Sarri arrakalatutako sariak

Joseba Sarrionandiari irabazi duen Euskadi sariko dirua atxikitzeko erabakiaren aurkako iritzia agertu dute hainbat idazlekSarietan parte hartzeko liburuak aurkeztu behar direla dioen araua ere oso kritikatua da

Euskadi Literatura sarien iazko ekitaldiko sarien banaketa, Donostian. ANDONI CANELLADA.
Juan Luis Zabala
Donostia
2011ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Lehendik ere idazle gehienen onespena bereganatzetik urrun baldin bazeuden, haiengandik are urrunago eraman dituen beste arrakala bat sortu dute aste honetan Euskadi Literatura sariek. Jakina denez, Joseba Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean? saiakerak saria ondo merezia duela aitortu arren, sariarendirua —18.000 euro— oraingoz «atxikitzea» erabaki du Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, «saridunak justiziaren aurrean bere egoera erregularizatu arte». Saiakera arloko Euskadi sarietako epaimahaiburu Ainhoa Larrañagari ez zaio ondo iruditu erabaki hori, eta Sarrionandiaren familiak «behar den zuzenketa» egiteko eskatu dio Jaurlaritzari, idazleak justiziarekin ebazteko dagoen auzirik ez duela gogorarazita.

Jaurlaritzaren erabakiak ez du sortu idazleen aldetik protesta antolaturik, baina hala hedabideetan nola Interneteko foro eta sare sozialetan desadostasuna agertu dute idazle askok. Ander Iturriotzen ustez, adibidez, «anakronikoa» da Jaurlaritzaren erabakia. «Ez dakit Sarrionandiaren familiaren abokatuek ez ote dezaketen auzibidean jarri Jaurlaritza, legedian ez baita inoiz bereizten sariketa eta sariketaren dirua, eta hori da modu erabat arbitrarioan hautsi dutena. Argudiatu dute Justiziarekin dauzkala betebeharrak eta horiek kitatu arte ez diotela dirua emango. Baina Jaurlaritza ez da nor hori erabakitzeko, ez baitaki Sarrionandiak Justiziarekiko betebeharrik daukan edo ez. Gainera, zuzen eta zorrotz aztertuko bagenu, Sarrionandiaren lege-hausteak preskribatuta daude dagoeneko».

«Beste testuinguru batean» ulertu behar da Jaurlaritzaren erabakia, Iturriotzen ustez, «une politikoaren barruan». Sarrionandiaren «soslai politikoa» izan da Jaurlaritzakoak erabaki hori hartzera bultzatu dituena. Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria da Iturriotz, baina EIEk gaiari buruzko iritzi ofizialik ez duela argitu du, berak adierazitakoak bereak baino ez direla. «Aspaldi erabaki genuen horrelako gaiez elkartearen izenean iritzirik ez ematea, bazkideen artean sentiberatasun asko daudelako».

Iban Zaldua idazle eta Euskadi sariaren irabazleak ere ez du ontzat eman Jaurlaritzaren erabakia. «Uste dut Jaurlaritzak ausartago joka zezakeela», dio. «Liburuak aurkezteko baldintza guztiak betetzen bazituen, berdin saria jasotzeko. Jakina, ulergarria da erdibidean gelditzeko nahi zuhur hori, sariak ekarri duen kalapita mediatikoa kontuan hartuta, batez ere Espainiako ultraeskuinaren aldetik. Baina gobernu batek ausart jokatu behar du une batzuetan, eta honek une horietako bat izan beharko luke. Azken finean, sari literarioek, teorian behintzat, obren kalitatea izan beharko lukete oinarri, ez egilearen zintzotasuna, doilorkeria edo kokapen politikoa. Halako erabakiekin demostratuko litzatekeena zera da, sariekin beste zerbait islatu nahi dela, ez soilik literatur produkzio jakin baten emaitzen nolakotasuna».

«Saria, nire ustez, guztia da», dio, ildo beretik Jorge Gimenez Bech idazle, itzultzaile eta Euskal Editoreen Elkarteko lehendakariak. «Ez bakarrik onespena; baita sariarekin batera doana ere, hau da, dirua. Logikoena eta normalena diru hori ere sarituari entregatzea litzateke». Dena den, Gimenez Bechek ohartarazi du ez dela ausartzen epaitzen dirua atxikitzeko erabakia zuzena den edo ez. «Nik ezin dut baloratu zer arazo legal egon daitezkeen. Arrazoi legalik ez baldin badago, familiak adierazi duena egia baldin bada, orduan bai, sariko dirua ematea izango litzateke zuzenena, koherenteena eta logikoena».

Edorta Jimenez idazlearen ustez, Euskadi sariak «nolako zirkua diren» utzi du agerian Jaurlaritzaren erabakiak. «Urtero ematen dute ikuskizunen bat. Ikusi da idazlea besterik gabe ez dela inor, denok garela idazlea eta beste zerbait. Argi geratu da herri honetan pertsona batzuek ez dutela ez eskubide zibilik eta ez eskubide literariorik. Jar dezatela arauetan idazlearen aurrekariak begiratuko dituztela. Nik neuk, adibidez, hauteskundeetara aurkezteko eskubidea kenduta daukat eta ez dakit zergatik, horretarako ez bainau ezein epailek epaitu».

Sarrionandiaren sariaren dirua atxikitzeko erabakitik harago, sarien planteamendu orokorrak huts egiten du Jimenezen ustez. «Ezinezkoa da sari hauek literaturaren errealitatea islatzea, ez direlako euskararen nazioarenak. Euskarazko eta gaztelaniazko liburuak batera doaz, politically correct izateko asmotan, eta horregatik batzuek ez diogu ez hankarik ez bururik ikusten sari hauei. Orain are gutxiago, jakina».

Aldaketarako proposamena

Euskadi Literatura sarien azken bi urteetako ekitaldietan norbaitek —dela idazleak berak, dela argitaletxeak, dela beste edozein pertsona edo elkartek— egilearen baimenarekin aurkeztutako liburuak baino ez dira izan sarietarako aintzat hartuak. Lehen, aitzitik, aurreko urteko liburu guztiak ziren aintzat hartzekoak, nahiz eta gero baimena eskatzen zitzaion egileari. Arauen aldaketa hori ez zen, oro har, idazle eta editoreen gustukoa izan. «Nik uste dut urte batean argitaratutako guztia sartu beharko litzatekeela lehian», dio Zalduak. «Baldintzarik gabe, ezta finalista izateko ere. Gero, sarituak ez badu saria jaso nahi, edo jasotze ekitaldia bera auskalo zer aldarrikatzeko erabili nahi badu, ba ze egingo zaio. Saria ematen duenak halakoak asumitu beharko lituzke».

Euskal Editoreen Elkartea eta Euskadiko Editoreen Elkartea arau batzuen aldaketarako proposamena adosten ari dira. Aldaketa horiek gauzatzen badira, liburuak sarietara aurkezten jarraituko dira, baina aurkeztu gabeko liburuak ere aintzat hartu ahal izango ditu epaimahaiak. Azken erabakia hartu gabe badago ere, Kultura Saila prest agertu da aldaketak onartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.