Artea

Sanchez-Ubiria bildumako 'Ideia zeinu batean' erakusketa zabaldu dute Kubo-Kutxa aretoan

Afrikako arte tradizionalaren eta Mendebaldeko arte garaikidearen arteko elkarrizketa proposatzen dute 170 lanek. Bihartik aurrera ikusgai egongo da publikoarentzat, urtarrilaren 20ra arte.

Erakusketan ikusgai dago Helena Almeida artista portugaldarraren 'Bi espazio' lana. KUBO-KUTXA ARETOA
Andoni Imaz
2018ko urriaren 19a
16:54
Entzun

Afrikako arte tradizionaleko piezak biltzen hasi ziren Margarita Sanchez (1944) eta Sebastian Ubiria (1947-2014) senar-emazteak 80ko hamarkadan, eta arte garaikidera jauzi egin zuten ondoren. 500 artelan inguru ditu bildumak, eta horietatik 170 daude ikusgai Ideia zeinu batean erakusketan, Donostiako Kubo-Kutxa aretoan: Afrikako arte tradizionaleko 93, eta Mendebaldeko arte garaikideko 77. Publikoarentzat ikusgai egongo da bihartik 2019ko urtarrilaren 20ra bitarte.

Alejandro Castañeda komisarioak azaldu duenez, tradizio eurozentrikotik urrundu nahi izan zuten XX. mende hasierako abangoardiek, eta erabat liluratu zituen ordura arte museo etnografikoetara mugatuta zegoen Afrikako arteak. Hala, paradoxikoki, beste tradizio bat sortu zuten.

Bi arte moten harremanak eraiki izan dira XX. mende osoan, baina harreman hori kolonialismoaren gainean eraikia izan dela dio Castañedak, eta "alde batera utzi dira politika kolonialen aurkako lanak". Hortaz, diskurtso kritikoa du erakusketak, "ahaztuta utzi den hori" ere argitara atera nahian.

Antzekotasunak bilatu dira formetan, materialen erabileran, fetitxearen ideian eta pentsamendu zientifikoaren eta basatiaren kontrajartzean. Harremanak, beraz, tematikoak, kontzeptualak edo soilik estetikoak izan daitezke. Erakusketa sei eremutan banatuta dago, eta ardatz bati jarraitzen dio bakoitzak. Halere, nahiago izan dute atalei izenik ez jarri, ez dezan irakurketa bakarra iradoki.

Lehenengo aretoan, esaterako, forman edo sortzeko metodologian antzekotasunak izan ditzaketen bi tapiz daude. Duela hiru mendeko Afrika erdialdeko Kuba kulturako oihala da bata, eta Teresa Lanceta artista kataluniar garaikideararena bestea. Ondoan, Kader Attia artista frantziar-aljeriarraren ispilu bat dago, josita, harizko orbainekin josia. Frantz Fanonen testu batekin indartu nahi izan dute lanen arteko elkarrizketa, eta ikuspuntu kritikoa: "Gehiagotasuna? Gutxiagotasuna? Zergatik ez gara saiatzen bestea ukitzen, bestea sentitzen, elkar ezagutzen?".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.