Leire Ibarguren. Irakaslea

«Salaketak, biktima roletik ez ezik, agian umoretik ere egin beharko genituzke»

Sexu genero sistemak ezarritako rolek umorea bizitzeko eta sortzeko moduan eragina dutela uste du Ibargurenek. Emakumeek eremu publikoan umorea egiteko dituzten oztopoak aztertu ditu.

Ainhoa Sarasola.
2011ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Generoari buruzko masterra egin zuen Leire Ibargurenek (Azpeitia, 1979), eta Nolako umorea egin nahi dugu emakumeok arte eszenikoetan? izenburupean tesina osatu zuen ikasketen amaieran. Gaiaren inguruan mintzatu zen atzo Villabonan, Bertsozale Elkarteak antolatutako Umorez: generoa bertsolaritzan topaketetan.

Komunikatzeko modu bat ez ezikumorea tresna garrantzitsu bat ere izan daitekeela diozu zure tesinan. Zertarako balia daiteke umorea?

Umoreak gizartean rol asko joka ditzake. Batetik, gizartean dauden hainbat arau indartzeko balio dezake, baina baita horiek zentzugabeak direla ikusarazteko, kritikatzeko edo zalantzan jartzeko. Bestetik, umorea askotan erreferente jakin batzuetan oinarrituta egiten da, eta, erreferente horien arabera, askotariko errealitateak ikusaraz ditzakezu. Egungo gizartean emakumeekin lotutako zenbait errealitate ikusezintasunean daude, eta horien inguruan umorea egitean, gizarteratu egiten dituzu. Hortaz, beste errealitate batzuk ikusarazteko balio dezake.

Emakumeek eremu pribatuan umore asko egiten dugula diozu, baina ez jendaurrean. Zein zailtasun ditugu?

Sexu genero sistemaren arabera emakumeei rol batzuk egokitzen zaizkigu; adibidez, ez nabarmentzea edo seduzitzaileak izatea, etaumorearekin, publikoan zeure burua egoera irrigarrian jartzea rol horien kontra doa. Bestalde, txikitatik erakutsi izan zaigu arduraren izaten. Badirudi inportanteak diren gauzak ezin direla umorearekin egin, eta arduraren rol hori emanda, umorea arlo askotan mugatu egin zaigu. Aldiz, eremu pribatuan aukerak baditugu umorea egiteko gure egunerokotasunarekin lotutako errealitateen inguruan, emakumeen artean ezagunak direlako. Oholtzan egiten duzuna publikoarekin partekatzen duzu, eta eremu publikoan gai horiek tratatzea ez denez ohikoa, agian ez ulertzeko edo aspertzeko beldurrak sor daitezke.

Erreferente ezberdinak izateak noraino baldintzatzen du emakume umoristaren sormena?

Nire ustez, emakumeak umorea egiteko aukerak baditu, baina askotan publikoaren erreferenteen inguruan izaten da, ez beren egunerokotasunetik gertu geratzen diren erreferenteen inguruan, publikoak ezagutzen ez dituelako.

Kontsumitzaile gisa «gure umorea egin ez, eta gizonen graziei barre egiten ikasi» dugula diozu. Nondik has daiteke hori aldatzen?

Gizonen erreferenteen inguruan egiten den umore horri buruz barre egiten ikasi dugu emakumeok. Aldi berean, atseginak izaten eta irribarretsu agertzen irakatsi zaigu, gure aurpegiko espresio naturala balitz bezala. Rol banaketa horrek nolabait behartzen gaitu beste batzuen graziei barre egitera, graziarik egiten ez digutenean ere bai, bestela, agian, zakarra zarela leporatuko dizutelako. Virginia Imazi hitzaldi batean entzun nion emakumeok ikasi behar dugula geure erreferenteen inguruan umorea egiten eta barre egiten, baina lehenago ikasi behar dugula graziarik egiten ez digun horri barrerik ez egiten.

Umore objektu izaten da emakumea beste askotan. Erreferente ezberdinen arazotik harago doa hori, ezta?

Lehen esan bezala, umorea zenbait gizarte arau indartzeko erabil daitekeen tresna da, eta emakumea umore objektu erraza da, nire ustez, batez ere inertziaz edo hausnarketarik gabe egiten den umore horretan. Emakumeak baditu bete beharreko patroi jakin batzuk; egon behar dugu argalak, goitik behera depilatuak, txukunak, gehiegi nabarmendu gabe, zarata gehiegi atera gabe... Arau horiek guztiek indar handia dute, eta heldulekuak sortzen dituzte guri buruz barre egiteko.

Alde horretatik, nolakoa da emakumeen umorea? Zertan da desberdina gizonen umorearekiko?

Ez dakit emakumeen umorea ezberdina den. Esango nuke emakumeen umorea gaur egun oraindik egiteko dagoela, emakumeen erreferenteen inguruan umorea egiteko dagoelako, ikusezintasunean geratzen diren gai horien guztien inguruan. Baina ez dut uste horien inguruan emakumeak soilik egin behar duenik umorea, gizonak ere egin beharko luke; ezkutuan geratzen den emakumeen mundu hori ezagutu eta bertako erreferenteekin umorea egiten ikasi beharko luke.

«Bertsolari oholtzan egin dena, gizonek egin dute; beraz, bertan parte hartzera iritsi den emakumeek gizonek sortutako moldeetara egokitu beste aukerarik ez dute izan», diozu zure lanean. Egun, bertsolaritzan gero eta emakume gehiago dabiltzala ikusita, oholtza haiei ere egokitzen ari dela esango zenuke?

Nik uste dut oraindik asko dagoela egokitzeko, baina hor dabiltzan emakume bertsolariak ahalegina egiten ari dira, eta aldaketak ekarri dituzte pixkanaka-pixkanaka. Azken finean, egun batetik bestera gauzak ez dira aldatzen, baina uste dut bertsolaritzan dabiltzan emakumeek hausnarketak eginda dituztela (nik nire lanean jaso ditudan gogoeta gehienak haienak dira) eta estrategia propioak dituztela aldaketa horiek eragiteko, eta ari direla horiek eragiten.

Errealitate hori aldatzeko, umorea tresna baliagarria izan daiteke?

Umorearekin errealitate hori ikusaraz dezakezu. Bertsolari batek esan zidan saioetan emakume bakarra izatean 'ea hurrengoan gehiago garen' edo halakoak kantatu izan zituela, pixka bat biktima roletik, eta hasi beharko genukeela umorea egiten hortaz ere, emakume bakarra izateari txistea atera eta geure buruei buruz barre egin. Askotan salaketak biktimaren roletik egiten ditugu, eta agian salaketa horiek umoretik ere egin behar ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.