Zortzi bertsolari igo ziren BECen oholtza gainera, eta haietatik bakarrak jantzi zuen txapela, nahiz eta guztiek lan bikaina egin. Eguna sufritu ez ezik, gozatu ere egin zuten guztiek, baina atzokoa berezia izan zen Aitor Sarriegi eta Igor Elortzarentzat, azken finala baitzen.
Ehunka plazatan ibilia da Elortza, eta bost alditan izan da Bizkaiko txapeldun; lau alditan heldu da taxpelketa nagusiko finalera, azkena atzokoa. BECeko saio bukaeran agurtu zituen bertan bildutakoak, zapore gazi-gozoa ahoan: "Agur nik ere agur / gaur txapelketari".
Elortzak ez ezik, azken txapelketa izan zuen atzokoa Aitor Sarriegik ere. "Aurkitu ahalko nauzute / maite ditudan gauzetan / eta horien arten / euskal herriko plazetan", esanez agurtu zituen bertan bildutakoak. Hirugarren finala zuen aurtengoa Beasaingoak.
Bertsozale Elkarteko lehendakari Iñaki Muruak ere agur esan zion karguari. Hamabi urte egin ditu bertan, eta gustura agertu da egindako lanarekin. "Niretzat ere azkeneko finala izango da. Zortziekin une hau konpartitzea polita da".