Brasilgo literaturaren izenik laudatuenetako bat izan zen Rubem Fonseca (Juiz de Fora, 1925). Idazkera zuzen eta artifiziorik gabekoa zen berea, eta bere herrialdeko idazle belaunaldi gazteagoetan ere eragina izan zuen.
Nobela beltza izan zuen generorik kutunena, eta behin baino gehiagotan onartu zuen AEBetako genero kriminala bere errealitatera eramaten saiatu zela. Hain zuzen ere, bere lanetan, gizarteak baztertutako pertsonak eta botereak usteldutako lehen eta bigarren mailako agintari txikiak gurutzatzen dira, eta Fonsecak idazkera gordin, zuzen eta askotan garratzarekin erretratatzen ditu.
1963an plazaratu zuen lehenengo literatura lana, kontakizun-bilduma bat: Os Prisioneiros. Handik bi urtera, Pen Club saria irabazi zuen A Coleira do Cão ipuin bildumarekin. Ez zen bere ibilbidean irabaziko zuen sari bakarra, 2003an Camoes saria jaso baitzuen –portugeseko literaturaren sari nagusia—, baita Juan Rulfo saria ere —Gabriel Garcia Marquezek eman zion—. 2015ean, berriz, Machado de Assis Brasilgo literatur saria eskuratu zuen.
Ipuin liburuak idatzi zituen (Lucia McCartney, 1967; Feliz Ano Novo, 1975), baita nobelak ere: O caso Morel (1973) Agosto (1980), A grande arte (1983)...
Fonsecaren literatura euskarara ekarri gabea da, baina Txalaparta euskal argitaletxeak idazle brasildarraren obra batzuk ditu publikatuak gaztelaniaz: Vastas emociones y pensamientos imperfectos eta El gran arte.