Saint Phalle, Jeff Koons eta Alex Katz, Guggenheimen

Artiumek sei bilduma hartuko ditu.Iruñean museo berria zabalduko da

Ainhoa Sarasola.
2015eko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Museoek ere beren eskaintza berrituta hasiko dute 2015a. Bilboko Guggenheimek, hitzarmena berritu ostean, beste aldi bati ekingo dio, eta aldi baterako hiru erakusketa nagusi iragarri ditu dagoeneko. Otsailean zabalduko du lehena, XX. mendeko sortzaile esanguratsuenetako baten lanaren atzera begirako zabalarekin: Niki de Saint Phalle (Neuilly-sur-Seine, Frantzia, 1930-San Diego, AEB, 2002). Eskultorea, margolaria eta zinemagilea izan zen artista frantsesa, eta, feminismoa ardatz hartu zuelako, iraultzailetzat jo izan ziren haren hainbat lan, polemika ere sortu zutenak. Haren lan ezagunenen artean daude Nanak saileko emakume gorputz handi eta koloretsukoak, eta baita Parisko Pompidou zentroko Automaten iturria deritzona osatzen duten eskulturak, besteak beste.

Ekainetik aurrera, berriz, surrealismotik, minimalismotik eta dadaismotik edan zuen artista baten lanak izango dira ikusgai Guggenheimen, Jeff Koons: atzera begirakoa erakusketan. Sortzaile estatubatuarrak ondua da, besteak beste, urteotan Bilboko museoaren ikurretako bat bilakatu den Puppy txakur erraldoia. Udazkenean, berriz, Afrika izango da protagonista, Making Africa: A Continent of Contemporary Design erakusketarekin.

Horiez gain, hirugarren solairuko aretoetan museoaren bildumako pieza esanguratsuenak paratuko dituzte uztailetik aurrera, eta 105. aretoan erakusketa monografikoen ziklo berri bati ekingo diote urrian, Alex Katz artista estatubatuarrarekin ekin ere. Bideo instalazioak ere izango dira, Kimsooja, Shahzia Sikander eta Ho Tzu Nyen artisten eskutik. Litekeena da eskaintza horri publiko zabalarentzako beste erakusketa bat gehitzea urtean zehar, arduradunek azaldu dutenez.

Zer ikusia izango da Gasteizko Artium museoan ere, sei erakusketa nagusi antolatu baititu hasi berri den urterako. Bi artistaren erakusketa banarekin zabalduko du urtea museoak: Fermin Jimenez Landa artista nafarraren Turno de noche, urtarrilaren 30etik aurrera; eta Mabi Revuelta bilbotarraren Juguetes irrompibles, maiatzaren 15etik aurrera. Ekainarekin, berriz, lehen erakusketa kolektiboa iritsiko da, Iconofagias. Fotografía cubana contemporánea izenburupean. Bigarrena, P.I.G.S. izenekoa, azaroan zabalduko da; artista portugaldar, espainiar, italiar eta greziarren lanak bilduko ditu, Europa iparraldeko herrialdeen hegoaldekoekiko begirada paternalista kritikatzen dutenak. Museoko funtsekin osatutako bi erakusketa ere jarriko dituzte ikusgai Artiumen.

Moneoren eraikin berria

Nafarroako Unibertsitateak bere museo propioa zabalduko du Iruñean. Rafael Moneo arkitektoak diseinatu du eraikina, eta 2008an hasi zituzten eraikuntza lanak. Horiek amaituta, urtarrilaren 22a aukeratu dute inaugurazio ekitaldia egiteko. Goizean egingo dute ekitaldia, eta arratsaldean, berriz, gala bat, dantza garaikideko ikuskizun batek lagunduta. Hurrengo egunean zabalduko dituzte museoko ateak publikoarentzat, eta beste gala bat izango da gauean.

Lau erakusketarekin ekingo dio museoak bere ibilbideari, eta laurak izango dira ikusgai lehen egunetik bertatik. Iñigo Manglano-Ovalle artista madrildarrak museoarentzat espresuki ondutako The Black Forest proiektua jarriko du erakusgai. Erretako egurrez estalitako bi kubok osatzen dute egitasmoa. Bestalde, 2008an Maria Josefa Huartek museoari dohaintzan emandako bere bilduma pribatuaren hainbat pieza jarriko dituzte ikusgai; Jorge Oteiza eta Antoni Tapiesen lanak izango dira tartean. Jose Ortiz Echague argazkilariak Afrika iparraldean hartutako irudiek osatuko dute beste erakusketetako bat. Eta 160 kalotipo biltzen dituen erakusketa bat ere izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.