Guggenheim izena entzun eta berehala, titanioaren distira datorkigu burura. Frank Gehryren itsasontzi formako Bilboko eraikin monumentala, eta, horrekin batera, New Yorkeko hiria eta Frank Lloyd Wright-ek diseinatutako museoaren eraikin zuri-zuria. Arte moderno eta garaikideko lanak gordetzen dituzte biek. Horiekin batera, Veneziako Palazzo Venier dei Leoni jauregia altxorraren kutxa bururatzen zaie batzuei, barnean gordetzen baitu Peggy Guggenheimen bilduma koloretsua. Solomon R. Guggenheim eta Peggy Guggenheim osaba-lobek nazioarteko arte bilduma garrantzitsuak bildu zituzten XX. mendean zehar, bakoitzak bere kabuz: Vasili Kandinski, Marc Chagall, Joan Miro, Pablo Picasso, Rene Magritte eta Jackson Pollock-en lanak bildumatu zituzten, besteak beste.
Guggenheim abizena nazioarteko artista moderno eta garaikide ospetsuen sinonimoa da gaur egun. Abizena marka bihurtu da, eta marka horren izeneko arte frankizia eratu dute. New Yorkeko Solomon R. Guggenheim museoarekin batera, egun beste hiru museo ditu fundazioak Venezian, Bilbon eta Berlinen. Sarea handituz doa eta hurrengo urtetik aurrera Abu Dhabiko (Arabiar Emirerri Batuak) Guggenheim museoa martxan jarriko dute, eta, hemendik urte batzuetara Helsinkiko hiria ere, Finlandiako hiriburua, Guggenheim museoen mapan kokatuko da.
Arkitektura deigarriak eta nazioarteko arte moderno eta garaikideko bilduma distiratsuak dira Guggenheim museoen ezaugarri. Munduko erakunde kulturalen artean bisitarik gehien izaten dituenen artekoa da Guggenheim sarea. Fundazioaren datuen arabera, hiru milioi pertsona inguruk bisitatu dituzte Guggenheim museoak. Titanioaren distira bera izaten dute antolatzen dituzten erakusketa ibiltariek, New Yorketik Bilbora, Veneziara eta Berlinera bidaiatzen dutenek, besteak beste. Hala ere, esan beharra dago sareko museo guztiek ez dituztela tamaina eta ezaugarri berberak.
Guggenheim museoen sarea 70eko hamarkadan sortu zen, New Yorkeko Solomon. R. Guggenheim museoa eta Veneziako Peggy Guggenheim museoak biltzean. Peggy Guggenheimek hil aurretik onartu zuen bere bilduma pertsonala Solomon R. Guggenheim Fundazioari ematea, Veneziako Palazzoan gordetzeko baldintzarekin. 1997an Bilboko eta Berlingo museoak batu zitzaizkion, eta 2013an Abu Dhabikoa ere horren parte izango da inauguratzen dutenean. Bestetik, Berlineko Deutsche Guggenheim museoak Guggenheim izateari utziko dio aurten, urte amaieran. Deutsche Bankek eta Guggenheim fundazioak ez baitute akordiorik berrituko.
Berlingoa ez da izango itxiko duten sareko lehen museoa. 2008an, zazpi urteko ibilbidearen ostetik, Las Vegas hiriko (AEB) Guggenheim Hermitage Museum itxi zuten. Guggenheim Fundazioak, San Petersburgoko (Errusia) State Hermitage Museumekin batera sortu zuen museo txikia Las Vegas Hiriko Venezia hotelean. Fundazio bien bilduma iraunkorretako lanak erakusten zituzten, han batez ere.
Guggenheim fundazioko museoek autonomoki funtzionatzen dute, nahiz eta elkarren arteko harreman estua izan. Berlingo museoa kenduta, beste guztiek, beren bilduma propioa dute, eta urtero aurrekontuaren parte bat erabiltzen dute lan berriak eskuratzeko. Beren bilduma propioetako lanak ez ezik, erakusketa ibiltariak ere izaten dituzte. Batetik, New Yorkeko museoak antolatutakoak erakusteko lehentasuna dute sareko museoek. Eta horrekin batera, beste erakusketa batzuk antolatzen dituzte saretik kanpoko beste kultura elkarte eta erakunde batzuekin batera. Horren adibide da Bilboko Guggenheim museoanikus daitekeen Ispilua alderantziz erakusketa. Erakusketak MACBA Bartzelonako Arte Garaikideko Museoa eta La Caixa Fundazioko bildumen aukeraketa biltzen du. Erakusketak ez ezik, museoek bestelako ekintzak ere antolatzen dituzte: umeentzako tailerrak, artearen ingurukohitzaldiak…
Arte moderno eta garaikideko lanak bildumatzen dituzte Guggenheim museoek. Beren bildumetan dituzte, besteak beste, XX. mendetik aurrerako margoak, marrazkiak, eskulturak, instalazioak, argazkiak eta bideoarte lanak.
Sortzen lehena izan zena, New Yorkekoa, Salomon R. Guggenheimen bilduma gordetzeko sortu zuten XX. mendeko 30eko hamarkada amaieran, eta, 1959az geroztik, Frank Lloyd Wrightek diseinatutako eraikinean du egoitza. Fundazioko altxor askoren etxea da, berton dira Salomon R. Guggenheim, Tannhauser, Panza di Biumo eta Mapplethorpe bildumak, beste batzuen artean. Arte abstraktuko lan bikainak biltzen ditu lehenak. Horien artekoak dira Vasili Kandinskiren Composition 8 eta Robert Delaunayren Simultaneous Windows margolanak. Frantziako inpresionisten eta postinpresionisten lanak biltzen ditu bigarrenak: Paul Cezanne, Edgar Degas, Edouard Manet, Pierre-August Renoir eta Pablo Picassoren lanak, besteak beste. Arte minimalista eta kontzeptualeko lanak dira Panza di Buomo bildumakoak. Azkenekoak, Robert Mappelthorpek hartutako irudiak.
Veneziako palazzoak ere arte abstraktu eta surrealistako bilduma garrantzitsua gordetzen du. Marcel Duchamp, Max Ernst, Kasimir Malevitx, Pablo Picasso eta Jackson Pollocken lanak ikus daitezke berton, beste askorenen artean. Bestalde, XX. mendearen erdialdetik gaur egunera arteko bilduma iraunkorra du Bilboko museoak, Amerika eta Europako gerra osteko eskulturak eta margolanak: Anselm Kiefer, Willem de Kooning eta Richard Serraren lanak dira horietako batzuk. Erakusketak antolatu eta programatzearekin batera, museoek bestelako jarduera kulturalak antolatzen dituzte, hala nola umeentzako tailerrak eta artearen inguruko hitzaldiak.
Helsinkiko hiritarrak aurka
Distirak liluratu ditu munduko zenbait hiri eta asko dira gaur egun Guggenheim marka etxera eraman nahi dutenak. Helsinki izango da Guggenheim sarera biltzeko hurrengo hiria, Bilboko museoak eskaera onartu baitu. Baina hiri hartako agintarien eta herritarren gogoak ez datoz bat. Helsinkiko herritarren %75 Guggenheim museoa eraikitzearen kontra agertu dira Helsingin Sanomat egunkariak argitaratu duenez. Helsinkiko museoa eraikitzeak 140 milioi euro inguru balioko du, eta, kalkulatu dutenez, 14,5 milioi euro behar izango ditu urtero funtzionatzeko. Gainera, Helsinkiko hiriak 22 milioi euro ordaindu beharko dizkio Salomon R. Guggenheim fundazioari hurrengo hogei urtetan Guggenheim izena erabili ahal izateko.
Sarearen distira
Guggenheim Fundazioko museoek eraikin monumentalak dituzte, eta nazioarteko arte moderno eta garaikideko izen handiko artisten lanak biltzen dituzte. 2013an zabalduko dute bosgarrena Abu Dhabin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu