Sahararren hiru belaunaldiko borroka, emakumeen begietan

Pedro Perez-Rosado zuzendariak 'Wilaya' filma aurkeztu du Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian, lehiaz kanpoGaur emango dute, jaialdia itxiko duen saioan, Iciar Bollain omendu eta gero

Aziza Brahim eta Memona Mohamed aktoreek Wilaya filma aurkeztu dute Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian. JUAN CARLOS RUIZ / EFE.
Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2012ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Inoren lurraldean bizi dira sahararrak. Nazioarteak ez die nortasunik eta herritartasunik onartzen; ez dute beren herria eraikitzeko leku fisikorik, eta herrialde ikusezina dira mundu mapan.Mendebaldeko Sahararen lur zabal eta antzuetan, basamortu erraldoiaren atarian bizi dira sahararrak, iheslarien kanpalekuetan, beren egoera norbaitek noizbait aldatuko zain. Ez aurrera ez atzera, jada 37 urte daramate linbo egoeran. Hiru belaunaldi hazi eta hezi dira kanpaleku horietan, giza laguntzarako taldeek elikatuta eta telazko dendetan bata bestearen ondoan pilatuta. Pedro Perez-Rosado zinemagileak (1953, Valentzia, Herrialde Katalanak) belaunaldi gazteen inguruko istorio bat landu du Wilaya filmean. Erbestean hazi dira gazte saharar asko, eta atzerrian ezagututako kultura jaioterrikoarekin talka egin ohi du. Sahararren nortasunaren gatazka eta aldaketa horiek islatu ditu zuzendariak. Gaur, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiari amaiera emango dio, eta maiatzaren 4an estreinatuko dute zinema aretoetan.

Laguntza eskaera ez da berria, Perez-Rosadok dioenez: «Sahararren egoera ezagutarazteko eta salatzeko asmoarekin egindako lan mordoa dago. Jaialdi honetan bertan, Alvaro Longoriaren Hijos de las nubes, la última colonia film dokumentala aurkeztu dute, adibidez. Baina Wilaya ez da salaketa sozial soila; kanpamenduetan bizi direnen egunerokotasuna, sentipenak, gizartearen aldaketak jasotzen saiatu gara».

Hamasei urtez Valentzianbizi ondoren, Smarako Wilaya jaioterrira bueltatuko da Fatimatu (Nadhira Mohamed), ama biologikoaren hiletara. Han, Jatri anaia (Mohamed Mulud) eta Hayat ahizpa elbarria (Memona Mohamed) topatuko ditu. Fatimatuk Mendebaldeko kultura eta bizimoduak sakon barneratu ditu, eta arrotzak zaizkio jaioterriko ohiturak. Valentzian utzitako bizitara bueltatzeko irrikan dago. Baina amak familiaren jaima (etxea) utzi dio oinordekotzan, eta ahizpa zaintzen gelditu beharko du. Fatimatuk bi kulturen artean harrapatua ikusiko du bere burua; autoa gidatzen duen Wilayako lehen emakumea bihurtuko da, eta pixkanaka, nortasun propioa garatuko du, bi herrialdeen arteko zubi kulturala eraikiz.

Emakumeak dira filmeko protagonistak. Belaunaldiz belaunaldi sahararren nortasuna eta kultura babesteko borroka egin dute, eta belaunaldi berriak borrokan jarraitzeko prest daude. Memona Mohamed aktoreak saria jaso du Abu Dhabiko Zinemaldian, eta Berlinalen ere aurkeztu dute filma. Mohameden lehen aktore lana da, eta bere herriaren onerako asko saiatu dela adierazi du: «Sahararron egoera munduak ezagut dezan leiho bat da filma. Basamortuan ahaztutako beduinoen herrialdea gara, eta 37 urtez laguntzetatik bizitakoa. Ni bezala, gaixo dauden haur eta helduak daude kanpamenduetan; ni Tindufen jaiotakoa naiz, eta zailtasunak izan ditut bidaiatzeko, ez dudalako nortasun agiririk. Nire nortasunaren ikur bakarra melhafa buruko zapia da».

Zapia erabiltzeko askatasuna dute emakume sahararrek, eta herritartasuna berreskuratzeko borrokaren ikur gisa erabiltzen dute. Aziza Brahim musikari eta aktoreak sortu du filmeko musika, eta Euskal Herria aurretik ezagutu du, Oreka TXrekin elkarlanean besteak beste. Euskal Herriak sahararren alde egindako lana eskertu du Brahimek. «Asko sufritu duen herrialdeari laguntzeko balio du film honek. Dena den, pauso bat aurrerago doa filma. Gure izaeraren barrenak erakutsiz, gure kulturan azaleratzen zailak diren sentipenak jasotzen ditu; maitasuna, adibidez».

Borroka oinordekotzan

Jose Maria Morales ekoizlearen esanetan, jaialdietan filmak arrakasta handia izan du: «Ikusleek ondo hartu dute, eta jendea mugiaraztea lortu dugu. Baina mugimendua ez da inoiz iristen gobernuetara. Saharar gazteek oinordekotzan jaso dute borroka».

Gaur amaituko da zinemaldia, Wilaya-rekin, lehiaketatik kanpo. Horrekin batera, arratsaldean Iciar Bollainen También la lluvia filma emango dute. Jaialdiak Bollainen zinemagile ibilbidea omenduko du, Giza Eskubideen Zinemaldiaren Sariarekin. Horrez gain, film luze onenaren ikusleen saria, film labur nenaren gazteriaren saria eta Amnesty International saria banatuko dituzte jaialdiko azken ekitaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.