Saltzeko ez direnak

Dario de Regoyosi inoiz eskaini zaion atzera begirakorik sakonena eskaini diote Bilbon, artistaren heriotzaren mendeurreneanMargolariak Euskal Herriarekin zuen lotura azpimarratu du erakusketako komisarioak

Puntillismoan aritu ostean, inpresionismora pasatu zen Dario de Regoyos. Irudian, Errege baten haurtzaroa lana (1893). MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2013ko urriaren 8a
00:00
Entzun
«Kixote moduko bat». Errebelde baten erretratua da Juan San Nicolas arte kritikariak Dario de Regoyos artistaz egiten duena (Ribadesella, Asturias, Espainia, 1857- Bartzelona, 1913). «Inoiz ez zen etekin ekonomikoaren bila aritu. Beti pintatu zuen sentimenduz. Saltzen ez zena margotzen zuen berak: hilerriak, gaixo ziren pertsonak, pertsona bakartiak, tristeak... Isiltasuna, bakardadea eta tristura margotzen zituen, eta hori ez da saltzen». Guraso dirudunen semea bazen ere, pobre eta gaixo amaitu zituen bere egunak. Minbiziak mihia erabat hartuta, keinuka baino mintzatu ezin zela, 56 urterekin, eta sos askorik gabe. «Arteagatik jo zuen erreka. Hori da egia biribila». De Regoyosen 130 artelan baino gehiago bildu dituzte orain Bilboko Arte Eder museoan artistaren heriotzaren mendeurrenean. San Nicolas aritu da komisario lanetan, eta urtarrilaren 26ra arte egongo da zabalik Dario de Regoyos (1857-1913). Abentura inpresionista erakusketa. Inoiz egin zaion atzera begirakorik sakonena.

Inpresionismoak Espainian izan duen ordezkari nagusia da asturiarra. Artistak Euskal Herriarekin izan zuen harreman estua nabarmendu du komisarioak, halere. Donostian bizi zitzaion ama, eta Durangora ezkondu zen De Regoyos. Maite zituen bertako paisaiak, eta giroa ere lagunago zuen bertan. «Madrilen immobilismoa zen nagusi, eta akademizismoa zen lege. Hemen beste askatasun giro bat zegoen». Gertuko izan zituen, esaterako, orduko euskal artista nagusietariko batzuk: Francisco Durrio, Manuel Losada, Ignacio Zuloaga, Adolfo Guiard... «Artearen askatasuna eskatzen zuten haiek guztiek, eta mugimendu haren parte izan zen De Regoyos. Paisajismoaren defendatzaile, talde moduko bat osatu zuen haiekin batera». Giroa aipatzen du komisarioak. «Atmosfera». Baina ez da teoria hutsa. Erakusketan ere agerikoa da Euskal Herriarekin zuen lotura. Bertako paisaiaz beteta dago bilduma: Hondarribia, Bilbo, Durango, Lezo, Hernani, Getxo, Bilbo... «Bilbora heldu zenean hasi zen lehen koadroak saltzen».

Ikasketak bukatu, eta Bruselara joan zen. Han ezagutu zuen abangoardia, eta han egin zuen bat Les XX eta L'Essor taldeekin. Han hasi zen harremanetan Camille Pisarro, Georges Seurat eta Paul Signac artistekin eta haien bidez heldu zen puntillismora. San Nicolasek artistaren ibilbide berezia nabarmentzen du, halere. «Normalean, inpresionistarik gehienek preinpresionismotik inpresionismora jo, hortik postinpresionismorako bidea egin, eta gerora inpresionismorako buelta egin zuten. De Regoyosek ez. Pre-inpresionismotik zuzenean egin zuen jauzi postinpresionismora berak, puntillismora, eta gero heldu zen inpresionismora». Gogorregia omen zitzaion puntillismoak eskatzen zion lana. Esklabo sentitzen zen koadroa kolore puntuei kolore puntuak lotuz osatzea. «Errebelde bat zen, eta kalera atera nahi zuen berak, bertan margotzera», azaldun du San Nicolasek.

Artistaren ibilbide osoa ageri du erakusketak. Lehen margolanak. Sasoi sinbolista. Garai puntillista. Inpresionismoa. Grabatuak. Eta baita margolariari egindako erretratu batzuk eta haren zenbait dokumentu ere. Bidaiari porrokatua izanik, bateko eta besteko paisaiak dira nagusi bilduman, baina giza figurak duen garrantzia azpimarratzen du San Nicolasek. «Haren koadroetan beti ageri da gizakia. Gizakia, lanean. Eta emakumezkoak, nagusiki. Bere koadro guztietan mintzo da horretaz». Indar berezia du Espainia beltza izeneko lan sortak erakusketan, eta hori da De Regoyosen lanik propioenetariko bat ere. Zezenketetan ibiltzeagatik hildako zaldiak. Emakumeak errezoan. Lutuan diren herritarrak. Hilerriak. Saltzen ez ziren koadroak, alegia. Euskal Herrian egindako margolan bat ere bada tartean. Urduñan (Bizkaia) kokatutako Ostiral Saindukoa, esaterako. Elizatik ateratzen ari den beltzez jantzitako jende saldoa, gurutzea, eta argitzear den eguna.

Paradisuaren erretratua

Handia izan zen inpresionismoaren eragina De Regoyosengan, eta lan inpresionistei eskaini diete erakusketaren zatirik handiena. Artistaren esaldi batzuk ere jarri dituzte hormetan. Claude Monetek berak ere sinatuko zituzkeen, agian, asturiarrak Ignacio Zuloagari 1908an idatzi zizkion hitzak: «Zuk atmosfera gorroto duzu, eta nik diot hori dela margotzera naraman indar bakarra. Niretzat, gaia ez da ezer, atmosfera da dena. Eta atmosfera horrek behartzen nau zazpietan margotzera ordu batean higuingarria zitzaidan gauza bat».

Paradisuaz ere mintzo da. Herrimin moduko batez. «Hemen, Madrilen, eguzkiak alde guztietara jarraitzen dio bati, kaleetan, erakusketan, etxean, orri zuri honen gainean (...). Aurreko egunean Pardon egon nintzen, eta, asko hazi diren zuhaitz haien artean, ez nituen Goyaren majak izan gogoan; ezta Velazquez eta inoiz handik ohaxketan pasatu ziren printzesak ere; Gipuzkoa edo Bizkaiko puska berde batekin gogoratu nintzen, eta baserri artean, zeru gris baten pean, behien modura bazkatzen uzten nindutela amestu nuen». Bere paisaietariko batean, adibidez.

Erakusketaren bideoa ikusi nahi izanez gero, bisitatu gure webgunea: www.berria.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.