Love Goes to Buildingson Fire liburuak hitz egiten du 1970eko hamarkadaren erdialdeko New Yorkeko musika eszenaz. Baina egilearen, Will Hermes The New York Times-eko kazetariaren ustez, musika eszenak, kokagune geografiko moduan, desagertu egingo dira laster. Hortaz, jada ezingo da une, soinu edo musika jakin bat toki batekin lotu. Ez dira existituko grungearen Seattle (AEB), punkiaren Londres edo Arrasate, trip hoparen Bristol (Ingalaterra) eta bluesaren Chicago, esaterako. Iraultza digitalaren leherketak fragmentazio geografikoa ekarri du, eta, hortaz, identifikazio hori egitea geroz eta zailagoa da, eta izango da. Internet, gainera, ari da musika eszenak deslokalizatzen, eta musikariek beste lotura batzuk dituzte sortzerakoan, erreferentzia geografiko eta sozial soilak beharrean. «Taldeak jada ez dira tabernan geratzen, solasgunean baizik», adierazi du Hermesek. Esan daiteke sarea ari dela eszenak biltzen.
Eszena batzuk oso esanguratsuak izan direlako. Gurean ere bai. Iker Barandiaran musika kazetariak Arrasate bere jaioterria punk-oiarekin lotu izan du. «Bilbo, berriz, rock-and-rollarekin, eta hortik sortu ziren punk-rockarekin, garajearekin... Gasteiz ere badabil azken urteotan rock pultsua hartzen. Eremu garrantzitsua da. Igual eskaintzan, e? Hell Dorado, Jimmy Jazz, Gora... Eta Iruñea, Nafarroa oro har, heavyarekin ezkontzen dut, horrela bakarrik ez dela jakin arren». Fermin Etxegoien kazetariak gure mugetatik kanpo jo du, beste eszena batera, bere «iniziazioaz» hitz egitean: «The Smiths, Joy Division, New Order... Manchesterrekoa [Ingalaterra] gogoratzen dut nik». Galder Izagirre Dut, Kuraia eta Berri Txarrak-eko bateria jotzaileak, berriz, bere etxerantz jo du: Hondarribi eta Irunerantz, alegia. «Oso oparoa izan da beti alde horretatik. Irunen talde mordoa zegoen, baina mugimendua ez zegoen identifikatuta. Hondarribian, ordea, Psilocyberen sorrerarekin batera hasi ginen DUT, Beti Mugan, The Illusions... Sorotan Bele ere bete-betean zebilen...». Izagirreren esanetan, «boom» moduko bat egon zen 1990eko hamarkadaren hasieran, «hain justu grungea puntan zegoenean». Horregatik, gogoratu du Hondarribiari «Seattle txikia» deitzen zitzaiola.
Getxoko eszenari ez zioten halako etiketarik jarri, baina esaten zen han egiten zen musikak bazuela soinu propioa, eta, hori dela-eta, Alvaro Heras Groh musikariak Getxo Sound: Getxoko soinua liburua kaleratu zuen iaz. «Hasi ziren talde batzuk sortzen, eta 1990eko hamarkadako AEBetako rock independenteko taldeak ziren haien erreferentziak: Sonic Youth, Pixies... Orain, oso ezagunak dira, baina garai hartan, rock zaleentzat ere ezezagunak ziren». Eta hortik etorri ziren El Inquilino Comunista, Lord Sickness eta Los Clavos, besteak beste. Horiek ziren 1980ko hamarkadaren amaieratik 1990ekoaren erdialderaino indarrean egon zen Getxoko soinu horren erreferenteak.
Baina zerk sortzen du eszena bat? Barandiaranen ustez, «egoera soziopolitikoak» badauka eragina, baina modek ere bai. «Arrasaten, adibidez, beti eduki dugu bizitza maila nahiko ona. Halere, skinhead musika egin izan da, eta hori da, teorian, Ingalaterrako langile mugimenduaren musika adierazlea». Beste adibide bat jarri du: «Donostiako fenomenoa kuriosoa iruditzen zait. Kontrajar daiteke hiriaren postaletako irudi hori Buenavistan sortu zen mugimendu rockero harekin, giro harekin». Nuevo Catecismo Catolico, Señor No eta Discipulos de Dionisos dira, adibidez, handik sortutako taldeetako batzuk. Paraleloki, baina, 1990eko hamarkadaren hasieran, erdialdean, Donosti Sound delakoa zegoen indarrean. La Buena Vida, Le Mans,Family... Soinu suabeagoa zuen hark, popean, bossa novan eta chansonean oinarritutakoa.
Sortzeko arrazoi ezberdinak
Etxegoieni iruditzen zaio «muturretatik» sortzen direla eszenak: «Edo oparotasunaren edo gabezien adierazgarri izan dira, normalean». Izagirrek Hondarribian eta Irunen sortutakora jo du bere ustea azaltzeko: «Ez zegoen lelo zehatzik; ez geunden zerbaiten alde edo kontra. Esaten genuen asperduraren kontrako erreakzio bat izan zela. Musika gure ihesbidea izan zen». Eta haien herriak mugan egonda, «beste herri batzuekin konparatuta» jaso zituzten beste musika eragin batzuk. Gainera, jaietan-eta Euskal Rock Erradikalak, RRV delakoak, «gainezka» egin zien. «Inkontzienteki bazen ere, saiatzen ginen horretatik aldentzen eta jasotzen genituen eraginetatik ikasten».
Getxon antzeko zerbaitgertatu zitzaien. «Beti egon izan gara kanpora begira, eta saiatu izan gara hori gurera egokitzen; baina ez musikan bakarrik», adierazi du Herasek. «Era berean, garai horretan kultura areto bat sortu zen udalean, eta beti izan ziren rockarekiko irekiak. Inportazioko diskoak erosteko ahalmen ekonomikoa ere bazegoen...». Egun, ordea, dena dago sarean. Horrek, hortaz, eszenak deslokalizatu dituela esaten da. «Baietz» uste du Etxegoienek: «Internet aspaldiko fenomeno global handiena da informazio mailan, eta, horregatik, eremua Internet bera da. Baina horrek badakar post-modernisten ilusio sasi-gauzatu hori: ubikuitatearen dohaina, ilusio hori. Bazaudela han eta hemen, toki guztietan batera». Barandiaran ere ados dago, baldin eta eszena «gauza fisiko moduan» ulertzen badugu. «Garai batean, areto batzuk erreferentzia ziren kontzertu zehatz batzuk ikusterakoan, baina egun, Barakaldoko Rock Starren, adibidez, ikus dezakezu egun batean Queens of the Stone Age, bestean, Napalm Death, eta hurrengoan The Ex... Horrek nahastu egiten zaitu». Pentsatzen du crust-aren, muturreko hardcorearen eszenak badituela bere kontzertu guneak. «Putzuzulo Zarautzen, Mogambo Donostian, Getariako gaztetxea... Horiek mantentzen dute batura bat, leku fisiko bat».
Izagirrek beste aldagai bati erreparatu dio: «Pentsatu nahi dut Internet onerako izan dela, gerturatu dizkigulako Euskal Herrira musika guztiak modu homogeneoan. Demokratizatu egin da. Ez dakit zein neurritaraino hitz egin daitekeen deslokalizazioaz...». Ideia horri beste aldagai bat gehitu dio Herasek: «Bi gauza behar dira eszenak sortzeko: batetik, aretoak, eta, bestetik, egiten dena zabaltzea. Lehen, horretarako, baziren fanzineak, esaterako. Egun, berriz, sare sozialak, foroak, Myspace... Hori oso ondo dago, batez ere talde txikientzat». Halere, uste du aspaldian ez dela sortu eszena indartsurik. «Buenavista aipatu beharko nuke. Ikaragarria zen. Ni harekin identifikatzen naiz erabat».
Egun zailagoa da gune fisiko moduan eszenak sortzea. Sareak bildu ditu. Hortaz, badirudi edozein musika sor daitekeela munduko edozein tokitan. «Bai eta ez. Alde batetik, esaten dugu, alaiki, Internetek berdindu duela mundua, baina ziurrenik sistema metrikoak baino gehiago berdindu du. Baina eraginkortasun guneak betikoak dira», adierazi du Etxegoienek. Barandiaran «baiezkoan» dago: «Mundu globalizatu honetan, modek beste esparru asko albora ditzakete. Egun hainbeste lekutatik jaso ditzakegu gauzak, motibazioak... Eta horrek den-dena nahastu ahal du». Beraz, esaterako, egin daiteke afrikar kutsuko musika eta Alaskan bizi. «Egunero ikus daitezke antzeko adibideak. Behin, gogoan dut errusiar batzuk ikusi nituela bluesa jotzen, eta Louisianakoak bertakoak ziruditen!». Izagirrerentzat, ordea, hori lehen ere gertatzen zen, Internet ez zegoenean: «Kubatarrek beraiek onartuta, Japonian zeuden salsa talde onenetakoak». Barandiaranek eman du beste adibide bat: «Jomes, BAP!!-eko gitarra jotzailea zena, son kubatarreko talde bat egiten dabil euskaraz. Nando de la Casa, berriz, erdi jazz, erdi musika afrikarra lantzen, Leintz Gatzaga eta Gasteizko jendearekin. Beraz, esan daiteke posible dela». Etxegoienek galdera bota du: «Animal Collective afrikar musika al da? Ezetz esango nuke. Javi P3z musika beltza da? Ba... Bai eta ez...» .
Ingurunearen garrantzia
Testuinguruak, ordea, badu bere garrantzia musika sortzerakoan. «Nahita nahi ez, badu inportantzia. Pentsatu izan dut gustatuko litzaidakeela entzutea Berri Txarrak, Lisabo eta era horretako rock talde garaikideak, Kazakhstangoak edo Ipar Irlandakoak, beraien hizkuntzan abesten. Ez dakit badauden, edo ez zaizkigun iristen... Nahiko nuke pentsatu horrelako erreakzioak sortzen direla beste toki batzuetan ere», esan du Izagirrek. Barandiaranen iritziz, «tribu urbanoak, lehen ulertzen genituen bezala behintzat», desagertu egingo dira. «Edozeinek jaso dezake edozer gauza, eta bakoitzak nahi dituen elementuekin egiten du bere osoa». Etxegoienen aburuz, garrantzia dauka, bakoitzaren «zirkunstantzien» arabera: «Baina... inguruneak garrantzia dauka Europako hiri batean? Ba nik kasu gutxi ezagutzen ditut. Afrikatik datozen musikariez hitz eginez gero, esango nuke baietz. Baina joaten zara Dakarrera, eta esango didate nik afrikartzat daukadan musika ez dela afrikarra». Halere, hauxe nabarmendu du: «Erabat british-ak eta yankiak izan garela gu musikari dagokionez. Pop musikaz ari garenean mundu anglosajoiaz ari gara. Aldatuko al da? Maliko musikaz baditugu erreferentzia asko, baina Austriakoaz, adibidez, ezer ez. Eta orain hasi gara Italiakoa edo Frantziakoa ezagutzen... Pentsa, gure gurasoek bazuten bi herrialde horietan egiten zenaren ezagutza...».
Mundu anglosaxoia aipatu du Etxegoienek. Egun, sareak eszenak bildu dituenez, badirudi zailagoa izango dela musika jakin bat garai batekin edo toki batekin identifikatzea. Betiere ingelesez egiten den horretan. Barandiaranentzat hala izan daiteke: «Garai batean ingurune edo une batera mugatzen zenituen disko batzuk. Geroz eta zailagoa da hori. Eskemak apurtzen ari dira». Heras iritzi berekoa da, baina «salbuespenak» badaudela uste du. «Suediar batzuk aditu nituen, hardcore kaliforniarra egiten zutenak. Hangoak eta 1982koak zirela zirudien. Oso ondo egina zegoen. Baina askotan estilo ariketak izaten dira, besterik ez. Bai, zailagoa izango da asmatzea nongoak diren». Izagirreren iritziz ez dago, behintzat, «lehen bezain markatuta».
Izagirrek berak uste du oraindik ere sortuko direla eszenak. «Kontua da nola sortzen diren, edo zeinek. Hori ere bada industriaren nahi bat; alegia, eszena batzuk sortzea beraiei interesgarriak iruditzen zaizkielako». Fokuak aipatu ditu eszenak baino gehiago: «Euskal Herria bera izan daiteke foku bat, Europara edo mundura zabaltzen ari delako. Williamsburgekoa [Brooklynen, New Yorken] hor dago...». Gainera, irizten dio industria bera ari dela «azal berri bat eraikitzen», teknologia berrietara egokitutakoa. «Industriak, ziurrenik, aurkitu du bere tokia saltsa horretan. Eta, horregatik, 1990eko hamarkadatik hona diluituta zegoen underground mugimendu bat sortuko da atzera». Etxegoeinentzat, hiriek eusten diote «beraien nagusitasunari». Halere, Williamsburgekoa baino «argiago» ikusten du Kanadan sortutako eszena. «Zenbat talde ezagutu ditugu aspaldion han ingurukoak... Gabezietatik sortutakoak, seguruenik». Izagirrek pentsatzen du egon badaudela eszenak —«Suedian eta Norvegian-eta egiten den black metalak kristoren indarra du»—, baina informazio gaindosiak «ez du uzten basoaren barruan zer dagoen ikusten». Sareak berak, gaindosi horrek bildu dituelako.
Musika. Eszenen egoera
Sareak bildu ditu eszenak
Musika jakin bat kokagune geografiko batekin, une batekin lot zitekeen garai batean. Badaude adibideak. Iraultza digitalaren leherketak, ordea, identifikazio hori zailtzea edo are desagerraraztea ekarri du, eta Internetek gune fisikoak ordezkatu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu