Zuzendari Berriak atala sail independentea izango da aurtengo ekitalditik aurrera, antolatzaileek jakinarazi dutenez.Zuzendari Berriak izango da sail berriaren izena, eta, orain artean bezalaxe, «mundu zabaleko zinemagileen lehen eta bigarren filmak aurkezteko plataforma» izango da. Orain artean Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi sailaren barruan antolatu dute atal hori.
Parte hartzaileak Kutxa-Zuzendari Berriak saria eskuratzeko lehiatuko dira; saria 90.000 eurokoa izango da, eta zuzendariak eta film irabazlea Espainian banatuko duen etxeak jasoko dute erdi bana. Saria sail honetan aurkeztutako lanek bakarrik eskuratu ahal izango dute; hau da, Donostiako Zinemaldiko beste sail batzuetan aurkeztutako lanek, zuzendarien lehen edo bigarren filmak izanagatik ere, ez dute saria jasotzerik izango.
Zinemagile ezagunek irabazia
«Zuzendari Berriak atala sortu zenetik, urtero etorkizun handiko hogei zinemagile inguruk hartu dute parte lehiaketan lehen lanekin», ekarri dute gogora antolatzaileek. Horietako asko oso ezagunak bilakatu dira beren ondorengo ibilbidearengatik: Olivier Assayas, Agusti Villaronga, Isabel Coixet, Juanma Bajo Ulloa, Tsai Min-liang, Danny Boyle, David O. Russell, Agustin Diaz Yanes, Hans Petter Moland, Nicolas Winding Refn, Juan Jose Campanella, Simon Staho, Laurent Cantet, Bong Joon-ho, Achero Mañas, Tom McCarthy, Lee Daniels, Javier Rebollo, Hana Makhmalbaf eta Judith Cole.
«Zuzendari Berriak sailari garrantzi eta ikusgarritasun handiagoa emango dion erabaki honekin», Donostiako Zinemaldiak «argi eta garbi erakusten du nazioarteko zinemagile gazteen alde egindako apustua», antolatzaileen iritziz. «Helburua bikoitza da: zuzendari gazteon lanei garrantzi are handiagoa ematea, bai eta Espainian banatzen laguntzea ere».
Donostiako Zinemaldiak 60. ekitaldia izango du aurtengoa. Irailaren 21ean hasiko da eta irailaren 29an amaitu.
Sail bihurtuko da Donostiako Zinemaldiko Zuzendari Berriak atala
Orain artean Zabaltegi sailaren barruan antolatu dute, baina independentea izango da aurrerantzean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu