San Telmo «berrasmatua»

Euskal gizartea ezagutarazteko «gakoak» eskaintzea izango da Donostiako San Telmo museo berrituaren helburu nagusiaLau urteko berritze eta handitze lanen ostean inauguratu dute zentro berria

Kanpotik ez ezik, barrutik ere guztiz berrituta topatuko du bisitariak Donostiako San Telmo museoa. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2011ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Lau urtetik gorako berritze lanak eta «berrasmatze» prozesu luzea behar izan ditu San Telmo museoak ateak berriro zabaltzeko. Agintarientzat eta kulturaren munduko lagunentzat atzo ireki zituen, arratsaldeko inaugurazio ekitaldi ofizialaren bidez. Kukai taldeko dantzarien emanaldiaren ostean, sarrerako zinta moztu zuen Odon Elorza alkateak, eta Susana Soto museoko zuzendariari eskaini zion lehen zatia. «Euskal gizartearen gakoak ezagutu eta ulertzen laguntzea da San Telmo museoaren eginkizun nagusia», Sotoren hitzetan. Ekitaldiarekin inauguratuta geratu da museo berria, baina gordetzen duen ondarea osorik ikusi ahal izateko, gehiago itxaron beharko da oraindik, irekitzea mailakatua izango baita.

Agintari ugari bildu ziren iluntzeko ekitaldian; tartean, Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko mahaiko presidentea, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Maria Jesus Aranburu Gipuzkoako Kultura diputatua eta Angeles Albert Espainiako Kultura Ministerioko Arte Ederren zuzendaria. Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak ere parte hartu zuen ekitaldian. Dantza eta musika ikuskizunaren ondotik, museoan barrena abiatu ziren, gonbidatuekin batera, espazio berriak zein berrituak ezagutzera.

Herritarrek, berriz, datorren asteburuan izango dute museoko gune berriak ezagutzeko aukera, larunbatez eta igandez zabalik egongo baita, doan bisitatzeko. Asteburuan bertan, San Telmon jarriko duten aldi baterako lehen erakusketa ikusi ahalko da, 6mila milioi beste izeneko ikus-entzunezkoen bilduma. Datorren ostiralean aurkeztuko dute erakusketa hori. Horregatik, museoaren aurkezpenera atzo goizean bertaratutako kazetariek ere ezin izan zuten zentro osoa bisitatu —eliza eta klaustroa baino ez zituzten ikusi ahal izan—. Bilduma iraunkorra, berriz, datozen egunetan bukatuko dute jartzen, eta hori amaitzean, «apirilean» guztiz irekiko dute San Telmo.

Elizako margoak, proiektatuta

XVI. mendeko komentua, Donostiako eraikin zaharrenetarikoa, eraberritu egin dute, eta haren aldamenean, eraikin «berritzaile» bat altxatu dute, Nieto-Sobejano arkitekto estudioaren proiektuari jarraiki. Iluntzeko ekitaldian parte hartu zuten agintarietako batzuk museoan izan ziren goizean ere, eta Elorzak, Sotok eta Fuensanta Nieto museo berriaren proiektua landu duen arkitektoak gidatuta bisitatu zuten, kazetariekin. Eraikin berriko korridore bat eta klaustroa zeharkatuta, eliza izan zen bisitaren lehen geltokia. Museoaren historia azaltzen duen emanaldi bat ikusi ahal da elizan. XVI. mendetik gaur egunera eraikinak izandako bilakaera azaltzen du lanak, hormetan proiektatutako irudi batzuen bidez, eta hitzek eta musikak lagunduta. Halaber, egun zaharberritzen ari diren bobedako margoak ziren bezalakoak eta lekuan bertan proiektatuta ikus daitezke, berregite digital bati esker.

Behin museoaren historia ezagututa, XXI. mendeko euskal gizartearen erronkak zeintzuk diren agertzen duen beste proiekzio bat ikus daiteke. Miarritzeko Malandain balleteko dantzariek parte hartu dute ikus-entzunezkoan, baita Isabel Herguera, Izibene Oñederra eta Koldo Almandoz bideoartistek ere, besteak beste. Maurice Ravel, Mikel Laboa, Pascal Gaigne eta besteren doinuek lagunduta zerrendatzen dira erronka horiek. Mahai interaktibo baten bidez, ikusitakoak sakontzeko aukera izango du bisitariak.

Ikus-entzunezkoekin batera, Josep Maria Sertek 1932an jarritako margolanak ikus daitezke elizako hormetan. Horiek ere eraberritzen ari dira. Eraikinean egindako lanak direla medio —tartean, XX. mendeko bi solairu kendu dituzte— eraikina finkatzeko urtebete beharko dela iragarri zuten.

Museoko beste lekuetan, euskal gizartearen bilakaera erakusteko bildumak jarriko dituzte, historiaurretik hasi, modernitatea igaro eta gaur egunera arte. Euskal arteak ere izango du bere lekua ibilbide horretan, baina diskurtso nagusiarekin loturarik ez duten lanak ere izango ditu museoak, arte ederren bilduma tartean. Aldi baterako erakusketak eraikin berrian jarriko dituzte. Mila metro koadroko espazio bat izango da horretarako.

Iragana, etorkizunari begira

Kanpotik eta barrutik berritzearekin batera, museoaren eredua ere «goitik behera» aldatu dutela azaldu zuen Sotok. Bere 11.000 metro koadroekin, euskal gizartea aztertzeko eta interpretatzeko Euskal Herriko gune handiena bihurtu da San Telmo.

Museo bat baino zerbait gehiago izan nahi du, gainera, zuzendariak azaldu zuenez. «Museo bat izateaz gain, jakintza zabaltzeko eta pentsamendua sortzeko gune bat ere bada San Telmo; geure oraina ulertzeko, eta iraganarekin eta sustraiekin topo eginez, etorkizuna eraikitzeko tresna». Horretarako, museoaren bilduma iraunkorraz gain, aldi baterako erakusketak eta askotariko jarduerak hartuko ditu zentro berriak.

Obrek iraun duten denboran, lanean jarraitu dutela nabarmendu zuen zuzendariak; ehunka bilduma eraberritu, ondare gehiago berreskuratu, ikerketa lanak bideratu eta museoaren «kontakizuna» zehaztu dutela esan zuen. Hain zuzen, gizarte museoaren eredu horretara iristeko, «berrasmatze prozesu bat» garatu dutela adierazi zuen Odon Elorza alkateak, eta horren ostetik, «San Telmo berriro jaio» dela esan zuen.

«Urte asko eman ditugu lanean, bost baino gehiago, museo honen kontakizuna zehazteko ez baititugu bilera gutxi egin. Ordu asko izan dira, museo honi arima emateko, eduki fisikotik harago». Horregatik, zentroa urte bat edo bi barru erabat finkatuta egotea, eta Euskal Herrian «kulturaren bilakabidean ezinbesteko pieza» izatea espero duela esan zuen alkateak. «Inaugurazioa gauza bat da, baina gero edukia eman behar zaio, eta kulturaren ardatz bihurtu behar da».

Museoa joan den hilean inauguratzea pentsatuta zutela esan zuen Elorzak, baina «atzerapenak» medio, beranduago zabaldu dutela azkenean. Inaugurazioa hauteskunde legeak baimentzen duen azken egunean egin izanagatik galdetzea ez zuen ondo hartu alkateak; «inaugurazioa dela-eta hainbeste morbo» sortzea ez duela ulertzen erantzun zuen, «albistea San Telmo martxan jartzea denean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.