Ruben Blades, Jamie Cullum eta Kyle Eastwood dira Gasteizko 35. Jazz Jaialdian parte hartuko duten musikarietako batzuk. Antolatzaileek aurtengo egitarauaren zati handi baten berri eman dute gaur, eta aipatutakoez gain, Herbie Hancock, Wayne Shorter eta Marcus Miller hirukoteak Miles Davisen omenez eskainiko duen kontzertua nabarmentzen da. Uztailaren 16an izango da, jaialdiaren azken egunean.
Azken urteetan bezala, gospel gauak zabalduko du Mendizorrotza kiroldegiko egitaraua, uztailaren 11n, Craig Adams & The New Orleans Voicesen emanaldiarekin. Hurrengo egunean, Michael Whiteren seikoteak eta Trombone Shorty & Orleans Avenuek hartuko dute oholtza. Uztailaren 13an, asteazkenarekin, Kyle Eastwood kontrabaxu jotzailearen eta Nigel Kennedy biolin jotzailearen txanda izango da.
Uztailaren 14an, Jamie Cullumen zuzeneko ikusgarriaz gozatu ahal izango da Gasteizen —haren aurretik, Jose James arituko da—, eta uztailaren 15ean Ruben Bladesek bereganatuko du protagonismoa.