Atzo aurkeztu zuten Santimamiñe, milaka urteko paisaia proiektua, eta Kortezubiko (Bizkaia) kobazuloa gaurtik aurrera hiru dimentsioetan ikusi ahal izango dute bisitariek.
Filmazioak koba osoaren bisita birtuala simulatzen du, eta kobazuloaren ahotik jendeari inoiz ere erakutsi gabeko azken aretora arte egiten du ibilbidea. Emanaldian, gainera, bisitari baten ibilbidea simulatzen da, lehenengo pertsonan.
Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatuak azaldu duenaren arabera, Santimamiñen erabiliko den proiekzioa "berdingabea" da. Gainera, 3Dko erreplika birtuala "oso berritzailea" dela dio.
Kobazuloa bisitarientzat gaur ireki dute. Bisitak hiru zatitan egingo dira. Santimami baselizaren ondoko kioskoan hasten da. Hortik, bisitari taldea kobaren sarreraraino igoko da, gidari baten laguntzagaz. Tarte horretan, bisitariak artadi kantauriarraren natur inguruneaz eta bertako landare eta animalien berezitasunez ohartuko dira. Kobara iristean, orain dela urte batzuk aztarnategiaren inguruan berriro hasitako ikerketa-lanak ikusiko dituzte bisitariek, eta lan horien berri emango diete. Ondoren, santimami baselizara itzuli eta bertan, haitzuloaren 3D erreplika birtualaren bitartez, koban ibiltzeko eta haren erraketa eta morfologia ulertzeko aukera izango dute. Gainera, koba barruko historiaurreko artea ikusteko aukera ere izango dute.
"Ikertu, babestu eta gizarteratu"
Orain urtebete Santimamiñeko koba ixtea erabaki zuen Bizkaiko Foru Aldundiak. Kultura diputatuak esan duenaren arabera, "ez zen erabaki erraza" izan. "Baina asmatu egin zuen Aldundiak. Horri esker, kobaren iraupena bermatuta geratu da. Gainera, bertoko ondarea ikertzen eta ezagutzen jarraituko dugu, eta azkenean ikerketen emaitzak gizarteratu egingo ditugu. Ikertu, babestu eta gizarteratu. Hora dago Bizkaiko Foru Aldundiak bere gain hartuko duen konpromisoa".
Kultura
Santimamiñe, hiru dimentsiotan ikusgai gaurtik
Kortezubiko kobazuloaren proiektua aurkeztu zuten atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu