Urte asko daramatza taula gainean Rafa Ruedak (Mungia, 1972): denbora luze honetan musika «saltsa» guztietan ibili da, eta, orain urte batzuk bakarlari lanetan ari bada ere, ez ditu baztertu bestelako proiektuak. Ekoizlea ez ezik, beste bakarlarien musikaria ere bada, eta zinemarako eta antzerkigintzarako musika sortzen du. Azaroan aurkeztu zuen bere bakarkako laugarren lana: Enaren geometria, eta oso pozik dago izaten ari den harrerarekin. Bilboko Kafe Antzokian bildu da BERRIArekin.
«Berdinak gara, baina ez gara berdin»: askotan entzun dizkizugun hitzak dira. Enarei eta gizakioi gertatzen zaigun zerbait al da?
Bai bada, baina, batez ere, gizakiari buruz nabil horrekin. Enarak hausnartzeko abiapuntua izan ziren. Kasualitatez hasi nintzen, etxeko garajean bazegoelako habia bat. Pentsatzen hasi nintzen ea enarak berberak ziren urtero etortzen zirenak. Dena den, joan-etorria bizitzaren isla ere bada.
Zure lanari ere aplikatu ahal zaio?
Bai, nik uste nire bizitza eta musika bat datozela. Kanpotik eman dezake bakarlari moduan hasi nintzenetik ildo beretik jarraitzen dudala, pop-rock elektrikoan. Baina ezinezkoa da aldaketa horri ihes egitea, etengabe aldatzera behartuta zaude.
Bidelagunek ere aldaketa horretan izango zuten eraginik ezta?
Bai, egia esan, orain arte diskotik diskora ez dut musikarien zerrendarik errepikatu. Badaude batzuk, Joseba Irazoki adibidez, aurreko diskoan eta oraingoan parte hartu dutenak. Hala ere, oraingo musikariekin oso gustura nago, eta pentsatzen nabil hurrengo lanetarako talde egonkorra izatea.
Maleta hutsa abestian diozu maleta hutsik daramazula eta mamuak kanpo utzi dituzula. Zein mamu utzi duzu bidean?
Egia esan, topiko bat da. Esaten dute ekipaje gutxiz bidaiatu behar dela, eta uste dut gizakiak badituela berezko mamuak. Maleta egitean, badugu joera behar baino gehiago sartzeko, beldurragatik agian. Sinetsi nahiko nuke beldur horiek eta aurreiritziak alde batera utzita irteteko gai naizela.
Bitartekariak ere kanpoan utzi dituzu azken disko honetan.
Bai, oraingoan ez dut jarri diskoa dendetan salgai. Diskoa planteatzerakoan, pentsatu nuen momentu egokia zela beste bide batzuk jorratzeko, eta kontzertuetan eta webgunearen bitartez bakarrik saltzeko.
Ausarta izan behar horretarako…
Bai, erronka bat da, egoerari aurre egiteko modu bat. Epe laburrean, ez duzu horrenbeste saltzen, baina, bestalde, harreman zuzenagoa duzu zure musika erosi nahi duenarekin, eta badaukazu zure lanaren kontzientzia handiagoa. Diskoak nik neuk bidaltzen ditut postaz. Niretzako oso gauza bitxia izan da, eta uste dut asko ikasi dudala horrekin.
Zein harrera izaten ari da lana?
Oso ona. Mila kopia atera nituen hasiera batean, eta ehun-edo ditut saldu gabe; hemendik hilabetera espero dut horiek milak salduta izatea. Alde horretatik, oso gustura nago. Diskoa erosi nahi duen jendeak webgunean sartzeko lana hartu behar du, gehiago inplikatu behar da. Uste baino hobeto ari da funtzionatzen.
Hitz gehienak zeuk idatzi dituzu…
Bat izan ezik. Beti esan dut errazago egiten dudala musika abestien hitzak baino, baina pixkanaka hasi nintzen kantak grabatzen eta idazten, eta pentsatu nuen banuela zer kontatu. Erabaki nuen osorik ez bazen ere gehienak nik idatziko nituela. Inor bagina salbuespena da: Hasier Rekondok idatzi zuen testua; baina hori ere kasualitatez izan zen, nik aurretik erakutsi nion kantua, baina ez nuen berari emateko asmorik.
Kantuetan giza krisien inguruan ari zara, baina beti dago hor argi bat...
Bai, argi dago ez garela bizi egoera argi batean; alde horretatik, arazoak badaude. Bizitza gazi-gozoa da, eta egunero altxatzeko beti behar da itxaropena. Kantek beti dute kezka puntu bat, baina saiatzen naiz baikortasun hori islatzen. Batzuetan, idazten duzuna eta egiten duzuna ez datoz bat, eta uste dut hitzetan saiatzen naizela nik nahiko nukeena islatzen; oso terapeutikoak dira niretzat.
Hitzak asko neurtzen dituzu, poesiarekin harreman handia duzu…
Bai, ondo idazten duten lagun pilo daukat, eta saiatu naiz euren lanetatik ikasten. Eta, beharbada bai, ezin dut neure burua idazletzat hartu: nik ez ditut poesiak idazten, kantuak egiten ditut, eta saiatzen naiz ahal dudan txukunen egiten testuak.
Zein literatur eragin dituzu?
Gehienetan, nobela edo saiakera irakurtzen dut. Norbaitek irakurri eta ona dela esaten badu, bada hori irakurtzen saiatzen naiz, baina ez daukat zaletasun jakinik.
Eta musikan? Badakigu Bob Dylan eta Tom Waits dituzula gogoko, Inor bagina kantuan aipatzen dituzu
Bai, Rekondok idatzitako kantuan agertzen dira. Bilbotik Gasteizera, Dylanen kontzertu batera gindoazen kotxean, bizitzari buruz eta zenbait gauzari buruz berbaz. Artean, Dylan eta Waits entzun genituen. Gero, testua irakurri nuenean, berak egiten zituen aipamenak. Berak egiten zuen hausnarketa zen eternala bihurtzeko, polita litekeela zure gustuko kantu baten protagonista izatea.
Eta zuk zein kanta entzuten dituzu?
Orain, adibidez, asko entzuten dut Bon Iver. Jeff Buckley ere beti izan dut oso gustuko; Joseba Irazokik egiten duena ere asko gustatzen zait… Musika piloa entzuten dut.
Nick Cave eta Elvis Costello ere?
Bai, baita ere. Caveren kasuan Txumak (Murugarrenek) egin behar zituen bertsioak, eta nik, Costellorenak. Gustuko dudan kantaria da, eta saiatu naiz hortik ere ikasten. Hemen (Kafe Antzokian) egin behar genuen emanaldia, baina atzeratu da uda ostera arte.
Musikari onen konpainian beti…
Bai, oso garrantzitsua da jendea aukeratzen jakitea. Alde horretatik, pribilegiatua naiz, harreman handia dudalako oso musikari onekin. Nire eskuetatik pasatzen dena besteen eskuetatik pasatzean hobetzea nahi dut, eta horretarako behar dira bidelagun on eta egokiak.
Nazioartean jotzen ibilitakoa zara lagunekin.Zelakoa izan da esperientzia?
Oro har, ikusi dudan gauzarik aipagarriena izan da aurreiritzirik handienak guk geuk ditugula hizkuntzari dagokionez. Beti izan dugu kontu hori: euskara hesi baten moduan ikustearena. Alde horretatik, nik bizi dudanagatik, jendeak normal hartzen du. Euskaraz kantatzeak plus bat du, gainera.
Azken diskoa aurrekoak baino akustikoagoa da…
Bai, nahi nuen diskoak kolore gehiago izatea. Alde elektrikoan sakondu nahi nuen, baita beste esparru batzuk jorratu ere. Mandolinek leku nabarmena dute oraingoan; biolinek eta, bestetik, tronpetak kutsu organikoagoa ematen diote.
Diskoa Katarainen grabatu duzu; etxean bezala berton, ezta?
Bai, bakarlari moduan beti grabatu dut han, eta oso gustura sentitzen naiz. Lekua zoragarria da, eta Jonan Ordorika teknikariarekin harreman sakona daukat: elkar ondo ulertzen dugu, berak badaki gutxi gorabehera zer nahi dudan eta hori gozamena da.
Enaren geometria-ren saioekin jarraitzen baduzu ere, esku artean beste proiektu batzuekin zabiltza, ezta?
Nire saioez aparte, Mikelekin [Urdangarinekin] nabil zuzenean jotzen. Lantzean behin egiten dugu Edorta [Jimenez], Joseba Barrenetxea eta Jaime Nietorekin Haragizkoa espektakulua, eta antzerkirako musika egiten nabil. Saltsa askotan, baina asko aldendu gabe nire kontzertuetatik.
Saltsa askotan egon behar?
Bai, saltsa askotan egon behar duzu halabeharrez: proiektu batetik bizitzea gaur egun ia ezinezkoa da. Gauza askotan ibili behar duzu bizimodua ateratzeko, baina oso aberasgarria da musikaren mundua ezagutzea leku askotatik. Ikuspegi zabalagoa ematen dizu beste jendeak nola lan egiten duen ikusteak.
Rafa Rueda. Musikaria
«Saltsa askotan egon behar dut halabeharrez»
Musika bizibide da Rafa Ruedarentzat: arnasa bezainbeste behar duela dio; bakarlari lanetan ez ezik, musikaren inguruko beste zenbait proiektutan ere ari da, bizimodua ateratzeko, baina, batez ere, oso aberasgarria zaiolako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu