Lau urteko berritze lanen ondoren, gaur inauguratuko dute ofizialki Donostiako San Telmo museo berritua, 19:00etan egingo den ekitaldi instituzionalean. Museoa kanpotik nahiz barrutik "goitik behera" berritu dutela azaldu du Susana Soto zuzendariak, goizean egindako agerraldian. Haren hitzetan, "euskal gizartea hobeto ezagutarazteko gakoak" eskainiko ditu zentro berriak. Odon Elorza Donostiako alkatearen hitzetan, "berrasmatze prozesu luze baten ostean" irekiko da zentroa, eta "kultura garaikideari eta elkarrizketari zabalik" egongo da aurrerantzean.
Agintariez gain, artearen eta kulturaren munduko hainbat pertsona gonbidatu dituzte arratsaldeko ekitaldira, tartean, artistak eta beste hainbat museotako ordezkariak. Datorren asteburuan, herritarrentzat irekiko dituzte ateak, gune berriak eta museoak hartuko duen aldi baterako lehen erakusketa —6 mila milioi beste— ikusi ahal izateko. Behin betiko erakusketa jartzen bukatzen dutenean, "apirilean zehar", guztiz zabalduko dute museoa.
Museoak bestelako behar batzuk eragingo ditu eta, horregatik, diru iturri berriak bilatu dituzte udal arduradunek. Urtean 4,7 milioi euroko aurrekontuari aurre egiteko, bisitariei sarrera kobratzea eta museoaren hainbat gune alokairurako eskaintzea erabaki dute, besteak beste. Lehenengo urtean 140.000 bisitari jasotzea espero dute, halaber. "Ekonomikoki iraunkorra izango den museo bat nahi dugu etorkizunari begira", adierazi izan du Udalak.
Datozen bost urteetako aurreikuspen ekonomikoak jasotzen dituen azterlana egin zuten iaz, beste museo batzuen datuak —Gasteizko Artium edo Bilboko Arte Eder eta Guggenheim, tartean—, diru iturriak eta egungo egoera ekonomikoa kontuan hartuta. 2007an, itxi arte, 2,3 milioi euroko kostua zuen San Telmok urtero Udalarentzat. Bikoitza izango da aurrerantzean. Gastuaren heren bat —1,5 milioi euro inguru— diru sarreren bidez ordainduko dute. Gainerakoa, Donostiako Udalak hartuko du bere gain.
Hemendik aurrera, sarrera ordaindu behar
Orain arte doakoa zen sarrera, baina hemendik aurrera aurrera bost euroko prezioa izango du txartel arruntak. Hainbat kolektibok —ikasleek, 65 urtetik gorakoek...— hiru euro ordaindu beharko dituzte, eta doan bisitatu ahalko dute beste hainbatek, tartean, 18 urtetik azpikoek edo langabeek. Astean egun batez doakoa izango da denentzat.
Berezitasun bat gehitu diote diru iturri horri: bazkide programa bat jarriko dute martxan, eta urtean 15 euro ordainduta, nahi adina bisita egin ahalko dira urte osoan, doan. Lehen urtean mila bazkide inguru lortzea espero dute arduradunek.
Museoa ordu gehiago egongo da zabalik aurrerantzean. Egunero 10:00etatik 20:00etara ateak irekita izango ditu, baita jai egunetan ere.
Zentroko espazioen alokairua izango da beste berritasunetako bat. Ekitaldiak eta bestelako jarduerak egiteko hainbat gune eskainiko ditu: museoaren sarrera, ekitaldi aretoa, lehen eta beheko solairuetako patioak, terraza, eliza, klaustroa eta kaperak.
28 milioi euro berritze lanetan
28 milioi euroko kostua izan dute berritze lanek. Museoak hiru mila metro koadro ditu orain. Aste honetan bisita pribatuak izango dira, eta jendeak ostiraletik aurrera sartu ahal izango du.
Museoaren patrono diren erakunde publikoek 700.000 euro jarriko dituzte urtero: 350.000 euro Eusko Jaurlaritzak eta beste horrenbeste Gipuzkoako Foru Aldundiak. Patrono pribatuen ekarpena, berriz, 450.000 euro ingurukoa izango da. Donostiako Udalak egingo du urtero diru ekarpenik handiena: 3,2 milioi.