egotearekin". Dale Skjerseth A Bigger Bang Tour birako produkzio zuzendariak agertokiaren parean esandako hitzak dira. The Rolling Stonesen produkzio zuzendaria izateaz gain, AC/DC, Guns N' Roses eta The Eagles taldeena ere bada.
200dik gora lagun eta lau egun behar izan dituzte agertokia muntatzeko: "Muntaketa osoa bukatzeko apur bat falta zaigu. Gaur (atzo) 22:00 aldera bukatzea espero dugu". 67 kamioi eta 11 autobus erabili dituzte material guztia ekartzeko.
Herenegun Bartzelonan jo zuen The Rolling Stonesek. Bi eguneko epea laburregia litzateke agertoki osoa leku batetik bestera eraman eta muntatzeko. Horretarako ere prestaturik daude, ordea, The Rolling Stonesen biraz arduratzen direnak: "Muntaketaren oinarria bat dugu, baina, hiru agertoki ezberdin muntatu genitzake. Une honetan, bat Bartzelonan dago, bestea hemen, Donostian, eta hirugarrena Lisboan".
Agertoki nagusia 30 metro garai da, milioi bat watt-eko soinu indarra izango du eta futbol zelai erdian egongo den agertoki txikiago batera loturik egongo da korridore baten bidez: "Lau bat kantutan futbol zelai erdiko agertokira joango dira taldekideak, baina hori nola egingo duten ezustekoa izango da", Skjersethen hitzetan.
22:00etan hasiko da kontzertua gaur, eta jendea 14:30erako ilarak sortzen ari zen estadio atarian.
EITBk mila lagunentzat bina sarrera oparitu ditu gaur.
Musika
Rolling Stones, 'show'-aren hezurdura prest da
Lau egun behar izan dituzte Donostiako gaurko kontzerturako agertokia muntatzeko. 22:00etan hasiko da, eta 14:30erako hasi da jendea Anoeta estadioan ilarak sortzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu