Literatur klasiko bat itzultzerakoan, «topiko» bat entzun behar izaten dute sarri itzultzaileek, Luis Baraiazarra ohorezko euskaltzainaren arabera: «Klasikoak hizkuntza originalean irakurri behar dira, eta ez itzulita». Beste hizkuntza batera eman beharrekoa San Joan Gurutzekoa poeta denean, beste adierazpen bat gehitzen zaio hasierako horri: «Esaten zen San Joan Gurutzekoa ez zela edonork irakurtzeko, eta, gainera, zati batzuk errepikakorrak direla, eta hobe dela idazlan osoak itzuli baino, antologia eder bat egitea». Bi baieztapenei muzin egin, eta San joan Gurutzekoa osoki itzultzen hasi zen duela lau urte Baraiazarra; orain, haren Idazlan guztiak argitaratu ditu Euskaltzaindiak, «obra osoa, bere errepikapenak, ilunguneak eta guzti». Gontzal Mendibilek biribildu du edizioa, piezetako hamahiru musikatu baititu. Liburua eta diskoa aurkeztu dituzte gaur goizean, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan.
Ez zaizkio ezezagunak Baraiazarrari ez XVI. mendeko idazleak, ezta mugarriak ere: Santa Teresa Jesusenaren obra osoa euskaratu zuen 2015ean, sortzailearen jaiotzaren bosgarren mendeurrena aitzakia hartuta. Lan hari «osagarritasuna» ematen dio orain San Joan Gurutzekoaren obraren itzulpenak, Andres Urrutia euskaltzainburuak adierazi duenez. Liburu mardula da, baina lan osoa batzen duen «gako» bat azpimarratu du itzultzaileak: «Ekarpen nagusia barne munduaz egiten du, psikologiaz, Jainko maitasunaz —klabe horretan idazten baitu berak—; baina, azken batean, giza maitasunaz hitz egiten du, eta inork ez du horretaz idatzi San Joan Gurutzekoak bezain ondo, goxo eta dotore».
Itzulpen zehatza
Itzulpen ororen, eta batik bat, aurkeztu berri duten itzulpenaren zailtasuna azpimarratu du Urrutiak. «Sorkuntza hizkuntzatik xede hizkuntzara doan bide malkarrean lagun jokatzerik ez dago, batez ere poesian». Lan guztien itzulpen berri-berria ondu du Baraiazarrak, baina gogoan izan ditu aurreko saiakerak ere: San Joan Gurutzekoaren lan batzuk itzuli zituzten, besteak beste, Joseba Sarrionandiak, Gazteluk, Orixek eta Lino Akesolok, eta denen lana aitortu du itzultzaileak. «Euskalkian itzuli zuten, euren erara; meritu ikaragarrizkoa. Esaterako, Lino Akesolok ahalegin handia egin zuen sinalefa zuten hitzak neurrian sartzen».
Kontrara, Baraiazarrak euskara batuan eman ditu poemak, «euskara dotore eta gaurkotuan, jatorrizkoaren xehetasun txikiena ere mantenduta», euskaltzainburuaren hitzetan; haren iritziz, estandarrean eman izanak ere «mugarri» bilakatzen du lana. «Euskalkiak gutxietsi gabe, batua da euskal hizkuntza eta kultura hedatzeko behar dugun tresna». Itzultzaileak zehaztu duenez, San Joan Gurutzekoaren «metrika eta bertso lerroen konbinazio bera erabili» ditu.
Musikaren ekarpena
Euskaratutako lanaren zati bat musikatu egin du Gontzal Mendibilek. Hamahiru piezari jarri die doinua, zehazki, eta, adierazi duenez, Baraiazarraren itzulpenak «erraztu» egin dio lana: «Artisau lana izan da: metrika, errima... musika zuten barruan. Errazagoa izan da euskaraz musikatzea gaztelaniaz baino». Halaber, azpimarratu du musikari «onak» izan dituela alboan. Santa Teresa Jesusenaren lanak itzuli berri zituela aipatu zion Baraiazarrak San Joan Gurutzekoaren obrarekin beste horrenbeste egiteko asmoa zuela, eta horiek «gogotsu» musikatuko lituzkeela adierazi zion Mendibilek hasieratik.
Musikak ahapaldiei egiten dien ekarpenaren artean, ulergarritasuna aipatu dute Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko diputatuak eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultur sailburuak. Euskarazko lan ugari ezagutarazteko, musikariak «bidelagun» izan direla nabarmendu du sailburuak, eta foru diputatuak onartu du Gontzal Mendibilen lanari esker «hurbilago sentituko» duela San Joan Gurutzekoaren poesia. «Askori errazago egingo zaie zenbait pasarte ezagutu eta gogoan izatea».