Literatura

Sam Shepard, norbere agurraren zelatan

Zinemarako eta batez ere antzerkirako idatzi zituen istorio ugarik egin zuten ezagun Sam Shepard egile estatubatuarra. Hil hurren zela amaitu zuen ‘Spy of the First Person’ eleberri laburra, besteak beste Patti Smith adiskidearen laguntzarekin.

  Sam Shepard antzerkigile, gidoigile, nobelagile eta aktore estatubatuarra (1943-2017). LARRY BUSACCA
Sam Shepard antzerkigile, gidoigile, nobelagile eta aktore estatubatuarra (1943-2017). LARRY BUSACCA
itziar ugarte irizar
2024ko martxoaren 31
05:05
Entzun

Norbait etxe atariko kulunkaulkian jarrita. Eta beste norbait kalearen bestaldetik hari begira, tarteka heskaiaren atzean gordeta, eta largabisten bitartez kulunkaulkiko gizonari adi: gaixo dago hura, egunetik egunera gero eta elbarrituago, ingurukoen zaintzapean —arreben eta seme-alabenean, batik bat— eta heriotzatik aski hurbil. Zelataria da bata eta zelatatua bestea, baina biak urtzen dira narratzaile bakarrean Sam Sheparden Spy of the First Person (Lehen pertsonaren espioia) eleberrian. AEA alboko esklerosi amiotrofikoaren diagnosia jaso eta gutxira ekin zion hura idazteari Shepardek, urteetako obra oparoa itxiko zuen lana izango zela jakitun, eta apurka eskuz idazten hasi zena —ordurako ordenagailua erabiltzeko ezgaituta—, apurka-apurka grabatuz joan zen gero, eta ahots goran albokoei diktatuz bukatu zuen azkenik. Bizi guztian idazlearen lagun-min izandako Patti Smith kantariarekin errepasatu zuen azkenetan testua, eta 2017ko uztailean hil baino egun gutxi batzuk lehenago egin zizkioten azken-azken zuzenketak. Norbere heriotza itzulezina letren bestaldetik zelatatzeko modu bat izan balitz bezala liburuaren idazketa bera ere.

Eleberriaren lehen lerroetan ageri da pertsonaia nagusiaren kulunkaulkia, eta haren aurrera-atzera mugimenduekin batera hedatzen dira ondoko orrietan haren memoriatik zein orainaldiko egunetatik datozen sentsazioak —norbait gau eta egun begira sentitzea—, irudiak —lasterketa betean tirokatutako zaldia—, pasadizoak —hozkada batez belarria erauzi zioten senide urrunarena— eta paisaiak —guztien artean nagusi, Mendebalde Urruna eta hango desertua—. Gurutzatuta datoz guztiak, eta ez du bestelako argumenturik eleberriak, ez bada guztiaren agurrerantz daraman hari bat.

Gaitzak guztia irentsi aurretik, bizi izandakoak oroitzeko eta bizitzeko geratzen direnak sentitzeko narratzaileak erakusten duen argitasunak ematen dio indarra testuari. Formatu zatikatuan egiten du hori. Justuan heltzen da ehun orrira eleberria, eta esaldi laburrez jositako atal laburrek osatzen dute. Halako batean, iragana «xehatuz» joaten dela aipatzen du narratzaileak, dena «modu zatikatu batean» bizi izan balitz bezala agertzen dela denborarekin, eta irudi luke eleberriaren forma zatikatuaren arrazoiketa bat dela.

Bigarren Mundu Gerraren ondotik, AEBetako kultur munduan mugarri bat jarri zuen belaunaldi baten parte izan zen Shepard, Boris Vian, Neal Cassady, Patti Smith, Bob Dylan eta besteren alboan.

Prosa, berriz, zehatza da; isila ia. Inoiz baita umore aire bat igortzen duena ere. Bere egunen urgentzia soilik ez: larri den mundu baten gaineko kontzientzia ere bistaratzen du testuak —suteez, etxe agentziez eta lan bila heldu diren mexikarren aurkako jazarpenaz aritzean, besteak beste—, eta geruza garrantzitsua gehitzen dio horrek kontakizunari.

Michael Ondaatje idazleak «goi mailako obra intimotzat» jo zuen lana. Eta «arriskatua», «testamentu izaerakoa», «kriptikoki liluratzailea» eta «nobela formako agur poema bat» ere idatzi du kritikak.

Hamar Obie eta Pulitzer bat

«Bere belaunaldiko antzerkigile estatubatuar handiena». New York aldizkariak hala izendatu zuen behinola Shepard (Fort Sheridan, Illinois, AEB, 1943 - Midway, Kentucky, AEB, 2017). Bigarren Mundu Gerraren ondotik, AEBetako kultur munduan mugarri bat jarri zuen belaunaldi baten parte izan zen, besteak beste Boris Vian, Neal Cassady, Patti Smith, Bob Dylan eta besteren alboan, eta, haietako askok bezala, diziplina ugaritatik igaroz osatu zuen mende erditik gorako lan ibilbidea, literatura, antzerkia, zinema eta musika barnebilduz. Antzerkirako egin zuen lan gehien —50 pieza baino gehiago—, hamar Obie sari irabazi zituen —inork inoiz lortutako gehien—, eta «Tennessee Williamsen ondorengotzat» jo zuten leku batean baino gehiagotan.

Ukitu surrealista, ilun eta umoretsuen uztarketak ezaugarritzen ditu haren lanak, baita begirada sustrai sendorik gabeko biztanle amerikarrengan eta senideen arteko harremanetan jartzeak ere. Haren lan aupatuenen artean daude, besteak beste, Buried Child (1979; Pulitzer saria irabazi zuen honekin) eta True West (1980) antzezlanak; Paris, Texas filmeko gidoia (Wim Wenders, 1984); aktore modura parte hartu zuen Days of Heaven (Terrence Malick, 1978) eta The Right Stuff (Philip Kaufman, 1983) filmak; eta Dylanen 1975eko kontzertu biran idatzitako Rolling Thunder Logbook kronika liburua.

Zendu berritan, Smithek honela agurtu zuen idazlea New Yorker agerkarian: «Gauaren sakonean deitzen zidan, errepidean nonbaitetik, Texasko herri fantasma batetik, Pisttsburghetik hurbil dagoen atsedenlekuren batetik, autoa basamortuan nonbait aparkatuta, koioteen uluak entzun bitartean. Baina gehientsuenetan Kentuckyko bere etxetik deitzen zuen, gau hotzean, izarrak arnasa hartzen entzun zitezkeenean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.