Jon Alonso itzultzaileak (1958, Iruñea) 1999. urtean euskaratu zuen lehen aldiz Jose Saramago idazlearen Lisboako setioaren historia liburua. Hogei urte pasatxo igaro dira ordutik, baina itzultzaileak ongi oroitzen du lehen bertsio hori aurkeztu zuten eguna; izan ere, Saramago bera ere aurkezpenean izan zen, Bilboko Bideberrieta liburutegian. Gaur aurkeztu dute itzulpenaren berrargitalpena, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Alonso liburuaren itzultzailea, Itziar Diez de Ultzurrun EIZIE euskal itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteen elkarteko lehendakaria eta Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editorea izan dira aurkezpenean.
Urrezko Biblioteka bildumako 18. zenbakia da Lisboako setioaren historia, eta, Diez de Ultzurrun lehendakariak azaldu duenez, Literatura Unibertsala bildumatik eratorri den proiektua da: "Literatura Unibertsalean argitaratutako liburuen aleak eskura ezinak zirela ohartu ginen 2010. urtean; beraz, horiek berriz ere paperean argitaratzeko egitasmo bat taxutu genuen". Horretarako, Eusko Jaurlaritzako kultura sailarekin duten hitzarmena baliatu zuten, eta Urrezko Biblioteka izena jarri zioten bildumari: Elkar argitaletxeari egokitu zitzaion argitaratzeko ardura. "Aspaldi itzuliak direnez, orain berriz ere argitaratzeko orraztu eta zuzendu egin dira", adierazi du lehendakariak.
Lehen bertsioa aurkeztu zutenean, 1999. urtean, Nobel saria jaso berria zen Saramago. Haren alboan eman zituen itzultzaileak euskaratu berri zuen liburuaren inguruko argibideak, eta egun hartako hainbat oroitzapen kontatu ditu prentsaurrekoan. "Liburu berezia izan zen. Ni liburua itzultzen ari nintzenean eman zioten Nobel saria Saramagori; idazle ezaguna zen. Bera eta Pilar del Rio emaztea ezagutzeko aukera izan nuen, eta oso hunkigarria eta polita izan zen", esan du. Alonsoren esanetan, gauza ugari aldatu dira liburua lehen aldiz itzuli eta berriz ere berrargitaratu artean. Nabarmendu duenez, "erokeria puntu bat" zuen garai hartan horrelako eleberri bat itzultzeak: "Euskararen hizkuntza literarioak aurrera egin du nabarmen; gaur egun gaitasun handiago dugu edozein itzulpen lanei aurre egiteko. Orduan, bazuen erokeria puntu bat-edo".
Esentzia bertsua
Itzulpenari dagokionez, egin dituen aldaketa ia guztiak aspektu formalei dagozkiela esan du, "%95 batean", gutxi gorabehera. Gaur egun jada erabiltzen ez diren gidoiak ezeztatu ditu, garai hartan erabiltzen ez ziren gidoiak jarri, zenbait h gehitu, eta beste hainbat ezabatu: "Benetan itzulpena denari oso ukitu gutxi egin behar izan diot". Aldaketa ugari egin dituen arren, bere burua errekonozitu du berriz ere itzulpena irakurtzean, eta, hain justu, idazketa estiloari aldaketa gutxi egin izana baliatu du txantxaren bat edo beste egiteko: "Lehen itzulpen txarra baldin bazen, orain lehen bezain txarra izaten jarraitzen du".
Saramagoren zazpigarren eleberria da Lisboako setioaren historia, eta, Mendiguren editorearen aburuz, "heldutasun momentu batean" idatzi zuen: "Sorkuntzari dagokionez urrezko aldi bat eduki zuela uste dut, eta liburu hau bere heldutasun momentuan egindako eleberri bat da, bai prosaren estiloaren aldetik, baita edukian jasotzen dituen joko, iradokizun, eta gogoeten aldetik". Bat dator Alonso ere. Itzultzailearen iritziz, Saramagoren hasierako nortasunaren garapenaren isla da itzuli duen eleberria: "Biak alderatzen badituzu [Manual de pintura e caligrafia eta Lisboako setioaren historia], barrokotasunean, joritasunean eta abar nola irabazi duen ikusten duzu. Bide hori seinalatzen du; liburu honen kasuan gauzak sinpleago bihurtzen ditu, leunago".
Liburuaren mamia ere ekarri du gogora itzultzaileak: "Bi istorio paralelo kontatzen ditu: Lisboako setioa eta gaur egungo istorio bat, eta biak nahasten ditu". Raimundo Silvaren istorioa kontatzen du eleberriak, "adinean sartuxea dagoen testu zuzentzaile lisboarra, mutilzahar metodiko eta bizimodu aspergarria" daraman gizon batena. Liburuaren funtsean dagoen gogoeta "momentu jakin batean matxinatzearen garrantzia" dela esan du; izan ere, Lisboako setioari buruzko liburu bat zuzentzen ari da pertsonaia nagusia, eta bere betebeharrari itzuriz, testu zuzentzaileak bai jarri zuen ez behar zuen lekuan. Hori da abiapuntua, eta maitasun istorio bat ere tartekatzen da eleberrian. Alonsoren hitzetan, liburuaren egileak bere emaztearekin izan zuen istorioaren isla izan daiteke kontakizun hori.
Alonsoren arabera, praxi gisa ulertu behar da hizkuntza: "Hizkuntzaren gaineko irudi platonikoa dute askok; hizkuntzak zerbait gauzatuak, biribilak eta perfektuak direla uste dute, hutsik gabeak. Niri, aldiz, guztiz kontrakoa iruditzen zait, hizkuntza praxi bat dela, praktika bat". Azpimarratu duenez, praktikotasun hori da hizkuntza bati aurrera egiten eta garatzen laguntzen diona: "Hizkuntza beti borrokan ari da ordura arte hizkuntza horretan esan ez diren gauzak esan ahal izateko, eta horrela bilakatzen eta garatzen dira. Horretarako, baina, askotan apurtu behar izaten da aurretik tradizioa duen zerbait, hizkuntzari berari ere garatzeko bide emanez".