Bere ibilbideko bigarren isilaldirik luzeenari amaiera emanez, hilabete barru kaleratuko du Ramon Saizarbitoriak Martutene eleberria (Erein). Bederatzi urte dira Saizarbitoriak Kandinskyren tradizioa gazte literaturako nobela argitaratu zuenetik, eta hamabi Gorde nazazu lurpean aurkeztu zuenetik. Duela bi urte inguru idatzia zeukan nobela berria, eta harrezkero presarik gabe baina pausa handirik gabe aritu da zuzenketa lanetan. Saizarbitoriarena da, a priori, uda bitartean kaleratuko diren liburuen artean ikusmin handiena piztuko duena, nahiz eta Pello Lizarraldek eta Itxaro Bordak ere nobela berri bana kaleratuko duten.
Saizarbitoriaren liburua apirilaren erdialderako kaleratua izatea espero du Iñaki Aldekoak, Erein argitaletxeko editoreak, apirilaren 23aren inguruko azokarako garaiz iristeko. Bi pertsonaia nagusi —Iñaki Abaitua ginekologoa eta Martin idazlea— eta «beti elkar ukitzen duten baina elkarrekin erabat nahastera iristen ez diren bi mundu paralelo» aurkezten dizkio Martutene-k irakurleari, Aldekoak aurreratu duenez. «Nobelan istorio asko kontatzen dira, baina pertsonaiek daukate berezko nortasuna eta indarra, beren harremanekin, beren afektuekin eta beren gorabeherekin». Egilearen aurreko nobeletako gaiak ez ezik, haietako pertsonaiak ere agertzen dira Martutene-n. «Dena da sare bat. Saizarbitoriaren obra irakurri duenak etengabe aurkituko ditu aurreko liburuetako erreferentziak handik eta hemendik. Baita beste idazle batzuenak ere».
Pello Lizarralde eta Itxaro Bordaren nobelei buruz ez dute askorik aurreratu editoreek, liburu horiek oraindik ez baitaude Saizarbitoriarena bezain aurreratuak edizio prozesuan. Badago esaterik, hala ere, Bordaren nobelak, egilearen aurreko hainbatek bezala, Amaia Ezpeldoi detektibea izango duela protagonista, eta haren ikerketak kontagai.
Narratibaren arloan, aipagarria da bere lehen lanarekin —Zakur kale narrazio bilduma (Susa, 2007)— kritikaren oniritzia jaso zuenidazle baten itzulera: Harkaitz Zubirik Etxekalte kaleratuko du oraingoan, «nora ezean dabiltzan pertsona batzuen bizitza intimoa» kontatzen duen nobela, egilearen hitzetan. «Ez dute oso argi zer egin nahi duten beren bizitzekin. Bizitza gurutzatuak kontatzen ditu nobelak, gaur egungo Donostian kokatuta. Irakurlearen jakin-mina piztea da kontaeraren motorra».
Xabier Etxeberria, Jose Enrique Urrutia Capeau, Luis Mari Mujika, Aitor Arana, Iñaki Irasizabal , Josu Penades eta beste halako izen ezagunen ondoan, idazle berrienak ageri dira aurki argitaratzekoak diren liburuen egileen zerrendan, horien artean Garazi Kamio Igartza sariaren irabazlearena. Eta orain artean haur eta gaztetxoentzat idatzi badu ere, oraingoan helduentzako ipuinak kaleratuko ditu Arrate Egañak Paradisua bilduman.
Xabier Lete sariaren irabazlea
Poesiaren arloan ere asko dira izen berriak, horien artean Iñigo Astiz BERRIAko erredaktorearena eta Ione Gorostarzu Bergarako Idazle Eskolaren sariaren irabazlearena; Urtzi Urkizuk —hau ere BERRIAko erredaktorea— bigarren poema liburua aurkeztuko du martxoan, Maiatz argitaletxeak plazaratua. Karlos Linazasoro, Jon Gerediaga eta Karlos Santisteban ere poema liburu berrien egileen zerrendan daude. Linazasororen Ezer gehiago behar gabe-k Xabier Lete sariaren lehen ekitaldiaren irabazlea izateko ohorea du. Betiko gaiak landu ditu Linazasorok —denbora, maitasuna, heriotza…—, poetikotasunez baina hermetismorik gabe; Apenas liburuan, berriz, poemak eta prosazko askotariko testu laburrak batu ditu egile berak.
Ohi bezala, askotarikoak dira Saiakera, kazetaritza eta beste ataleko liburuak. Joxe Azurmendik Miguel Unamunoren pentsamenduaren azterketan sakonduz eta egungo hainbat ikuspegi politiko kritikatuz —ezker abertzalea karlismoarekin eta espainolismoa liberalismoarekin lotzeko joera «esentzialista» bereziki— idatzitakoa; Pako Aristik eta Mikel Markezek Benito Lertxundi elkarrizketatuz osatutakoa; Markos Zapiainek Saizarbitoriaren narratiba aztertuz taxututakoa; Fito Rodriguezen aforismoena… Haur eta gazte literaturako eskaintzan ere idazle ezagun eta ez hain ezagunen izenak batzen dira,eta, literatur generoei dagokienez, narratiba da, beti bezala, nagusi.
Itzulpenetan, ohi baino urriago
Itzulpenen arloan, hutsune nabarmena izango da Igela argitaletxearena, udazkena arte ez baitu liburu berririk kaleratuko. Gainerako argitaletxeen eskaintzan ere ez dute itzulpenek beste batzuetan adinako ugaritasunik eta indarrik, eta Literatura Unibertsala bildumako libururik ez da oraingoz ageri aurreikuspenen artean. Hainbat idazle ezagunen obrak iritsiko dira, hala ere, euskararen plazara,hala nola Emilio Salgari eta John Steinbeckenak, besteak beste.
Itzulpenen urritasun hori alde batera utzita, liburuen kopuruan eta generoen arteko banaketan ez dago aurreko urteetako zerrendekin alde nabarmenik. Ohi bezala, nobela da genero ugariena, eta antzerkia urriena, argitalpen bakan eta puntualetara murriztua.
Saizarbitoriaren 'Martutene'-ren itzalpean
Apirilean kaleratuko du Ereinek 'Hamaika pauso'-ren egilearen obra berria, 'Gorde nazazu lurpean' atera zuenetik hamabi urteraPello Lizarralderen nobela berri bat eta Itxaro Bordaren beste bat ere iragarri dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu