Sexu abusuak egin izana leporatu diote Bob Dylan kantautoreari: salaketaren arabera, 12 urteko neska baten sexu abusuak dira, hari drogak eta alkohola eman eta gero eginak musikariaren New Yorkeko apartamentuan, 1965ean. New Yorken jarri dute salaketa, eta hango hedabideek bart eman dute haren berri.
Salaketaren arabera, Dylanek bere estatusa erabili zuen biktimaren konfiantza lortzeko, «hari eraso egiteko plan baten barruan», Manhattango Auzitegi Gorenean aurkeztu duten dokumentazioak azaltzen duenez. Salatzailea J. C. inizialekin identifikatu dute. Sexu abusuak behin baino gehiagotan gertatu zirela salatu du; batzuk, Dylanek Chelsea hotelean zeukan apartamentuan. Dylanek 24 urte zituen orduan.
«Bob Dylan, 1965eko apirilaren eta maiatzaren arteko sei astetan, salatzailearen lagun egin zen, eta lotura emozional bat sortu zuen harekin», adierazi dute dokumentuan. Erasoak salatu dituen emakumeak 68 urte ditu egun. Dylani egotzi dio lotura emozional hori baliatu izana bera kikiltzeko, «sexu abusuak egiteko asmoz», eta «drogak, alkohola eta indarkeria fisikoaren mehatxuak» erabilita. Horrek eragindako ondorio psikologikoak «orain arte» iraun dutela esan du.
Eraso, legez kanpoko atxiloketa eta kalte emozional delituak egotzi dizkiote Dylani. Hark dena ukatu du. «Orain dela 56 urteko akusazio horiek ez dira egiazkoak, eta sutsuki defendatuko dugu», esan du Daniel Isaacsek, Dylanen abokatuak. Haren ustez, «salaketak berez erakusten du» gezurrezkoa dela.
Salaketa joan den ostiralean jarri zuten. Hain zuzen, hurrengo egunean amaitu zen preskribatutako umetako sexu abusuak salatzeko epea New Yorken; 2019ko otsailean onartu zuten lege hori.