Hegazti sarraskijale bat da carancho-a Argentinan. Eta horixe egiten saiatzen da Ricardo Darinek antzezten duen Sosa abokatua Carancho filmean, auto istripuak izaten dituztenen seguru etxeei eta istripua izan dutenei beraiei dirua ateratzen, alegia. Erdi ezkutuan dagoen errealitate bat estetika ilun eta gordin batekin lagundurik eta amodio istorio batekin uztarturik agertzen du Pablo Trapero zinemagile argentinarrak (San Justo, Gran Buenos Aires, 1971); beste zenbait filmetan egin duen bezala, oso agerikoa ez den errealitate sozial bat narratibitate handiko istorio filmiko bilakatu du. Argentinako zinema aretoetan aurten gehien ikusi den filma da, eta Oscar sarietarako hautagai nagusia dela diote gehienek, baina egilea ez du kezkatzen gai horrek: «Hautaketa egiten dutenean ikusiko dugu zer gertatzen den».
Carancho-k, Mundo Grúa-k eta El Bonaerense-k bezala, istorio bat kontatzeaz gain, kezka sozial garbi bat azaltzen du.
Bai, hala da. Gustatzen zait filmek aukera desberdinak izatea. Publiko desberdinekin solasteko aukera izatea gustatzen zait. Film bat amaitu ondoren, betirako amaitu ez dadin nahi nuke, ikuslea gera dadila bere pertsonaiekin, istorioarekin... Baita gaiarekin ere, baina ez da nire asmoa egia bat azaltzea. Egia bat azaltzen duten filmetatik oso urrun sentitzen naiz. Nik proposamen bat egiten dut, eta ikusleak jakingo du proposamen horrekin zer egin.
Hortik letorke zeuk egin izan duzun zinema sozialaren eta salaketa zinemaren arteko bereizketa?
Txiste modura esaten dut salaketak epaitegietan egiten direla. Beste esparru bat da salaketena, baina horrek ez du esan nahi zinemak ezin duenik zerbait salatu. Salaketa zinema definizio modura ia kontraesan bat da. Tradizionalki salaketa zinema deitu izan denak pedagogiatik izan du asko, eta sarri kontrako eragina izan du ikusleengan. Eta film asko daude etiketa hori ez dutenak, baina eraginkortasun handiagoa lortzen dutenak, proposamen estetiko sendo batetik abiatuta. Zinema ekintza politiko bat da, eta ez zaio zertan pisu gehiago erantsi. Ikusleari ez zaio gustatzen lezioak eman diezazkioten.
Zein zuzendarirengan ikusten dituzu dohain horiek?
Asko daude, eta oso nortasun desberdinekoak gainera. Zinemagile asko ditut gustukoak. Beraien filmak behin eta berriro ikusten ditut, esaterako, Chaplin, Wilder, Fellini, Buñuel, Scorsese, Audiard, Herzog...
Asko arakatu behar izan al duzu auto istripuen inguruko negozio erdi ezkutuko horretan filma egin ahal izateko?
Dezente ikertu behar izan nuen, bai, istripuen inguruko negozio hori ez delako begi-bistakoa eta ez diolako jende mota bakar bati eragiten, sektore askori baizik. Eta pozik nago, ikusten dudalako fenomeno lokal bat izan zitekeena beste herrialde askotan ere ematen dela, edo behintzat ulertzen dela. Zoritxarrez leku gehienetan dago besteen zoritxarretik mozkinik atera nahi duen jendea. Filmak ez du izan nahi Argentinako gizartearen inguruko gogoeta bat, baizik eta norbanakoaren ingurukoa.
Gogorra izan al da Carancho-ren filmaketa?
Ez, ez da izan oso gogorra. Gauez filmatu genituen eszena gehienak, eta horrek gogortu zuen filmaketa. Zenbait eszena baldintza gogorretan filmatu ziren, baina baldintzak gogorrak direnean dena planifikatuago egoten da, eta azkenean errazago ateratzen da. Gainera, Ricardo Darinekin eta Martina Gusmanekin filmatzea luxu handia da.
Zer moduz epaimahaikide lanetan? Zer-nolako maila dute aurtengo filmek?
Ondo. Bukaerara iristen ari gara, gu zenbait film aurreraturik ikusten ari baikara, epaimahaiko kideetako batek jaialdia amaitu aurretik joan behar duelako. Etzi [bihar] bukatuko dugu guztiak ikusteaz. Oso plurala da aurtengo jaialdia.
Epaimahaikide izanik, beste begi batzuekin ikusten al dira filmak?
Ez, nik pelikulak ikusten ditut, besterik ez. Epaimahaiko kide izatea niretzat zoragarria da, eguneko hiru film ikusten baititut. Zinema zuzendari izan aurretik ikusle naiz. Egunero film bat ikusteko ohitura dut.
Pablo Trapero. 'Carancho' filmaren zuzendaria
«Salaketa zinema definizio modura kontraesan bat da»
Epaimahaiko kide izateaz gain, Argentinako auto istripuen atzean dagoen negozioari buruzko 'Carancho' filma aurkeztu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu