Ruben Gimeno zuzendari berriak gidatuta ekingo die EGOk saioei

Euskal Herriko Gazte Orkestrak topaketa egingo du datorren astetik aurrera. Bi programa landuko ditu aurten: bat ohiko emanaldietarako, eta bestea Musika Hamabostaldirako

German Ormazabal, Bingen Zupiria eta Ruben Gimeno, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU.
Donostia
2020ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Ruben Gimeno izango da aurrerantzean EGO Euskal Herriko Gazte Orkestraren zuzendari artistikoa, eta berak zuzenduko ditu orkestrako 73 musikari gazteak uztailaren 22tik abuztuaren 1era Donostian egingo dutentopaketan. Gimenok Juan Jose Ocon ordezkatuko du, 2000. urtetik orkestrako zuzendaria izan dena. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak atzo egindako agerraldian adierazi zuenez, 2020rako helburu nagusietako bat EGOri bultzada bat ematea zuten, eta iazko udazkenean barne prozesu bat jarri zuten martxan, orkestraren egitura birmoldatzeko asmoz. Hain zuzen ere, urtarrilean German Ormazabal aukeratu zuten EGOko koordinatzaile nagusi, eta jarraian etorri da Gimenoren izendapena.

Ruben Gimeno (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1972) Valleseko Orkestra Sinfonikoko zuzendari titularra izan da 2009tik 2016ra bitartean, eta, aurretik, sei urtez zuzendari izan zen Galiziako Gazte Orkestra Sinfonikoan. Zuzendari gonbidatu aritu da Espainiako orkestra askorekin, eta nazioarteko beste zenbait orkestra ere gidatu ditu.

«Ilusio eta atsegin handiz onartu dut izendapen hau», adierazi zuen Gimenok. «Niretzat erronka handia da. Musikari gazte gisa gazte orkestra batean aritzeak zenbateko garrantzia duen gogoratzen dut. Gure lana gazteei ateak irekitzea da, eta talentu berriei ahal dugun modurik onenean laguntzea». EGOren topaketan «pasioa, erantzukidetasuna eta talde lana» funtsezkoak izango direla ere adierazi zuen zuzendari berriak. «Gure ikasleei ahalik eta esperientziarik aberatsena eskaintzen saiatuko gara. Goi mailako nazioarteko esperientzia duten euskal irakasleak, nazioartekoak, eta Euskadiko zein Bilboko Orkestra Sinfonikoko irakasleak izango ditugu».

Topaketa Euskadiko Orkestraren Miramongo (Donostia) egoitzan egingo du EGOk, eta, aurten, bi programa ezberdin landuko ditu. Lehenengoa, obra hauek izango dira: Charles Gounoden haize instrumentuetarako sinfonia txikia, Gustav Mahlerren Adagietto eta Franz Schuberten D.485 bosgarren sinfonia si bemol maiorrean, eta lau kontzertutan aurkeztuko du: Gasteizko Principal antzokian, hilaren 26an; Bilboko Euskaldunan, 27an; Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, 28an; eta Hondarribiko (Gipuzkoa) Itsas Etxea auditoriumean, 29an. Abuztuaren 1ean, berriz, orkestrak Donostiako Musika Hamabostaldiaren inaugurazio ekitaldian hartuko du parte, besteak beste Steve Reich, Richard Wagner, Edvard Grieg eta Aaron Coplanden lanekin.

Gimenok onartu du azken hilabeteetako egoerak zail jarri duela funtzionamendua, baina orkestrako sail bakoitza banatuta egongo da agertokian, eta azaldu du horrek abantailak izango dituela: «Lan espezifikoago bat egiteko aukera ematen du, orkestrako sail bakoitzak duen hizkuntza propioa landuz».

Egitura moldatzea

Bestalde, Ormazabalek urtarrilean kargua hartu zuenetik orkestraren egitura moldatzeaz arduratu da. Ormazabal Euskadiko Orkestraren kudeatzaile nagusia izan zen urte askoan, eta EGOren sorreran ere parte hartu zuen 1997an. «Gaur egungo testuinguruan, EGOri toki berri bat aurkitzeko ardura izango du», adierazi zuen Kultura sailburuak.

Ormazabalek aitortu du pandemiaren ondorioz lan egiteko zailtasunak izan dituztela. «Lan isila egin dugu. Hasierako ideia zen bai proiektuaren bai zuzendari berriaren aurkezpena martxoan edo apirilean egitea, entzunaldiekin batera».

Ormazabalek esan du azken hilabeteetan Gimenok eta berak lan handia egin dutela eta elkarrekin ordu asko igaro dituztela. «Erronka nagusia zen gure herrialdearen musika hezkuntzaren eta panorama orkestralaren diagnostiko bat egitea». Proiektuaren asmo estrategikoa nabarmentzeaz gain, orkestraren koordinatzaile nagusiak misioaren garrantzia azpimarratu zuen: «Behin ere ez dugu ahaztu behar zertarako den proiektu hau, eta zer leku eduki beharko lukeen EGOk».

Halaber, orkestraren koordinatzaileak aitortu zuen aurtengo entzunaldiak online egitea esperientzia aberasgarria izan dela, eta malgutasun handiz aritu direla nabarmendu. Inoiz baino hautagai gehiago aurkeztu dira entzunaldietara.

Kontzertuez gain, EGOk beste egitasmo batzuk ere aurrera eramango ditu udan. Horrela, hilaren 28an streaming bidezko eztabaida foro bat izango da, eta Ruben Gimenok eta bere anaia Gustavo Gimeno orkestra zuzendariak hartuko dute parte. Kutxa Kulturrek antolatu du topaketa hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.