Ilunpetan bizi ohi da saguzarra, baina argitasunaren bila atera da oraingoan. Argiaren ideiaren inguruan eraiki ditu Maite Arroitajauregik Mursego izen artistikoaz kaleratu duen Bi (2) diskoko kantuak. «Hitz batzuk ilunak iruditu edo izan arren, azkenean beti sartzen da argia zulo batetik; hitz sakonenak ilunak badira ere, positibotasun horretara heldu nahi dut eta argia kantu askotan agertzen da, zerbait positiboa bezala». Bidehutsekin ikusi du argia Arroitajauregiren bigarren diskoak.
Lehen abestiak laburbiltzen du disko osoan entzungo dena, musikariaren hitzetan. Argia protagonista duten kantu banak ematen dio hasiera eta bukaera lanari. Tartean, askotariko gaiak azaltzen dira, bideo joko bati eginiko kantutik (Donki Kongu) errezeta musikatu bateraino (Hegaluzea pistoarekin). Banpiroei eginiko erreferentziak ere ez dira falta. «Mursego hitza [portugesez saguzarra] bere doinua gustuko nuelako aukeratu nuen, baina hor buelta bat egon da, saguzarrak, banpiroak... eta orain hor sartuta nabil, saguzarrei buruz irakurtzen...».
Biolontxelo ikasketak kontserbatorioan egin ostean, beste musika estilo batzuekiko zaletasunak eraman zuen Arroitajauregi beste hainbat musikari eta talderekin kolaboratzera; tartean, Lisabo edo Anarirekin. Bakarkako lehen diskoa iaz kaleratu zuen Mursego gisa, Bat (1), kontzertu baterako prestatutako kantuekin. Ordutik sortutako abesti berriekin bigarren lana kaleratzea proposatu zion Bidehutsek. Eta lehena baino lan luzeagoa eta «askoz ere landuagoa» dela azaldu du musikariak. Bere ahotsa eta txeloa nagusi dira, baina melodika, ukelelea, theremina, enbolo txirula, autoharpa eta antzeko tresnak ere baliatu ditu, besteak beste.
Hitzetan ere nabari da lanketa handiagoa. Victor Iriartek idatzi ditu kantu gehienen hitzak, eta Arroitajauregik euskaratu eta moldatu, beste hainbat idazteaz gain. Bi pieza izan ezik, kanta guztiak euskaraz izatea logikoa dela dio, lehen lanean baino «gauza gehiago eta intimoagoak» kontatu nahi dituelako oraingoan.
Zinemaren eragina
Zinema «inspirazio iturri garrantzitsua» da Arroitajauregirentzat, eta hainbat filmen gainean ondu ditu zenbait kantu (Iraganik gabeko emakumea edo Zaldi basatiak, besteak beste). Zinema zaletasunak bultzatuta, 1930eko hamarkadako film labur sorta bati musika jartzeko proiektuari heldu dio orain, Ikuspuntu zinema jaialdiari begira. Egitasmo hori kontzertuekin tartekatuko du. Soraluzen egingo du hurrengo emanaldia, abenduaren 12an.
Saguzarra argi bila atera da
Txeloa nagusi bada ere, bestelako musika tresna ugari erabili ditu Mursegok 'Bi (2)' bigarren diskoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu